Albistea entzun

Allende erorarazteko AEBek harturiko erabakia azaleratu dute agiri ofizialek

Nixonen eta Kissingerren arteko 1970eko elkarrizketak ezagutarazi dituzte. Ahal zuten «guztia» egiteko asmoa zuten Txileko presidentea agintetik kentzeko
AEBetan sekretupetik ateratako agirietako bat: «Ahal dugun guztia egin behar dugu [Allenderi] kalte egiteko eta hura erorarazteko».
AEBetan sekretupetik ateratako agirietako bat: «Ahal dugun guztia egin behar dugu [Allenderi] kalte egiteko eta hura erorarazteko». NSA ARCHIVE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko azaroak 13

Estatuaren sekretu zigilua kendu diete agiriei AEB Ameriketako Estatu Batuetan, 50 urte igaro ondoren, eta mundu osoak zekiena baieztatu dute: AEBetako Gobernuak txiletarrek demokratikoki aukeraturiko presidente Salvador Allende erorarazteko erabakia hartu zuen 1970. urtean. Hiru urte geroago, Augusto Pinochet jeneralak estatu kolpea jo zuen presidentearen aurka.

Richard Nixon errepublikanoa zen orduan Etxe Zuriko maizterra. Agiriek erakusten dutenez, urte horretako azaroaren 5etik 9ra, bolo-bolo ibili zen Allenderen gaia Washingtongo botereguneetan. Elkarrizketa horietako protagonista nagusietako bat Henry Kissinger orduko Segurtasun Nazionalerako aholkularia izan zen. Harentzat, Allenderen gobernua «kontinente honetan inoiz gertaturiko erronkarik larrienetako bat» zen, azaroaren 5ean bidalitako mezuetako batean adierazi zuenez. Arazoa AEBen eta Txileren arteko harremanez haragokoa zela esan zion Nixoni, eta ohartarazpena egin zion: «Horrekin zer egin ebaztea, baliteke aurten hartu beharko duzun erabakirik historikoena eta zailena izatea».

Allende «marxista gogor eta kementsua» zela adierazi zuen Kissingerrek, eta AEBen oso aurkakoa. Txilen estatu sozialista eta marxista ezarriko zuela, eta, besteak beste, Sobietar Batasunarekin eta Kubarekin batera AEBek Amerikan zuten itzala ahultzen saiatuko zela ohartarazi zion. Horregatik, Allenderen agintea sendotzea eta egonkortzea galaraztea aholkatu zion. Pentagonoak eta CIAk Allende etsaitzat definitu zuten. Zerbitzu sekretuetako buru Richard Helmsek txosten bat aurkeztu zuen, eta Txileko militarrek Allendek kargua hartzea galarazteko eginiko saio zapuztuen berri eman.

Orduan, domino fitxen doktrina dogma zen Washingtonen. Horren arabera, herrialde batek sozialismoaren aukera eginez gero, horrek berekin ekarriko luke beste batzuk banan-banan erortzea atzetik. Azaroaren 6an, Kissingerren eta Helmsen txostenetan oinarrituta, Nixonek adierazi zuen militarrak zirela egoerari buelta emateko aukera. «Militarrak dira gure eraginpeko boteregunea. Lagundu egin behar diegu». Txilez harago, Brasilgo eta Argentinako militarrak ere gogoan zituela esan zuen Nixonek. «Latinoamerikan ezin diegu pentsatzen utzi ihes egiteko aukera dutela».

Kezkatuta zegoen Nixon, herrialdeotako politikari berriekin: «Beste kumaldi batekoak dira. Amerikaren [AEBen] kontrakotasuna erabiltzen dute agintera heltzeko. Allenderekin zintzo ari garela eman behar du azalean, baina gogor jokatuko dugu bestela».

Bilera berean egon ziren Melvin Laird Defentsa idazkaria eta barne politikaren arduradun William Rogers ere. «Ahal dugun guztia egin behar dugu Allenderi kalte egin eta hura agintetik kentzeko», adierazi zuten.

Botoen bidez lehena

Latinoamerikan boterera botoen bidez heldu zen lehenengo marxista izan zen Allende. Txileko Alderdi Sozialistaren sortzaile eta kide izan zen urte luzez. Hainbatetan aurkeztu zen Txileko presidentetzarako, baina, azkenean, 1970ean lortu zuen, ezkerreko alderdien Unidad Popular koalizioaren eskutik. Industria handia nazionalizatzeko eta langileen bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartu zituen boterera heldu zenean. Baina eskuinak antolaturiko boikot kanpainei aurre egin behar izan zien.

Militarrek, AEBen sostenguarekin, estatu kolpea jo zuten 1973. urteko irailaren 11n. Allendek uko egin zion kargua uzteari, eta presidentearen jauregian bere buruaz beste egin zuen, militarren esku ez erortzeko.

Txile militarren diktadurapean egon zen 1990. urtera arte. Neoliberalismoaren esperimentu gunea bihurtu zen. Diktadurak gutxienez 3.000 herritar hil eta desagerrarazi zituen.

Herrialdeak oraindik ez ditu zauriak itxi. Horren lekuko dira azken hilabeteotan han gertaturiko istilu larriak. Herritarren matxinadak eraginda, diktaduraren garaiko konstituzioa ezabatzearen inguruko erreferenduma egin zuten urriaren amaieran, eta %78k baino gehiagok babestu zuten prozesu konstituziogile bati ekitea.

Txilek laugarren konstituzioa idatziko du datorren urtean, eta, aurrekoetan ez bezala —1833koan, 1925ekoan eta 1980koan—, herritarrek hautatutako batzorde batek izango du horren ardura. Gero, herritarrek berretsi beharko dute testua, bozketa bidez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ANDER PEREZ ZALA

«Simeonik alde bakarrez erabaki du gure kontratua amaitzea, eta hori hutsegite bat izan da»

Ander Perez Zala (berriemaile berezia)

Korsikako buruzagi independentistak aitortu du ez zeudela prest Pe a Corsica koalizioaren zatiketarako, baina bigarren itzulian berriz elkartzeko aukerak badaudela dio.

Gazte palestinar bat atz Betleemengo protestetan. / ©Abed al Hashlamoun, EFE

Gaza bonbardatu du Israelgo armadak

Arantxa Elizegi Egilegor

Hiru misil jaurti dituzte gerra hegazkinek. Lehen erasoaldia izan da, maiatzaren 21ean adostutako su-etenaz geroztik.

Fatou Bensouda, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusia. ©EVA PLEVIER / EFE

Hagako fiskaltzak Filipinetako Gobernua ikertzeko eskatu du

Arantxa Elizegi Egilegor

Rodrigo Duterte presidenteak ohartarazi du ez duela parte hartuko bere aurkako ikerketan

<em>Banderen martxa</em> mobilizazioarekin bat egin zuten zenbait, atzo, Damaskoko Atean, Jerusalemen. ©ABIR SULTAN / EFE

Tentsioa itzuli da Jerusalemera, martxa sionista baten ondorioz

Julen Aperribai

Israelgo Poliziak Damaskoko Atetik kanporatu ditu arabiarrak, eta hamazazpi palestinar zauritu ditu. Gazatik su puxikak bidali dituzte, eta suteak eragin mugaz bestalde

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.