Bide berri bat urratzera

Gernikak Eurokopako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko du gaur Valentziaren aurka, Malosten. Zalantzan dago Nogaye Lo pibota ariko ote den

Lointek Gernikako jokalariak eta Mario Lopez entrenatzailea —erdian—, atzo, Gernika-Lumoko Maloste kiroldegian. ANE MARURI ARANSOLO.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal talde batek inoiz urratu gabeko bidea ari da urratzen Lointek Gernika Bizkaia Eurokopan. Oraingoz, kontinenteko bigarren torneo inportanteeneko onenen artean sailkatu dira bizkaitarrak. Bertze muga bat gainditzeko ahaleginean lehenbiziko pausoa emanen dute gaur, final-zortzirenen joaneko partidan. Ongi ezagutzen duten talde bat hartuko dute Malosten (20:00, ETB4): Valentzia. Aitzineko kanporaketekin ez du zerikusirik izanen, horko elementu nagusi bat zena desagertu egin delako: elkar ez ezagutzea. Gernikak eta Valentziak liga berean jokatzen dute, eta ongi dakite nor den nor. Eta, sasoi honetan erakutsi dutenez, parez pare daude biak.

Ligaxkaren ondoko lehenbiziko kanporaketan, Gernikak Bielorrusiako Tsmoki Minsk kanporatu zuen, eta, final-hamaseirenetan, berriz, Hungariako KSC Szekszard. «Hona [Malostera] etorri behar izan duten beste taldeek ez zekiten zer aurkituko zuten, eta agian ezustean harrapa genitzakeen», aitortu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaileak. «Baina Valentzia ez dugu ezustean harrapatuko, eta are gutxiago duela hain gutxi haien aurka jokatu ondoren».

Barneko joko azkarra

Izan ere, duela hiru aste baino gutxiago jokatu zuten elkarren aurka azkenekoz, Espainiako Ohorezko Mailako ligaren hemeretzigarren jardunaldian. 91-89 irabazi zuen Gernikak, luzapenean, lehia ezin parekatuagoan. Lehenbiziko itzulian antzekoa izan zen norgehiagoka, hagitz parekatua, baina orduan Valentziak irabazi zuen, 66-63. «Gure arteko partidak oso tarte murritzengatik erabaki dira, eta elkar ezagutzearen ondorioz ia ez dago sorpresarik, eta markagailuko aldeak oso estuak dira».

Lopezek aurkarien barneko jokoaz arduratzen diren jokalariak nabarmendu ditu. Gehienbat hiru: Tamara Abalde hegal-pibota (1,92 metro), eta Julia Reisingerova (1,94 metro) eta Meiya Tirera (1,87 metro) pibotak. Eurokopan Tirera da taldeko saskiratzaile nagusia, zortzi partidatan batez bertze 15,4 puntu sartuta. Errebotean Joy Alex Brown hegalekoak garrantzi berezia du, zortzi partidatan batez bertze 7,1 hartu baititu.

«Milicek ezinen du lan hori guztia bakarrik egin. Beraz, gehiago ahalegindu egin beharko dugu», erran du Lopezek. Nikolina Milicekin batera, Nogaye Lo da Gernikako bertze pibota. Bi dorreek berebiziko garrantzia dute Gernikaren jokoan, baina Lopezek «zalantza asko» ditu Lo gaur jokatzeko osatuta egonen ote den. Hori zailtasun bat da Valentziaren barneko jokoari aitzin egiteko. Gyntare Mazyonite hegal-pibota, ordea, deialdian sartu du, nahiz eta «ahul» egon.

Valentziaren ohiko bortzkotea Anna Gomezek, Queralt Casasek, Brownek, Abaldek eta Tirerak osatzen dute. Casas eskolta jokalari garrantzitsua da, bai Eurokopan, eta bai Espainiako ligan, partidako denbora gehien jokatzen duen jokalaria baita Valentzian, eta ligan taldeko saskiratzaile nagusia ere bada. Marina Pina Gernikako jokalari ohiak ere jardun garrantzitsua izan du Eurokopan, bertzeak bertze, taldeko bigarren saskiratzaile nagusia baita —11,6 puntuko batezbertzekoa sei partidatan—. Joan den abenduan min hartu zuen, eta ez da osatu oraindik.

Valentzia multzoko liderra izan zen ligaxkan, eta, horregatik, final-hamaseirenetara sailkatu zen zuzenean. Errusiako WBC Enisey kanporatu zuen, etxeko itzuliko partida nagusitasunez irabazita. Azkenaldian, ordea, zailtasunak izan ditu ligan, eta Gernikak, ordea, guztiz kontrako joera eduki du. Joan den asteburuan Valentziak Al-Qazaresi irabazi zion, baina aitzineko hiru partidak galdu zituen. Gernikak, ordea, zazpi jarraian irabazi ditu —tartean, Valentziari Malosten—. Horren ondorioz, bizkaitarrek sailkapenean hiru punturen aldea dute valentziarrekiko: bigarren da Gernika 36 punturekin, eta laugarren Valentzia, 33rekin.

Gernikaren «heldutasuna»

Naiara Diez Gernikako eskoltaren iritziz, litekeena da bi taldeak, ligako norgehiagoketan bezala, «bizpahiru» punturen aldean ibiltzea. «Detaile gutxitan egongo da gakoa, bi taldeok oso ongi ezagutzen baitugu elkar». Hala ere, Diezek konfiantza osoa du. «Aurten nabaritzen da talde honek [Gernikak] duen heldutasuna, eta badaki momentu horiek kudeatzen». Nafarraren parte hartzea garrantzitsua izan daTsmoki Minsken eta Szekszarden aurkako kanporaketetan, Malosteko partidetan egin zituen saskiratzeek markagailuan urruntzeko balio izan zietelako bizkaitarrei.

Itziar Ariztimuño joko antolatzaileak ere ondo jokatu zuen aitzineko kanporaketetan. Haietan ez bezala, joaneko norgehiagoka egin beharko du etxean Gernikak, baina Ariztimuñok uste du hori baliatu behar dutela. «Badakigu Malosteren bultzada eta efektua edukiko ditugula. Gozatu egin behar dugu, eta, ahal bada, irabazi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.