Gertuago, baina urrun oraindik

Pilotari grebalarien ordezkariek esan dute «hurbilketa» egon dela, baina «eskaintza sendoak eta idatziak» eskatu dizkiote Baikori. Ez dute ikusi greba bertan behera uzteko motiborik

Ibai Zabala eta Mikel Larunbe, bilera amaitutakoan, atzo, Bilbon. JULEN ETXEBERRIA.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lan gatazka konpontzeko asmoz lehen aldiz bildu eta ia bi aste geroago batzartu dira berriro Baikoko arduradunak eta enpresa horretako hamabost pilotari grebalarien ordezkariak. Lehen bilera hori amaitutakoan, pilotarien ordezkariak «oso burumakur eta desilusio handia hartuta» etxeratu ziren. «Borondaterik eta gardentasunik eza» leporatu zioten Baikori. Horregatik erabaki zuten pilotariek egun bat geroago greba deialdiari eustea eta hamabi eguneko lanuztea egitea.

Atzoko bileran, ordea, «hurbilketa bat» izan zela aitortu zuten pilotarien ordezkariek. «Hasi gara hizketan, eztabaidatzen, eta zenbait puntutan nolabaiteko hurbilketa bat egon da. Eta hurbilketa dagoenean beti dago itxaropentsu egoteko motiborik», esan zuen Ibai Zabala pilotari grebalarien ordezkarietako batek bilera amaitutakoan.

«Hurbilago» bai, baina «nahiko aldenduta» daudela azpimarratu zuen. «Zehaztasuna» eskatu zuen. «Eskaintza sendoak jaso nahi ditugu, benetakoak, eta idatzizkoak. Eta oraindik ez ditugu jaso: eskaintza eta akordio hipotetikoak jaso ditugu. Espero dugu etorkizun hurbil batean eskaintza sendoak jasotzea. Baina, gaur-gaurkoz, ez ditugu. Beraz, ez dugu motiborik greban ez jarraitzeko». Baina «prest» azaldu dira hizketan segitzeko: «Bi aldeak prest azaldu gara aurki beste bilera bat egiteko. Ea lehenbailehen egiten dugun, eta ahalik eta arinen iristen garen akordio batera».

Zabalak azaldu zuenez, «aurrerapausoak» izan dira kontuen gardentasunari eta enpresa barruko araudiaren aldaketari dagokienez: «Enpresak kontuen inguruko informazioa ekarri du, eta orain aztertu egin beharko dugu. Barne erregelamenduaren aldaketari dagokionez, berriz, enpresa prest azaldu da hitz egiteko». Aldiz, zehaztu zuenez, enpresatik kanpo geratutako lau pilotarien egoera berriz aztertzeko eskaerari ezezkoa eman diote—Iosu Eskiroz, Victor Esteban, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena dira lau pilotari horiek—. Zabalak jakinarazi zuenez, «eragile berri bat» azaldu da gai horretan: Aspek eta Baikok osatzen duten Eskuz Pilotako Enpresen Liga, hain zuzen. «Esan digute ez dutela gurekin gai horretaz hitz egingo, baina Enpresen Ligak eskatuz gero beharbada has daitezkeela hitz egiten gai horretaz. Arraroa da, eta ustekabean harrapatu gaitu ezagutzen ez dugun hirugarren eragile bat azaltzea honetan, are gehiago jakinda nortzuk osatzen duten Enpresen Liga».

Elkartearekin harrituta

Jokin Altunak, Joseba Ezkurdiak, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak Pilotarien Elkartea sortu osteko biharamunean bildu dira Baikoren eta pilotari grebalarien ordezkariak. Zabalak aitortu zuenez, «harrituta» hartu dute elkarte horren sorrera. Azaldu zuenez, duela hilabete elkartea eratzeko proposamena egin zieten Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari, eta ezetz esan zieten. Horren harira, jakinarazi zuen elkarte bat sortzeko hilabete inguru behar dela esan ziela alor horretako aditu batek. Halaber, azpimarratu zuen ordezkariak «aukeratu» egiten direla, «eta ez inposatu». «Gezurra da esatea elkarte bat dagoela. Egia izan liteke esatea elkarte bat egon daitekeela».

Baina zeragatik harritu dira gehien: horrelako mugimendu bat egin delako greban dauden hamabost pilotariekin hitz egin gabe. «Ez dugu ulertzen, eta egunen batean azaldu beharko digute. Guk nahiko genukeena da, gauzak Whatsapp bidez egin beharrean, elkartu eta gauzak ondo azaltzea. Tolosan argi esan genuen gure helburua elkarte bat sortzea dela. Bide hori jorratu nahi dugu, baina oraindik ez dugu egin, gure enpresan arazo batzuk ditugulako konpontzeko. Uste genuen Aspekoekin batera elkarte hori sortu aurretik etxe barruko arazoak konpondu behar genituela. Ez dugu ulertzen ataka eta egoera estuan gauden momentu honetan horrelako elkarte bat sortzea guk auzitan ditugun arazoak konpontzeko, nola, eta grebalariak kontuan hartu gabe. Ez du ez zentzurik, ezta logikarik ere. Guk jakina sortu nahi dugula elkarte bat, eta horren parte izan, baina gauzak ondo, logikaz eta gardentasunez egiten direnean, eta uste dugu atzokoa [herenegungoa] ez zela egin ez logikaz, ezta gardentasunez ere». Horren harira, esan zuen «eskertuko» luketela «idatzizko eskaintza bat».

Aurrekoan egin bezala, Baikok ohar baten bidez azaldu zuen bilerak emandakoa. Batetik, haren arabera, prozesua «lasaitasunez eta enpresako pilotari guztiekin hitz eginda» jorratu behar da, eta, horretarako, greba bertan behera uzteko eskatu zuen. «Deitoratu egiten dugu negoziazio bat egitea grebak eskatzen duen presioarekin eta premiarekin». Enpresa utzi duten pilotariez, berriz, dio ez dagoela «eskaera guztia bere gain hartzeko moduan», egoera ekonomikoagatik, baina Enpresen Ligak enpresei eskatu diela azter dezatela ea pilotari horiek fitxa ditzaketen. Baikok ez du onartuko pilotari grebalariek eginiko eskaera, enpresako langileek soldata ez murrizteari dagokiona, eta «zail» ikusten du aurrera egitea hori ezinbesteko baldintza baldin bada. Enpresa, aldiz, prest azaldu da entrenamenduen eta barruko araudia berriro aztertzeko, pilotarien ordezkaritza batekin biltzeko lan baldintzez hitz egiteko, eta informazio ekonomikoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu