Gaur erabakiko dute

Ez dute aurrerapausorik egin Baikoren eta enpresako pilotari taldearen arteko lan gatazkan, eta pilotariek gaur jakinaraziko dute lanuzteari eusten dioten

Baikoko ordezkariak eta pilotarien taldeko ordezkariak, aurrez aurre, bilera hasi aurretik, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Ilusioz eta gogoz etorri gara bilerara, hilabeteak generamatzalako enpresari bilera bat egiteko eskatuz. Baina oso burumakur goaz. Desilusio handia hartu dugu». Ibai Zabalarena da aitormena. Atzo egin zuen, Baikoko arduradunen eta bihartik aurrera hamabi eguneko grebara deitu duten enpresako pilotarien arteko bilera amaitu berritan. Etsipenez betetako hitz horiek ondo laburbiltzen dute lan gatazkako bi aldeek eginiko lehen bilerak emandakoa: ez zen izan aurrerapausorik.

Beraz, gaur-gaurkoz, bere horretan jarraitzen du greba deialdiak. Horren ondorioz, arriskuan dira asteburuan jokatzekoak diren jaialdi guztiak, tartean binakakoaren finalerdietako ligaxkako lehia erabakigarria, etzi Bilbon Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Asier Agirreren eta Jon Ander Albisuren aurka jokatu beharrekoa.

Bilera amaieran Zabalak azaldu zuenez, hitz egindakoaz mintzatuko dira grebara deitu duten hamabost pilotariak, eta «hausnarketa sakona» egin ondoren erabakiko dute zer egin. «Kontu oso serioa da hau, kontu gogorra», azpimarratu zuen. «Ahal den azkarren» eman nahi dute euren erabakiaren berri, baina zehaztu zuen pilotariek «aurrez aurre» hitz egitea litzatekeela aproposena. Greba gaur gaueko hamabietan hasiko dela kontuan hartuta, gaur dute azken aukera horretarako. Baiko batzarra egitekoa zen gaur enpresako langileekin, baina atzoko bilera amaitu eta gutxira jakinarazi zuen bertan behera utzi zuela batzarra.

Sei lagun izan ziren atzoko bileran, Bilboko hotel batean: Baikoren aldetik, Jose Ramon Garai zuzendari nagusia, eta enpresaren abokatu bat; eta, pilotarien aldetik, Zabala, Mikel Larunbe eta ELAko bi ordezkari. «Hitz egitera gatoz. Guk beti esan dugu hitz egiteko eta akordioak lortzeko borondatea dugula», berretsi zuen Zabalak, bilerara sartu aurretik. Garaik ere hitz egiteko «borondatea» zuela esana zuen bezperan. Bi ordu pasatxo egon ziren bilduta. Alferrik. Ez ziren ados jarri, eta ez ziren beste bilera bat egiteko geratu ere.

Pilotariek gaur emango dute euren asmoen berri, baina, gaur-gaurkoz, zaila dirudi greba bertan behera uztea. Izan ere, pilotarien ordezkariek «oso triste» amaitu zuten bilera. «Iritsi nahi ez dugun puntu batera ari dira gu eramaten. Ulertzen dugu alde bakoitzak bere postura izatea, baina bi aldeek egin behar dugu ahalegina. Guk borondatea erakutsi dugu, baina aurrean oso borondate gutxi ikusi dugu. Ezin gara lehiatu ahaleginik egin nahi ez duen norbaitekin. Horrela zaila da. Horma bat dago aurrean. Agian ez dago eginda lehengo material gogorrarekin, baina horma dago oraindik. Espero dugu hori alda dadila. Guk nahi dugu».

«Gardentasun gutxi»

Salatu zuenez, enpresaren inguruko informazio ekonomikoa eskatu zioten Garairi, baina ez zien eman. «Gardentasuna eskatu dugu, eta ez dugu jaso». Baina, nabarmendu zuenez, «etsipenik handiena» eragin ziena greba deialdian aipatutako bost puntuei enpresak emandako «erantzunik eza» izan zen. «Haiengandik jaso ditugun erantzun bakarrak hauek izan dira: 'ez', 'ikusiko dugu' eta 'horretaz hitz egiten has gaitezke'. Jakina has gaitezkeela hitz egiten, horretarako etorri gara-eta bilerara! Ez dugu erantzun zehatz eta sendo bakar bat ere jaso. Prestasun gutxi ikusi dugu».

Pilotariek egindako eskaeren artean dago enpresa utzi berri duten lau pilotarien egoera berriz aztertzea. Zabalak esan zuenez, Garairi «argi» utzi zioten hori «baldintza bat» dela akordioa lortzeko. «Baina eztabaidatu ere ez dugu egin. Garaik dio ezustean hartu duela eskaera horrek, baina berak badaki zein den egoera eta gure baldintzetako bat dela».

Baikoko buruak, berriz, ez zuen adierazpenik egin bilera amaitutakoan. Handik gutxira, Baikok ohar bat jarri zuen bere webgunean. Bertan zera zioen: «Baiko Kirolak, grebaren helburuei erantzuteko, bere lan harremanen ikuspegi kolektiboago batean aurrera egiteko prest dagoela adierazten du, greba deialdian eskatzen den bezala. Era berean, proposatzen du plantilla osoa partaide egitea, beronek erabakitako batzordeen edo ordezkaritzen bitartez elkarrizketa bideratuz, adierazitako puntuei buruzko planteamenduak aztertu ahal izateko: hala nola barne-araudiaren berrikuspena, langileriaren baldintzak, baita enpresari eragin diezaioketen egoeraren araberako edo egitura-zailtasunen aurrean kasu bakoitzean har daitezkeen erabakiak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.