PCBko langileek dimisioa eman dezala eskatu diote zuzendaritzari

Kaleratu nahi zituen 83 langileek aste pare batean itzuli beharko lukete plantetara. Langile batzordeak azaldu du lan karga handitzen ari dela. ITP Aerok 67 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen iaz

PCBk berriz onartu behar izan dituen langileek atzo egin zuten agerraldia, Barakaldoko plantaren aurrean. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Despidorik ez leloa idatzia duen txaleko laranja izan da ITP Aero PCBko kaleratzeen aurkako ikurra. «Lanera itzultzen naizen egunean buzoaren gainean eramango dut, eta koadro batean sartuko dut gero». Iragarpena atzokoa da, eta PCBk egin nahi zuen lan erregulazioko zerrendan ageri zen langile batek egin zuen, harro asko jantzi baitu azken hamabost hilabeteetan. Hark eta berronarturiko beste 83 langileek Barakaldoko (Bizkaia) plantaren aurrean egin zuten Auzitegi Gorenaren sententziaren balorazioa, eta zuzendaritzaren dimisioa eskatu zuten. Era berean, azaldu zuten lan karga goraka doala, eta ITP taldearen iazko datuek uste hori berretsi dute: 67 milioi euroren irabaziak izan zituen.

Dimisio eskaeraren zergatia azaldu zuen Angel Rodriguez batzordeko presidenteak. Langileek iritzi diote zuzendaritzak ez duela «egoerak eskatzen duen maila» eman Gorenak berretsi ondoren egin nahi zuen lan erregulazioa baliogabea zela. Era berean, nabarmendu zuten lanik ez dela falta, eta zuzendaritza ordu poltsa delakoa husten ari dela: «Malgutasun erreminta bat da, eta han pilaturiko orduak husteak esan nahi du lana gora egiten ari dela».

Emaitzen berri emateko oharrean, ITPk ere nabarmendu du joera ona. Turbina enpresaren ustez, aeronautika komertziala «berrindartzen» ari da, eta militarra «egonkor» dago, «joera positiboarekin». Guztira 915 milioi euroren fakturazioa izan zuen iaz, 2020an baino 180 milioi gehiago (%24,5). 2020an hamahiru milioi galdu zituen; galerak izan dituen urte bakarra izan da.

PCBk kaleratu nahi zituen langileek 15-20 egunetan itzuli beharko lukete lanera, hori baita sententziak betetzeko tartea. Asteazkenean batzordeak bilera du zuzendaritzarekin, eta orduan lotu beharko lituzkete xehetasunak. Oraingoz ez dute zuzendaritzaren deirik izan, baina komunikaziorik ez egoteak ez du batzordea harritu: «Bere erabakiek, malgutasun neurriak adosteko ezintasunak eta langileen aurkako irizpideak ezartzeko ahaleginek arriskuan jarri dute PCBren bideragarritasuna».

Jaurlaritzak izandako jarrera ere kritikatu zuten langileek: «Hitz politak esan ditu, baina erantzukizunik hartu gabe. Beste lan gatazka batzuetan bezala, gauza bakarra egin du: errepresioa erabili eta patronalaren jarrerekin bat egin.». Era berean, ITPren gisako taldeek duten «inpunitate instituzionala» salatu zuten. Langileak akusazio faltsupean jasotzen ari diren zigorrak bertan behera uzteko eskatu zuten. Era berean, martxoaren 12rako esker ona adierazteko mobilizazio batera deitu dute Sestaon.

Zer jurisprudentzia?

Gorenak berretsi zuen PCBko erregulazioa baliogabea dela, baina goizegi da zer jurisprudentzia ezarri duen jakiteko. Gorenak ebazpenaren laburpena ezagutarazi zuen, ez osoa, eta hura jaso arte ezingo da zehaztu. Hori bai, laburpenean ez zuen aipatu COVID-19arengatik kaleratzeak egitea debekatzen duen dekretua, EAEko Auzitegi Nagusiak bere ebazpenean gehituriko arrazoi subsidiario bat baizik: enpresako 2020ko enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat baliogabetu ondoren egin zuela lan erregulazio berria, eta berme printzipioa urratu zuela. Alegia, ezin dela jakin ebazpenak eragina izango duen Aernnovaren epaiketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.