Armen araudia gogortzeko legeak zail du AEBetako Senatuan onartzea

Errifleak erosteko adina 18 urtetik 21era igotzea jasotzen du AEBetako Ordezkarien Ganberak onetsi duen lege proiektuak. Errepublikanoen iritziz, eskubide konstituzionalen aurkako «eraso bat» da

Biktimen omenezko oroitarri bat, New Yorkeko Buffalo auzoan, maiatzaren 15ean tiroketa bat izan zen supermerkatutik gertu. BRANDON WATSON / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Armen araudia gogortzen duen lege proiektu bat onartu zuen herenegun AEBetako Ordezkarien Ganberak; izan ere, azken asteotan tiroketa masiboak izan dira, eta jendea hil da. Lege horrek zortzi arau biltzen ditu: hala nola errifleak erosteko adina 18 urtetik 21era igotzea, kargagailuen tamaina mugatzea eta armak kontrolatzeko arauak kodetzea. Halere, ikusteko dago lege proiektuak aurrera egingo duen; izan ere, litekeena da Senatuak ez berrestea. Izan ere, errepublikanoen iritziz, lege proiektua estatubatuarrek su armak edukitzeko dituzten eskubide konstituzionalen aurkako «eraso bat» da.

Hain zuzen ere, Senatuan, demokratek 50 ordezkari dituzte bien artean, eta beste hainbeste errepublikanoek. 60 boto behar dira legeari oniritzia emateko, eta ez dirudi kopuru horretara helduko direnik.

Bost ordezkari errepublikanok demokratekin bat egin zuten bozketan, eta gisa horretara onetsi zuten lege proiektua Ordezkarien Ganberan; 223k alde bozkatu zuten; 204k, aurka. Aurretik, Sheila Jackson Lee legegile demokratak esan zuenez, «garai historikoa» da indarkeria armatuaren arazo «beldurgarria» amaitzeko. Antzera mintzatu zen Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea: «Gure seme-alabak beren segurtasuna arriskuan dagoelako beldurrik gabe eskolara joan ezin izatea zera da, gure herrialdeko kulturaren aurkako erasoa». Jarraian, errepublikanoei mintzatu zitzaien: «AEBek ume gehiago galdu dituzte armen indarkeriagatik beste edozein arrazoirengatik baino. Horrek lotsarazten al zaituzte?».

Ordezkarien Ganberako buruzagi errepublikanoek, ordea, neurrien aurkako botoa emateko eskatu zieten ordezkariei. «Eskubideak urratzen ditu; alegia, jainkoak emandako eskubideak, gure konstituzioak babesten dituenak», esan zuen Jim Jordan Ohioko errepublikanoak.

Halere, Senatuko bi alderdiak negoziatzen ari dira neurri «moderatuei» buruz, arma jabeen aurrekarien kontrola handitzeko eta zenbait armaren elementuen salmentak mugatzeko. Baliteke demokratek errepublikanoen babesa lortzea ganberan eskatutako 60 botoren muga gainditzeko. Espero da senatariek azken akordioa lortzea datozen egunetan.

Haatik, errepublikano nabarmenenetako batek, John Cornyn Texasko senatariak, ohartarazi zuen «desadostasunak» dituztela «nonahi». 50 senatari errepublikanoetatik gutxi batzuk baino ez daude prest armei buruzko legedi berri bat onartzeko.

'Bandera gorria' legea

Babesik handiena duten proposamenek, berriz, Bandera gorria izeneko lege bat jasotzen dute: gaixotasun mentalak edo aurrekari penalak dituzten pertsonei suzko armak erostea eragotziko lieke, eta modua emango luke armen erosleen aurrekarien kontrolak zabaltzeko.

Maiatzean izandako tiroketa masiboek berriro piztu dute armak edukitzeari buruzko eztabaida AEBetan. 18 urteko gazte batek errifle batekin hemeretzi haur eta bi irakasle hil zituen maiatzaren 24an, Uvalden, Texasen. Eta hamar egun lehenago, 18 urteko beste gazte batek hamar lagun hil zituen Buffaloko supermerkatu batean, New Yorken, eraso arrazista batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.