Hunt lehiatuko da Johnsonen aurka Erresuma Batuko lehen ministro izateko

Alderdi Kontserbadoreko 160.000 kideek hautatuko dute Mayren ordezkoa datozen asteetan. 'Tory'-ek uztailaren 22ko astean jakinaraziko dute garailea

BERRIA.
ander perez zala
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Alderdi Kontserbadorearen buruzagia eta Erresuma Batuko lehen ministroa izateko lehian, argi zegoen Boris Johnson Londresko alkate ohia eta Atzerri ministro ohia azken bozketan izango zela. Argi ez zegoena zen noren aurka lehiatu beharko zuen: bost bozketaren ostean, tory-en Komunen Ganberako diputatuek Jeremy Hunt Atzerri ministroa hautatu zuten atzo Johnsonen lehiakide. Hunt bi botoren aldeaz gailendu zitzaion Michael Gove Ingurumen ministroari (77-75), eta, zortzi hautagai atzean utzita, bi hautagaiak aurrez aurre izango dira tory-en buruzagitza lortzeko.

Gaur-gaurkoz, Johnson da faboritoa. Alderdiaren oinarrien faboritoa da, eta diputatu kontserbadoreen artean boto gehien lortu duena: 313tik 160 atzoko bigarren bozketan, erdia baino gehiago. Orain, bada, alderdiaren 160.000 kideei begira jarri beharko da, horiek hautatuko baitute Theresa Mayren ordezkoa. Twitter sare sozialaren bidez, Atzerri ministro ohia «gogotsu» agertu zen brexit-a gauzatzeko eta «herrialdea batzeko» duen plana jakinarazte aldera.

Johnson Atzerri ministro izan zen 2016tik 2018ra, Mayren gobernuan, eta kargua duela 11 hilabete utzi zuen, Bruselak eta Londresek adosturiko brexit-erako akordioaren aurka baitago; Irlandako mugarako protokoloaren—backstop delakoa— inguruan ditu desadostasunak batez ere, eta hori aldatzeko asmoa agertu du, Europako Batasunarekin (EB) berriz negoziatuz, nahiz eta EBk ez duen hori egiteko asmorik. Leave (Irten) kanpainaren aurpegi ezagunena izan zen 2016an, Goverekin batera, eta ez du inoiz zalantzarik izan talde komunitarioarekiko duen iritzian.

Hunten EBrekiko jarrera, aldiz, aldatu egin da azken hiru urteotan. EBn geratzearen alde bozkatu zuen 2016ko galdeketan, baina, harrezkeroztik, jarrera aldatu du, eta irteeraren aldekoa da egun; batez ere, talde komunitarioaren «harrokeriaren» ondorioz. Iaztik da Erresuma Batuko Atzerri ministro, Johnsonek hutsik utzitako kargua hartu baitzuen.

Brexit-az, Hunt prest agertu da urriaren 31ko data atzeratzeko, negoziazioak errazte aldera, eta esana du itunik gabeko brexit-a «suizidio politiko bat» izango dela Erresuma Batuarentzat. Hunt ere Twitter sare sozialaren bidez jarri zen kontserbadoreen kideei begira: «Ez nintzen faboritoa, baina ezustekoak gertatu egiten dira, gaur [atzo] bezala. Ez dutzalantzarik sorbalda gainean dudan erronkaz: alderdiari erakustea nola gauzatu dezakegun brexit-a».

Johnson euroeszeptikoen hautagai gustukoena da, eta Hunt, jarrera moderatuagoa dutenena, tartean alderdiaren buruzagitzako gehienena. Lehenak irteera gogorra irudikatzen du, eta bigarrenak, leunagoa; eta, finean, Johnsonek EBtik ateratzearen alde bozkatu zuen, eta Huntek kontrakoa egin zuen. Bi mundu horiek, bi jarrera horiek, aurrez aurre izango dira berriz ere.

Lehen ministro berriaren lehen zeregina izango da berriz negoziatzea Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) babesa. 2017an gehiengo osoa galdu ostean, Komunen Ganberako DUPen hamar diputatuak gobernuaren euskarria izan dira, baina datorren hilean amaitzen da adostasuna; 2017an, baldintza izan zen Ipar Irlandara milioi bat euroko funtsa bideratzea, baina, oraingoan, Irlandako mugarako protokoloa —backstop-a— egon liteke negoziazioen erdian.

Alderdi unionistak protokolo horren «alternatibak» eskatu izan ditu, tory euroeszeptikoek bezala, eta agintariak zerbait eskaini beharko die, bere gobernuak bizirik irautea helburu.

Mayren azken goi bilera

Mayri oraindik hilabete inguru geratzen zaio Erresuma Batuko lehen ministro karguan. Atzo eta gaur egitekoa den Europar Kontseilua du azken goi bileretako bat: atzo, Bruselara iristean, adierazi zuen Erresuma Batuaren eta EBren «gertuko harreman sakonari» eutsi nahi diola, nahiz eta orain ez dagokion hari hori egitea.

Mayk bi urte, hamar hilabete eta 25 egun iraun du karguan, baina ezin izan du helburua bete: brexit-a gauzatzea. Alderdikideek haren ordezkoa hautatzen dutenean, Downing Streeteko 10.etik joan, eta atzean utziko ditu herrialde zatitu bat eta gauzatu gabeko irteera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.