Alberto Nuñez Feijook berriz ere erakutsi du aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialen aurrean gogor eusteko gai dela. Oraingoan, koronabirusak sorturiko ezohiko egoera, krisi ekonomiko baten atarian egotea eta Voxen gorakada zituen mehatxu nagusi, baina Galiziako Alderdi Popularraren (PPG) presidentegaiak bizirik irauten jakin du, eta ez edozein moduan: Manuel Fraga ministro frankista eta Galiziako presidente ohiaren markara iritsita, gehiengo osoa lau aldiz jarraian lortuta. Boto batzuk galdu dituen arren, Feijook bere hartan jarraitzen du, gero eta aldagai gehiago dituen errealitate politiko baten erdian: «Politikan rara avis bat da», Jose Rama politologoaren iritziz.
PPG laugarrenez jarraian izan da boto gehien jaso dituen alderdia; halere, herenegungo garaipena berezitzat jo daiteke, Feijook kanpainan PPren siglak ezkutatu baititu, Pablo Casadoren estrategiarekin dituen desadostasunen erakusle. Finean, Galiziako jarduneko presidentea marka propio bat da, 11 urte egin ditu agintean, eta, onerako eta txarrerako, herritarrentzat politikari ezaguna da. Ez hori bakarrik: gehien balioesten duten agintaria ere bada.
«Aurtengo garaipena 2009koa baino garrantzitsuagoa da. Egonkortzearena da, hain zatituta dagoen paisaia politiko batean. Egindako apustuaren garaipena da; horregatik esan zuen atzo [herenegun] gauean, emaitzak ospatzeko diskurtsoan, ez zela nahastu Galiziaren aldeko hautua egitean», uste du Ramak.
2009ko bozetan, Feijoo lehen aldiz aurkeztu zen Xuntarako presidentegai gisara, eta 2005ean galduriko gehiengo osoa berreskuratu zuen bere alderdiarentzat: 38 eserleku, eta 789.427 boto. 2012ko bozetan, krisi ekonomikoaren testuinguruan, ordezkaritza 41 diputatura igo zuen, nahiz eta boto kopurua 661.281era gutxitu (-128.146); lau urte geroago, 2016an, aulki kopuruari eutsi egin zion, eta haren aldeko babesak gora egin zuen berriz, 682.150era (+20.869).
Aurten, atzerriko botoen zain, 41 ordezkaritan geratu da berriz ere, nahiz eta boto kopuruan pixka bat behera egin, 625.182ra, bere inoizko txikienera (-56.968); gainera, parte hartzeak bost puntu egin du gora. Laburbilduta, 2009tik hona 164.245 boto galdu ditu PPGren hautagaiak.
Galerak galera, bere figurak duen pisu politikoa eta presentzia mediatiko erraldoia nahikoa izan dira garaipena errepikatzeko, eta alderdi barruan bere eragina eta indarra sendotzeko. «Feijook ez luke berdin funtzionatuko Galizian eta Espainian. Horrek eragina du bere erabakietan, eta Casadoren aurrean. Hauteskunde gaueko esaldi bat horri begirakoa izan da, tonu ironikoan eskerrak eman baitzituen hautagaitza aurkezten uzteagatik», dio politologoak.
Galiziako jarduneko presidentearen inguruan, Espainiako politikagintzara salto egiteko aukera egon da askoren ahotan, 2016an gertatu bezala. Gehiengo osoa laugarrenez jarraian lortzeak nabarmen sendotu du aldaketa horretarako beharrezko oinarria, baina, Ramaren arabera, Feijoo Galizian geratuko da, eta, kanpainan adierazi bezala, honako hau bere azken agintaldia izango da.
«Nik sinistuko nuke azken lau urteak direla. Gizon zentzuduna da, azkarra, badaki bere unea noiz hasi eta noiz amaitzen den. Eta, are garrantzitsuagoa dena, agintaldi honetan jakingo du bere ordezkoa sustatzen. PPGk gaurtik hasi behar du etorkizunean pentsatzen».
