Asilo eskaerak tramitatzen hasi da Grezia, mugak hilabetez itxita eduki ostean

Atenasek 125.000 eskari jaso ditu dagoeneko. Polonia eta Hungariaren aurka ebatzi du Europako Justizia Auzitegiak, 2015ean migratzaileak ez hartzeagatik

Migratzaile talde bat Lesbostik Pireoko portura eramango dituen ontzira igo zain. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Migratzaile gehiago hartu ezin zituela argudiatuta, Turkiak bere muga zabaldu eta berehala Greziak berea itxi zuen. Martxo hasieran izan zen hori, eta jarraian iragarri zuten eten egingo zutela asilo eskaeren tramitazioa. Hala, mugako migratzaileek berriz ere Turkiarako bidea hartu eta egun gutxira, asilo eskaerak jasotzen hasi da berriz ere Atenasko gobernua. Atzo gobernuak jakinarazi zuenez, 125.000 eskaera dituzte aztertu zain, eta beste 90.000 asilo eskatzaile elkarrizketatu dituzte, baina horiei buruzko erabakiak hartzeke daude.

Migrazio eta Asilorako ministro Notis Mitarachik defendatu egin du asilo eskariak eten izana, argudiatuz «lege oinarria» zutela horretarako. Erabakiak gobernuz kanpoko erakundeen eta giza eskubideen aldeko elkarteen gaitzespenak eragin zituen, baina ez hala Europako Parlamentuko Justizia eta Barne Gaietarako Askatasun Zibilen Batzordeko kideena. Hain zuzen ere, Ylva Johansson Segurtasun Gaietarako Batzordeko arduradunak txalotu egin zuen Grezia, migratzaileen auzian hartutako jarreragatik. «Garai hauetan garrantzitsua da giza eskubideak eta gure balioak defendatzea».

Bestalde, «Greziaren presioa arintze aldera», batzordeak iragarri du uharteetara bakarrik heldutako 1.600 adingabe lekualdatuko dituztela datozen egunetan. Horrez gain, jakinarazi dute orotara 2.100 direla lekualdatzeko prest dauden adingabeak. Gazte horiek hartzeko prest agertu diraLuxenburgo, Danimarka, Frantzia, Portugal, Irlanda, Finlandia eta Kroazia.

Bete gabeko akordioa

Hain zuzen ere, Txekiako Errepublika, Hungaria eta Poloniaren aurka ebatzi zuen atzo Europako Justizia Auzitegiak, migratzaileak hartzeari uko egiteagatik. 2015ean milaka izan ziren kolpetik Italia eta Greziara heldu ziren iheslariak, eta bi herrialdeen harrera zerbitzuak kolapsatu egin ziren. Hori dela eta, Europako Batasunak «larrialdiko plan bat» jarri zuen abian 160.000 iheslari estatu kideetara lekualdatu ahal izateko. Hungariak, Poloniak eta Txekiako Errepublikak, ordea, uko egin zioten, «ordena publikoari eta segurtasunari eusteko zailtasunak» izango zituztela argudiatuta.

Auzitegien arabera, ordea, halako zerbait argudiatu ahal izateko banaka aztertu beharko lukete asilo eskari bakoitza, eta «arrazoizko elementu zehatzak identifikatu», pertsona jakin hori edo horiek «arriskutsuak» direla ondorioztatzeko.

Gainontzeko herrialdeek ere ez zuten hitza bete, eta soilik 35.000 asilo eskatzaile hartu zituzten. Europako Batzordearen arabera, «hautagai posible» gehiago ez zegoelako gertatu zen hori. Orain Brusela akordio hura berritzeko lanetan ari da, baina gaur arte ez du lortu denen gustukoa izango den proposamenik. Hala ere, iragarri du Aste Santuaren ondoren aurkeztuko duela asilo eskaeren inguruko akordio berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.