Azken urteetako inbertsio militarrik handiena iragarri du Londresek

Erresuma Batuak ohi baino 18.400 milioi euro gehiago jarriko ditu gastu militarrerako datozen lau urteetan. Ez dute zehaztu aurrekontu horretatik zenbat bideratuko duten giza laguntzara

Azken urteetako inbertsio militarrik handiena iragarri du Londresek.
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gerra Hotza amaitu zenetik Erresuma Batuak onartu duen aurrekontu militarrik handiena iragarri zuen atzo Boris Johnson lehen ministroak. Hala, Defentsa Ministerioak 18.400 milioi euro gehiago jasoko ditu datozen lau urteetan, urteroko 35.063 milioi euroko aurrekontuaz gain. «Pandemia betean hartu dut erabakia, benetan sinesten dudalako gure lehentasuna erreinua babestea dela. Nazioarteko egoera Gerra Hotzetik bizi dugun arriskutsuena eta lehiakorrena da, eta gure aliatuekiko leialak izango bagara, gure ahalmenak hobetu behar ditugu», esan zuen gobernuburuak. Erabakia Defentsa alorrean lan egiten duten «milaka britainiarren mesedetan» hartu duela adierazi zuen Johnsonek: «Gaurtik, defentsan murrizketak egiteko garaia amaitu da. Erabaki hau onuragarria izango da ez soilik gure indar armatuentzat, baita herritar guztientzat ere».

Prozesua ez da erraza izan. Ogasun Ministerioak iragarria zuen laguntza gehigarriak bideratuko zituela departamentu guztietara, COVID-19aren pandemiak eragindako kalteei aurre egin ahal izateko. Hainbat asteetako negoziazioen ostean, ordea, gastu militarrerako aurrekontua %10 handitzea adostu dute Johnsonek, Ogasun Ministerioak eta Defentsakoak. Modu horretan, AEBen aliatu militar nagusia izaten jarraituko du Erresuma Batuak, baita NATOra diru gehien bideratzen duen Europako bigarren herrialdea ere. Horrez gain, Zibersegurtasunerako Erakunde Nazionala sortzea, inteligentzia artifizialera bideratutako departamentu bat garatzea, programa nuklearra sustatzea eta 2022an lehen espaziontzia aireratzea lukete helburu.

«Beharrezkoa»

Ben Wallace Defentsa ministroaren iritziz, «beharrezkoa» zen halako neurri bat, nahiz eta pandemia betean etorri: «Perspektibarekin ulertu behar dugu. 223.400 milioi euro bideratu ditugu pandemiaren aurkako neurriak hartzeko, enpresei laguntzeko, banakoen beharrak asetzeko, eta abar. Eta gastu militarrera, berriz, 18.400 milioi euro bideratuko ditugu datozen lau urteetan. Ez dut uste inolako gehiegikeria denik. Gure aurkariak askoz ere inbertsio handiagoak egiten ari dira, eta zenbait alorretan dagoeneko gu baino ahalmen handiagoa dute».

Defentsarako aurrekontua handitzearekin batera, ordea, asko Londresek giza laguntzarako funtsa murriztuko duen beldur dira. 2015etik BPG barne produktu gordinaren %0,7 bideratzen du Erresuma Batuak nazioarteko giza laguntzara. Baina gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute kopurua %0,5era murriztu dezakeela gobernuak. Wallacek berak ukatu egin du halakorik ekainetik Erresuma Batuan Defentsa Ministerioa da giza laguntzarako aurrekontuak kudeatzen dituena, eta zehaztu du gastu militarra handitzeak ez duela esan nahi «nazioarteko laguntzaren borroka eremua» alde batera utziko dutenik. Defentsa ministroak, baina, ez du zehaztu aurrekontuaren zenbateko kopurua bideratuko duten horretara. Berriz, nabarmendu du batak ez duela bestea kentzen: «Sudanen, esaterako, ingeniari erregimentu bat dugu lanean, hango azpiegiturak konpontzen; herrialde txiro hartan bizi direnen baldintzak hobetzen. Beraz, defentsan inbertsio handiagoak egiteak ez du esan nahi laguntzetara gutxiago bideratzea, soilik esan nahi du diru hori beste era batera erabiltzen dela».

Zenbakiez hitz egin nahi ez izateak, baina, kezka sortu du giza laguntzarako erakundeen artean. Izan ere, joan den uztailean, eta koronabirusaren pandemia argudio gisa erabilita, 3.200 milioi euroan murriztu zuen Londresek giza laguntzarako aurrekontua aurtengo urte amaierara arte. Johnsonek nabarmendu zuen garai hartan hala ere betetzen zutela %0,7ko gutxienekoa. Baina neurriak kritika ugari jaso zituen, besteak beste, erabakia udako oporren aurreko azken saioan jakinarazi zutelako, gainontzeko diputatuen galderak erantzun beharra ekidinez.

Garaipena

Johnsonen erabakia garaipen handia da Defentsa ministroarentzat, zeinak aspaldian salatu zuen gastu militarrean egiten zen inbertsioa ez zela nahikoa. Baina iragarritako aurrekontu gehigarria ez da aski izango lehendik duten 14.500 milioi euroko zuloa estali eta teknologia berria garatzeko. Wallacek nolabaiteko oreka bilatu beharko du militarren armategi zaharra berritzeko duten beharraren eta Londresek jarritako helburuen artean.

Iragarpenarekin pozik agertu da Nick Carter armadaburua ere, eta militarrek pandemia garaian egindako lana goraipatzeko baliatu du aukera: «Ez dugu ahaztu behar COVID-19aren aurkako borrokan Erresuma Batuko soldaduek egin duten lana, garai zail hauetan herritarrei sostengua emanez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.