Hain justu, PPGren hautagaiak atzo eguerdian egindako agerraldian adierazi zuen asmatu egin zuela Galizia aukeratzerakoan: «Erabaki zuzena izan da. Galiziari ez badiozu huts egiten, Galizia beti oroituko da zutaz. Galiziak argi eta garbi adierazi du zer izan nahi duen eta zer izan nahi ez duen». Hortaz, badirudi Galiziako jarduneko presidenteak oraingoz ez duela salto hori egiteko asmorik, eta agintaldi hau betetzeko asmoa duela.
Ezkerreko indarren oreka
Feijooz gain, hauteskundeetako beste protagonista nagusia Ana Ponton izan da, Bloke Nazionalista Galiziarraren (BNG) presidentegai eta bozeramaile nazionala. Emaitzen aldetik, pozteko moduko eguna izan zuten atzo Galiziako nazionalistek, sei ordezkaritik hemeretzira igo baitziren. Halere, herenegun gauean horien balorazioa egitean erakutsitako seriotasunak agerian utzi zuen bozetako helburua ez zutela guztiz bete.
Pontonek berak atzo goizean aitortu zuen, TVEko Los Desayunos saioan, Feijoorekiko «gehiengo alternatibo bat osatzeko» itxaropena zutela, eta, «emaitza historikoak» lortu arren —inoizko diputatu kopururik handiena—, hauteskundeak gazi-gozoak izan direla. Halere, Ramaren iritziz, BNGren bozeramaile nazionalak «aldaketa sakon bat» lortu du blokearentzat, eta gai izan da horren alde bozkatzen ez zuen jende asko mobilizatzeko: «BNG izan da proposamen gehien egin dituena, Feijoo gehien estutu duena, egoera gehien baliatzen saiatu dena. [Pontonek] Apustu moderatua egin du, eta lan egiten jakin du».
Galiziako nazionalisten gorakadarekin, ezkerreko indarren oreka aldatu egin da. BNG da oposizioko indar nagusia, 2000ko hamarkada hasieratik lehenengoz; besteak beste, Galiziako Alderdi Sozialistaren «proiektu faltak» eta Galicia en Comun-Anova Mareas (GeC) koalizioaren barne gatazkak lagunduta.
«PSOEren kasuan, duela hiru astera arte inork ez zekien nor izango zen hautagaia. Eta, gainera, [galiziarrek] gutxien ezagutzen duten presidentegaia da. Inork ez du marka hori ezagutzen. Ez du aurpegirik; ezin dio Feijoori aurre egin. Indarrak berreskuratu nahi baditu, zentroko boto emaileak irabazi beharko ditu, horiek PPGri kendu», uste du politologoak.
Podemosen presentzia
GeCren porrotaz, 2016an hamalau diputaturekin oposizioko indar nagusi izan eta egun ordezkaritzarik gabe geratu izanak agerian utzi du, Ramaren iritziz, herenegungo hauteskunde eguna «atzera bueltakoa» izan delaezkerreko sektore horrentzat, baina baita oro har Galiziako politikarentzat ere.
«Podemosek ez du sustrairik Galizian. Argi geratu da Mareas mugimendua zela indartsua, eta ez Podemos. Hura [Mareas] alderdi nazionalista bat zen, ezkerreko kutsuak zituena, transbertsala, alternatiba izateko gai zena. Baina hori 2016an izan zen. Halere, ez dut uste eraginik izango duenik Espainiako koalizio gobernuan; ezin dira Galiziako emaitzak Espainiara estrapolatu».
Galiziako bozak. Biharamuna
Feijoo «'rara avis' bat» da
PPGren presidentegaiak dio asmatu egin duela Galizia aukeratzean: «Erabaki zuzena izan da». BNGk emaitza gazi-gozoa dela aitortu du, gora egin duen arren ez delako «alternatibarik» osatu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu