Likudek Zisjordania gehiena anexionatzeko lege bat aurkeztu du

Netanyahuk «Israelen subiranotasuna aplikatu» nahi du juduen kokaguneetan, Jordan haranean eta Itsaso Hilaren iparraldean. AEBetako presidentearen babesa ere beharko du arrakasta izateko

Gizon bat Zisjordania hegoaldeko Hebron hirian jakiak saltzen, iragan astean. ABED AL-HASHLAMOUN / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Benny Gantzekin adosturiko akordioan eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak iragan urtarrilean aurkezturiko Ekialde Hurbilerako planean oinarrituta, Benjamin Netatanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak beste pauso bat eman du palestinarren lurrak bereganatzeko asmoan: Likud haren alderdiak Zisjordania gehiena anexionatzeko lege proiektu bat aurkeztu du dagoeneko parlamentuan.

Azken hauteskundeen kanpainan adierazi zuenez, Netanyahuk «Israelen subiranotasuna aplikatu» nahi du palestinarren lurretan, eta, herenegun ezagutarazitako testuaren arabera, honako eremu hauek ditu helburutzat: juduen kokaguneak, Jordan ibaiaren harana eta Itsaso Hilaren iparraldeko eremua —Zisjordania ekialdean dago—.

Jarduneko lehen ministroak badu nahikoa babes parlamentuan neurria onartzeko, eta, hortaz, AEBen, nazioarteko aliaturik indartsuenaren oniritzia besterik ez zaio falta. Trumpen iragan urtarrileko planaren edukia kontuan hartuta, Netanyahuk ez luke arazorik izan beharko: «Konfiantza dut bi hilabeteko epean aitortuko dela Israelen Zisjordaniaren gaineko subiranotasuna», adierazi zuen herenegun Israelgo jarduneko gobernuburuak, Etxe Zuriari erreferentzia eginez.

Duela bi aste, Netanyahuk eta Gantzek koalizio gobernu bat eratzeko ituna lortu zuten, eta, horri esker, urtebeteko blokeo politikoa amaitu egin zen. Adostasunaren arabera, Israelek Zisjordania anexionatzeko legedia uztailaren 1ean bozkatu beharko du goizenik; beraz, akordio hori errespetatuko balu, Israelgo jarduneko lehen ministroak bi hilabete itxaron beharko luke lege proiektua onar diezaioten.

Horrez gainera, Washingtonek Tel Avivi eskatu zion pauso erabakigarririk ez egiteko anexionatu beharreko eremuei buruzko mapa osatu arte; Trumpen planak Zisjordaniaren %30 anexionatzea aurreikusten du, baina duela lau hilabete eman zituen azalpenetan ez zuen eman eremu zehatzari buruzko xehetasun handirik.

AEBak jarraitu ala ez

Likuden, ordea, badira sektore batzuk anexioaren auzia AEBen planetik banandu nahi dutenak, eta parlamentuan horri buruzko bozketa berehala egin nahi dutenak, jarduneko gobernu bat dagoen arren karguan. Horien interesen ikuspuntutik, jokaldi arriskutsua litzateke, Etxe Zuriak anexioa babestuko baitu soilik AEBetako presidentearen planaren testuinguruan bada.

«Lege proiektuak subiranotasuna aplikatuko dio Judeari, Samariari eta Jordan haranari, Israelgo Estatua kolokan jarriko lukeen Palestinako Estatu baten aitorpenik egin gabe», adierazi zuen herenegun juduen kokaguneak biltzen dituen Yexa Kontseiluaren buru David Elhayanik.

Esan horiek agerian utzi zuten badirela desadostasun batzuk mugimendu sionistan, AEBen planak palestinarrentzako estatu bat aurreikusten baitu. Hori bai, Palestinako agintariek onartzeko ia ezinezkoak diren baldintzak ezarrita; izan ere, Israelen hamarkadotako aldarrikapenak onartzera behartzen ditu: Jerusalem Israelen hiriburutzat aitortzea, eta orain arte eraikitako kokaguneak desegiteko helburua bertan behera uztea, adibide batzuk aipatzearren. Hortaz, Palestinako Estatua Zisjordaniak eta Gazak osatuko lukete, eta biak tunelen bidez leudeke konektatuta.

Hori onartzearen truke, Trumpek 44.000 milioi euroko inbertsio bat egingo luke Ekialde Hurbilean; kopuru horretako 25.000 milioi izango lirateke Palestinarentzat. Agintariaren arabera, ia milioi bat lanpostu sortuko lirateke, eta barne produktu gordina hirukoiztu egingo litzateke.

Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko asmoari buruz, Arabiar Liga oso kritiko agertu zen iragan astean: «1967an okupaturiko Palestinako lurraldeak anexionatzeko Israelgo Gobernuaren planak gerra krimen gehiago lirateke, nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak urratuko bailituzkete». Likuden arabera, ordea, eremu horien anexioak «arrazoi estrategikoak eta politikoak» ditu.

Etorkizun politikoa jokoan

Anexioari buruzko lege proiektuaz gain, jarduneko gobernuburuaren etorkizun politikoak oihartzun politikoa izan du egunotan. Israelgo Auzitegi Gorenak herenegun abiatu zuen herrialdea berriz hauteskundeetara eraman dezakeen auziaren inguruko eztabaida: Netanyahuk lehen ministro karguan jarraitu dezakeen, inputatuta dagoen arren.

Epaimahaia 11 epailek osatzen dute: atzo entzun zituen aldeko eta kontrako azken argudioak, eta gaur edo bihar emango du erabakiaren berri. Legediaren arabera, inputatuta dagoen inor ezin da ministro izan, baina ez du zehaztapenik egiten gobernuburu karguaz.

Gantzek eta jarduneko gobernuburuak adosturiko itunaren arabera, epaia kontrakoa balitz herrialdean bozetara deitu beharko litzateke berriz, urtebetean laugarrenetara. Aldekoa balitz, Netanyahuk 2021eko urrira arteko jarraituko luke lehen ministro karguan, eta orduan hartuko luke kargu hori Gantzek —bitartean, Defentsa ministro eta lehen ministrordea izango da—.

Parlamentua etzi da biko gobernatze modu berri hori ahalbidetzeko zuzenketak bozkatzekoa; bi agintariek adosturiko ituna ere aztertzen aritu da Gorena, Netanyahuk Gantzi kargua uztea legezkoa den aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.