Espero bezala, atzera egin du

Espainiako Federazioak uko egin dio azkenean Realaren eta Athleticen arteko Kopako finalean zaleak egoteari. Adierazi du beti hartu dituztela kontuan osasun irizpideak

Athleticeko eta Realeko jokalariak lehian, ligako partida baten. MIGUEL TOÑA / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Azkenean ez da zalerik izango apirilaren 3an Realak eta Athleticek Sevillako Cartuja futbol zelaian jokatuko duten Espainiako Kopako finalean. Espainiako Futbol Federazioak uko egin dio aukera horri. Atzera egin du herenegun zuen asmoan, eta hori berretsi zien atzo Madrilen egindako bileran bi klubetako ordezkariei. Urgentziazkoa zen bilera informazio bilera bihurtu zen.

Herenegun deitu zituen bi taldeak bilera horretara Federazioak. Eta berehala zabaldu zen eztabaidagai zela Cartujan publikoa egoteko aukera. Luis Rubiales presidentearen asmoa zen, zehazki, zelaiaren edukieraren %20-25 artean betetzea: 12.000 eta 15.000 zale bitartean. Baina, koronabirusaren pandemiagatik ezarrita dagoen itxiera perimetrala tarteko, hemengo zaleek ezingo zuten hara joan. Hau da, Andaluziakoak bertakoak izango ziren zale guztiak.

Proposamenak harrabotsa eragin zuen. Hemengo zaleen artean, ezin ulertua, eta Andaluziako Realzale eta Athleticzaleen artean, harridura eta ilusio txiki bat. Baina berehala zapuztu zen asmoa. Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak argi adierazi zuen. «Ez da egokia publikoa sartzea, ezta komenigarria ere. Eta guk zalerik egon ez dadin egingo dugu lan». Bide beretik mintzatu zen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. «Ez da garai ona zaleak estadioetan sar daitezen bultzatzeko». Horren inguruan hitz egiten azkena Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen, atzo. «Kopako finala baino partida garrantzitsuagoa da birusaren aurka duguna. Partida hori norberak jokatu behar du, arduratsu izanda».

Atzoko adierazpenak egin eta gutxira iritsi zen Espainiako Futbol Federazioaren oharra. Bertan, eta arratsaldeko bilerak emango zuenari itxaron gabe, uko egin zion finalean zaleak sartzeari, eta azken asteetan emandako pausoen berri ematen zion.

Federazioak azaldutakoaren arabera, azken asteetan hainbat bilera egin zituzten Andaluziako Osasun Sailarekin. «Bilera horietan, Sevillako datu epidemiologikoak aztertu genituen, besteak beste. Azterketa horren ostean, osasun administrazioko arduradunei jakinarazi genien partidan publikoa egoteak eragiten zuen arriskua moderatua zela, eta, beraz, posible zela edukiera mugatuarekin zaleak zelaian egotea». Baina edozein erabaki hartzerakoan «osasun agintarien agindu eta gomendioak» kontuan hartuko zituztela.

Ondoren, oharrak dioenez, federazioa Realarekin eta Athleticekin jarri zen harremanetan, eta bi klubek adierazi zioten hartuko zen erabakia errespetatuko zutela. Azkenean, federazioak atzera egin zuen, eta bi arrazoi ematen ditu horretarako.

Batetik, egoera epidemiologikoa, azken egunetan okerrera egin baitute datuek; eta, bestetik, itxiera perimetrala tarteko, Realeko eta Athleticeko hemengo zaleek ezingo zutela bertaratu. Federazioak gogorarazi zuen bi taldeek zaleak zelaian egoteko nahiarekin atzeratu zutela finala, eta horixe izan dela beti asmoa. Baina itxierarena jada jakina zen duela aste batzuetatik.

Federazioaren egoitzan egindako bilera amaitzean mintzatu ziren Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Aitor Elizegi Athleticekoa. «Bi taldeak laguntzeko prest gaude, eta zera egin behar dugu, osasun agintarien gomendioak eta aginduak bete. Beti azaldu dugu lankidetzan aritzeko borondatea. Espero dugu Reala final gehiagotan egotea, eta zaleak egon ahal izatea», esan zuen Aperribaik. «Arduratsu izaten segitzeko» garaia da, Elizegiren arabera. «Elkartuta gaude bide horretan, eta denek dakigu zer egoera daukagun eta aurkaria nor den: birusa».

ETB1en, zuzenean

Bestalde, EITBk atzo jakinarazi zuen partida zuzenean eskainiko duela. ETB1en izango da, 21:30ean. Gainera, egun osoan zehar, eta partidaren ostean, saio eta eduki bereziak eskainiko ditu; baita aurreko egunetan ere. Geurea, bai edo bai izango da programazio berezi horretarako erabiliko duen leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.