Varsoviak erasokor jarraitzen du: «Ez gara inoiz probintzia bat izango»

Europarlamentuko saioan, Poloniako lehen ministroak eta Europako Batzordeko presidenteak ohartarazpenak eta akusazioak egin dizkiote elkarri zuzenbide estatuaz eta subiranotasunaz aritzean

Morawiecki Poloniako lehen ministroa, atzo, Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea alboan zuela. R. WITTEK / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ezohikoa da EB Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuburuek Europako Parlamentuan hitza hartzea. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroarentzat, ordea, beharrezkoa zen pauso hori ematea, haren herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakiak eragin duen «gaizki-ulertua» azaltzeko. Bada, Morawieckiren agerraldiak asko izan du azalpenetik, baina, zehazki, gehiago bere burua justifikatzetik eta erasokor jarraitzetik, tonua jaistetik eta zubiak eraikitzetik baino: «EBren eskumenek muga zehatzak dituzte. Ez gara isilik geratu behar muga horiek hausten dituztenean. Hortaz, baietz esaten diogu europar unibertsalismoari, eta ezetz europar zentralismoari. Ez gara inoiz probintzia bat izango».

Europarlamentuko atzoko saioak agerian utzi zituen talde komunitariora begirako bi ikuspuntu kontrajarriak. Bi aldeentzako txaloak eta kexak izan ziren, eurodiputatuek bai baitakite Bruselaren eta Varsoviaren arteko gatazkan asko dagoela jokoan. Horretaz aritu zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Poloniako gobernuburuaren aurretik mintzatu zenean: «Ezin ditugu arriskuan jarri balio komunak, eta ez ditugu jarriko», ohartarazi dio Morawieckiri. Kargua hartu zuenetik egindako diskurtsorik gogorrena izan da Von der Leyenek atzo eman zuena.

Hilaren 7an, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak auzitan jarri zuen EBko justiziaren nagusitasuna, argudiatuta herrialdea estatu kide bilakatu izanak ez duela esan nahi estatuak talde komunitarioko justiziari legezko aginte gorena aitortzen dionik, ezta haren subiranotasuna EBren esku uzten duenik ere.

Hain justu, talde komunitarioko estatu kide bilakatzeko baldintzen artean dago justiziari buruzko subiranotasun hori ematea, eta aitortzea EBko justizia herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren gainetik egongo dela; finean, Europako Justizia Auzitegia Luxenburgon du egoitza. Berez, talka lehenagotik dator, Bruselak uste baitu Poloniako justizia independentzia galtzen ari dela, hango gobernuaren erabakiak direla eta.

Poloniako lehen ministroak, baina, egun ez du interpretazio bera egiten auzi horretaz aritzean, eta, haren herrialdeko Konstituzionalaren erabakia argudio hartuta, Bruselari ohartarazi zion «anbizio zentralistak suntsipenera» eramango duela EB. Beste modu batera esanda, Morawieckik gainontzeko estatu kideei esan zien talde komunitarioa eta haren erakundeak eta egiturak aldatu behar direla, eta ez bere herrialdekoak.

Hori bai, duela aste eta erdiko erabakiaz, Poloniako lehen ministroak azaldu zuen EBren zuzenbidearen nagusitasuna aitortzen duela, baina, aldi berean, zalantzan jartzen duela Europako Justizia Auzitegiaren autoritatea: «Herrialde bat ezin da subiranoa izan bere konstituzioak amore eman behar badu».

Europako Batzordeak ez du oraindik erabakirik hartu auzi horren inguruan, gaia «arreta handiz» aztertzen ari direlako, Von der Leyenek azaldu zuenez. Baina zalantzarik ez dago: Bruselan kezkatuta daude Poloniako Konstituzionalak hartu zuen erabakiarekin, «Europako Batasunaren oinarriak zalantzan jartzen» dituelako.

Europako Batzordeko presidentearentzat, «Europako ordena juridikoaren batasunaren kontrako eraso zuzen bat» izan da hilaren 7koa: «Soilik ordena juridiko komun batek berma dezake eskubide berdintasuna, segurtasun juridikoa eta estatu kideen arteko konfiantza. Denbora da Poloniako sistema judizialaren independentziaz kezka dugula. Epaileei immunitatea kendu diete, eta beren postuetatik bota dituzte justifikaziorik gabe. Tamalez, egoera okertu egin da».

Poloniako lehen ministroari ez zion ihes egin esan horrek, Von der Leyeni erantzun baitzion «berdintasun» hori ez dela existitzen: «Zatiketak ikusten ditugu herrialde indartsuen, ahulen, berrien eta zaharren artean».

Bruselaren hiru aukerak

Atzoko agerraldiak kontuan hartuta, badirudi Europako Batzordearen eta Poloniako Gobernuaren arteko gatazkak okerrera egiteko aukera besterik ez duela. Bruselan, gainera, Varsoviari presio egiteko mekanismoak dituzte, eta, Von der Leyenek esandakoa beteko balitz, gutxienez horietako bat erabiliko lukete.

Batetik, arau hauste prozedura bat abiatzea, Poloniaren kontrako zigor ekonomikoak agintzeraino —eguneko milioika eurokoak—; bestetik, 7. artikulua berriz martxan jartzea, Varsovia boto eskubiderik gabe utziko lukeena Europar Kontseiluan, eta, oro har, EBko bilera komun guztietan—aho batez hartutako erabakia da, eta Hungaria kontra agertu da—; eta, azkenik, ziurrenik eragin handiena izan dezakeena: suspertze funtseko dirua blokeatzea, 36.000 milioi euro.

Izan ere, diru hori jasotzeko, talde komunitarioak ezinbesteko baldintza bihurtu zuen zuzenbide estatua errespetatzea. Poloniari eta Hungariari begirako erabakia izan zen, Europako Batzordeak bi herrialde horiekin baititu desadostasunik handienak arlo horretan. Varsoviak eta Budapestek neurri horren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten urte hasieran, eta Europako Justizia Auzitegiak iragan astean aztertu zituen, oraindik erabakirik eman gabe.

Europarlamentua horri buruzko ebazpen baten inguruan bozkatzekoa da bihar, eta, onartuz gero, Europako Batzordeari eskatuko dio martxan jar dezala suspertze funtseko dirua blokeatzeko prozedura, baita eztabaidagai izan dituzten gainontzeko aukerak ere, beharrezkoa balitz.

Bien bitartean, Poloniako oposizioko alderdiak polexit-aren (herrialdea EBtik ateratzearen) mehatxua astintzen ari dira asteotan, baina herrialdeko gobernuak erantzun dio ez duela horretarako asmorik. Inkesten arabera, herritarren gehiengo zabala, %80 inguru, talde komunitarioan jarraitzearen aldekoa da.

Horren jakinaren gainean dagoela, eta jarrera erasokorra izan arren, Morawieckik europarlamentuan ziurtatu zuen estatu kide izango direla aurrerantzean ere: «Gora EB; gora herrialde subiranoak; gora Europa, munduko tokirik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.