Asilo eskatzaileak EBtik kanpora eramateko lege bat onartu du Danimarkak

Atzerrira bidaliko dituzte asiloaren zain dauden migratzaileak, eta onartutakoek ere han jarraituko dute. Jendeak «asiloa eskatzeari uztea» nahi du gobernuak

Siriatik iritsitako errefuxiatu talde bat Danimarkako errepide batean, 2015ean. BAX LINDHART / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Asilo eskatzaileekin duen arazoa herrialdeko mugetatik at konpondu nahi du Danimarkako Gobernuak. Europa iparraldeko herrialde horretara aterpe eta babes bila iritsitakoak handik kanpora eraman nahi ditu, horien inguruan erabaki bitartean; ez euren jaioterrira, konpentsazio ekonomikoa jasotzeagatik migratzaileak hartzea onartuko lukeen batera baizik. Parlamentuak lege polemiko bat onartu zuen horretarako atzo, Alderdi Sozialdemokrataren eta eskuineko eta eskuin muturreko alderdien babesarekin. Aldeko 70 boto jaso zituen, eta aurkako 24.

Asilo eskaerak gutxitu nahi dituzte horrela, Rasmus Stoklund Alderdi Sozialdemokrataren Migrazio bozeramaileak herrialdeko irrati publikoan atzo goizean aitortu zuenez: «Danimarkan asiloa eskatzen baduzu, badakizu Europatik kanpoko herrialde batera bidaliko zaituztela. Hortaz, espero dugu jendeak Danimarkan asiloa eskatzeari uztea».

EB Europako Batasunetik kanpo harrera etxeak zabaltzea aurreikusten du legeak, eta zentro horietara bidaltzea asilo eskatzaileak, haien kasuak aztertzen dituzten bitartean. Salbuespen gutxi batzuetan soilik ez litzateke aplikatuko prozedura; gaixotasun larriak dituztenen kasuan, esaterako. Asilorik ez ematea erabakitzen den kasuetan, migratzailea kanporatu egingo dute behin-behineko epean harrera eman dion herrialde horretatik. Baina tramitazioa onartu eta estatus hori jasotzen dutenak ere ezingo dira Danimarkara itzuli; asilo politikoa aitortuko diete, bai, baina harrerakotzat hartutako herrialde horretan.

Gobernuak oraindik ez du argitu herrialde horiek zenbat eta zein izatea nahi duen, baina Eritrea, Egipto, Etiopia eta Ruanda dira aipatuenak herrialdeko hedabideen artean. Azken horretara bidaiatu zuen Mattias Tesfaye Migrazio ministroak maiatzean, ezustean, eta errefuxiatuentzako kanpamentu bat sortzeko asmoa ote duten susmoa zabaldu zen. Bi herrialdeetako gobernuek asilo eta migrazio politiketan kooperatzeko akordio bat sinatu zuten, baina Danimarkako Gobernuaren iturriek garrantzia kendu zioten bidaiari.

Gobernuz kanpoko zenbait erakunde atezuan jarri zituen bidaiak, ordea. AI Amnesty Internationalen Europako zuzendari Nils Muiznieksek ohartarazi zuen asilo eskatzaileak Ruandara eramateko edozein saiakera «gaitzesgarria» ez ezik «potentzialki ilegala» ere izango litzatekeela. «Oso kezkagarria da herrialde aberatsek nazioartean dituzten betebeharrei ez erantzutea, eta, aldiz, asilo eskatzaileek euren eskariak Danimarkan aztertuak izateko duten eskubidea ez betetzea», erantsi zuen.

Legezkotasuna ezbaian

Danimarkako Parlamentuak atzo onartutako legeak kritikak eragin ditu ikuspuntu humanitariotik harago, eta nazioarteko legediarekin bateragarria ote den zalantzan jarri dute zenbaitek. Europako Batzordeak berak ere auzitan jarri zuen atzo legea. «Asilo eskaeren prozedura herrialdetik kanpo egiteak oinarrizko galderak sortzen ditu asilo prozeduretarako aukeraren inguruan eta babesa jasotzeko aukeraren inguruan», adierazi zuen Adalbert Jahnz Migrazio bozeramaileak. Irmoago amaitu zituen adierazpenak: «Europako Batasunaren migrazio eta asilo akordioaren legeen eta proposamenen barruan, ez da posible».

Legezkotasunari buruzko argibideak ematera behartu zuten kritikek Danimarkako Gobernua. Asilo sistema berriak «nazioarteko akordioak betez» ezarri behar direla nabarmendu zuen Tesfayek: «Hirugarren herrialde batekin akordioa egin aurretik kontuan hartu beharreko baldintza izango da».

EBko estatu kideen artean eztabaida ez da berria, 2016ko migrazio akordioaren testuinguruan ere mahai gainean izan baitzuten herrialdeetatik kanpo harrera guneak sortzeko aukera. Kezka legalek, humanitarioek, finantzarioek eta bestelakoek proposamena baztertzera eraman zuten talde komunitarioa orduan.

Dena den, Bruselak bere lege irizpideak inposatzeko ahalmena mugatua izango du oraingoan, migrazio eta justizia gaietan Danimarkak ez baitu bat egiten EBrekin. Aitzitik, migrazio gaietan nabarmen aldendu da inguruan dituen herrialdeetatik. Lars Lokke Rasmussen liberalak gogortu egin zituen migratzaileen aurkako neurriak duela bost urte, lehen ministro zela, baina haren ondotik kargu berean jarritako Mette Frederiksenek, Alderdi Sozialdemokratakoak, bide berari jarraitu dio. Asilo eskatzaileen kopurua zerora eraman nahi zuela esan zuen urtarrilean, eta pixkanaka ari da helburu horretara gerturatzen, migratzaileei Danimarkan bizitzeko geroz eta zailtasun gehiago jarriz. Horren erakusle dira datuak: 2015ean, migrazio krisi betean, 10.000 asilo eskaera onartu zituzten, eta 2020an, 600 baino ez.

Eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da migrazioa Danimarkan, eta afera horretan bere alderdiaren ohiko jarreretatik urrundu da Frederiksenek gidatutako gobernua. Eskuin muturra besarkatu izana leporatu izan diote ezkerreko alderdiek eta gizarte eragileek.

Haren neurriek arriskuan jarri dituzte, bereziki, Danimarkan bizi diren milaka errefuxiatu siriar. Gobernua horietako askori asilo estatusa kentzen eta herrialdea uzten ez dutenak deportazio zentroetara bidaltzen hasia da, Siria dagoeneko leku segurua dela argudiatuta. Erabaki hori hartu duen Europako lehen herrialdea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.