Iheslariak tresna gisa erabiltzea egotzi dio Alemaniak Turkiari

Berlinek Ankarari leporatu dio mugan gertatzen ari denaren erantzukizuna. Greziaren arabera, astelehenaz geroztik 5.000 migratzaile ahalegindu dira muga zeharkatzen

Iheslari talde bat, atzo, mugara bidean, Edirnen, Turkian. ERDEN SAHIM / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hutsean geratu da duela lau urteko akordioa, Europara sartzeko asmoz abiatutako errefuxiatuen fluxua geldiarazteko hitzartutakoa. Recep Tayyip Erdogan presidenteak atzera bota zuen, atzo,Bruselak migratzaileei laguntzeko eskainitako mila milioi euroko funtsa, eta nabarmendu zuen azken lau urteetan 40.000 milioi euro bideratu dituztela migratzaileei laguntzera.

Ankarak argudiatu du ezinezko zaiola iheslari gehiago hartzeaSiriako gerrak okerrera egin ostean, eta horregatik kendu dituela mugako kontrolak. Alemaniako kantziler Angela Merkelentzat, ordea, haren jarrera «onartezina» da: «Ulergarria da Europarengandik sostengu handiagoa jaso nahi izatea, lan handia duelako aurrean. Baina Turkiaren egungo politika onartezina da».

Hain zuzen ere, ostegun eta ostiralean dira biltzekoak EBko Atzerri ministroak, Turkiak mugak zabaldu izanak sortutako krisiaz hitz egiteko. Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek ohartarazi du ez dutela onartuko errefuxiatuak «interes geopolitikoetarako tresna» bilakatzea. «Europako Batasunak bere betebeharrak gogorarazi beharko dizkio Turkiari». Duela lau urte sinatutako hitzarmenaren arabera, Greziako uharteetara heltzen ziren iheslariak Turkiara kanporatuko zituzten .

Hain zuzen ere, mugaren Greziako aldean izan ziren atzo Europako Kontseiluko buru Charles Michel, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen eta Europako Parlamentuko eledun David Sassoli. Greziari «ezkutu» gisa aritzea eskertu zioten. Von der Leyenen hitzetan «lehentasuna mugako ordena mantentzea» da: «Gure mugen egoera ez da soilik Greziaren kontu bat. Europa osoaren erantzukizuna da, eta batasunarekin, elkartasunarekin eta zehaztapenarekin erantzungo dugu». Greziari, bada, 700 milioi euroko laguntza eta mugak kontrolatzeko bitartekoak agindu zizkion. Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroaren aurrean egin zituzten adierazpenak, eta haren gobernuaren jarreraz ez zuten ezer esan.

Giza tragedia

Europako Batzordeak, berriz, Greziaren eta Turkiaren aurka jo du errefuxiatu eta iheslariei ematen ari zaizkien tratuagatik. Batzordeak salatu du mugakoa «inoiz ikusi gabeko giza tragedia bat» dela, eta bi aldeei eskatu die ahalegina egin dezatela indarkeria murrizteko.

Orain arte, bi iheslari hil dira Greziako mugan. Bat, adingabea, Lesbosera bidean, txalupa iraulita, eta bestea, tiroz. Turkiak Greziari egotzi dizkio bi heriotzak, eta nazioarteko migratzaileen eskubidea urratzea leporatu dio. «Ez dute legedia errespetatzen. Agian, esan dezakete: Turkiak bederatzi urtez hartu baditu Siriako errefuxiatuak, zergatik ez ditu beste 19 urtez hartuko? Sentitzen dut, baina hori ez da gertatuko», berretsi du Erdoganek.

Bi iheslarien hilketak medio, Ankarak uko egin dio ostegunean Greziako lehen ministroarekin biltzeari. Bulgariako gobernuburu Boyko Borisovek bultzatu du goi bilera. Borisovek Turkiaren alde egin du migratzaileen auzian, eta «hitza ez betetzea» egotzi dio Bruselari. «Ez dut ulertzen zergatik ez dioten diru laguntza ematen Turkiari, mugen zaintza partekatzea izanik EBren oinarrietako bat».

Bitartean, migratzaileek mugara heltzen jarraitzen dute. Ez dago datu zehatzik kopuruaren inguruan: Ankarak dio 1,5 milioi direla, eta, Greziaren arabera, astelehenaz geroztik 5.000 pertsona inguru saiatu dira beste aldera zeharkatzen. Greziak berehala deportatzen ditu azken horiek. Beste aldera igarotzen ahalegindu direnetako batzuek salatu dute gainean daramatena kentzen dietela segurtasun indarrek. Asko Istanbulera bidean ziren atzo. Dena den, iheslarien esanetan, Ankarak autobusean eramaten ditu mugara, eta han uzten ditu, pasabideak zabalik daudela esanez. Iritsitakoan, ordea, ez atzera ez aurrera geratzen dira, Greziak ez dielako sartzen uzten, eta Turkiak ez dielako atzera egiten uzten.

Gerra krimenak

Bien bitartean, aurrera jarraitzen du Siriako gerrak. Armadak salatu zuen atzo Turkiako drone batek bota egin zuela euren hegazkin bat. Ez zuten jakinarazi hildakorik izan ote zen. Bestalde, Siriarako Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak gerra krimenak egitea egotzi dio Errusiari. Txostenaren arabera, iazko uztaila eta aurtengo urtarrila bitartean, 700.000 zibilek utzi behar izan zituzten euren etxeak Siriako Armadaren eta Errusiako indarren erasoen ondorioz.

Lehen aldia da batzordeak frogatutzat ematen duena Errusiaren esku hartzea. Dokumentuan jasotzen diren krimenen arteko bat da iazko abuztaren 16an desplazatuentzako kanpaleku baten aurka egindakoa. Idlib hegoaldean zegoen, Haas hiriaren kanpoaldean, eta ez zegoen inguruan bestelako kokagune militarrik. «Lekukotzak eta irudiak kontuan hartuta, esan genezake Errusiak helburu zibilak zituela, eta ez militarrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.