Balentria egiteko prest

Alaves Camp Noun irabazten saiatuko da gaur, azken bi garaipenek hauspotuta. Sivera ariko da lesionatutako Pachecoren ordez. Krisi betean dago Bartzelona

Mamadou Loum, taldekideekin gola ospatzen, joan den asteartean, Elxen aurka, Mendizorrotzan. RAUL BOGAJO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Talde gehienek oso lantzean behin izaten dute Camp Noun irabazteko aukera. Bartzelonari bisita egiten zaionean, etxera punturik gabe itzultzea da normalena. Alavesek hamalau aldiz jokatu du kataluniarren estadioan, eta bi garaipen baino ez ditu lortu, 1999-2000 eta 2016-2017ko denboraldietan. Gaur hirugarrena irits liteke. Hala sinesten dute arabarrek; batetik, Bartzelona garai oso apalak ari delako igarotzen. Ronald Koeman kaleratu egin dute teknikari postutik, eta Xavi Hernandez iritsi bitartean, Sergi Barjuan Bartzelona B-ko teknikaria eseriko da aulkian. Nolanahi ere, aurkariaren ezinaz harago, azken bi partidetako susperraldia da Alavesen fedearen sorburua. Cadiz eta Elxi irabazi ostean, edozertarako gai sentitzen dira gasteiztarrak.

Jaisteko postuetatik kanpo eta konfiantzaz gainezka helduko diote Camp Noun garaipena poltsikoratzeko erronkari. Oraintxe, defentsako sendotasuna da taldearen indargunea; gaur erabakigarria izan daitekeen faktore bat, hain justu. Hiru norgehiagoka irabazi ditu orain arte Javi Callejaren taldeak, eta hiruretan hutsean utzi du atea. Susperraldia atzetik aurrerakoa ari da izaten.

Erasoko gabeziak gorabehera, defentsako sendotasunak bere onera itzultzeko aukera eman dio Alavesi. Sartutako gol apurrak zukutu ahal izan ditu bere ateari giltzarrapoa jarrita. Hautsi eta eutsi. Formula aski ezaguna da Gasteizen. Callejak ez du erabat gustuko, baina emaitzak printzipioen gainetik egoten dira futbolean. Eta Alaveseko teknikariak egoerak eskatzen zuenera egokitu behar izan du bere estiloa.

Gaur, logikoa denez, indartu egingo du joko kontserbadorearen aldeko apustua. Aurrenekoz irabazi nahi du teknikari gisa Camp Noun: orain arte, puntu bakarra urratu du bertan zuzenduriko sei partidetan. Urak harro dira Bartzelonan, baina Calleja ez da fio. «Ez dago garairik onenean, baina munduko talderik indartsuenetako bat da».Halere, zakua puntuz betetzea izango da Alavesen helburua. «Ginga jarriko genuke garaipen batekin. Beldurrik gabe ariko gara, irabazteko kapaz garela sinistuz». Ondo defendatzeaz landa, prestatzaileak uste du «baloia ondo mugitzea» ere «funtsezkoa» izango dela.

Alavesek hirugarren norgehiagoka jokatuko du zortzi egunean, eta txandakatzeak eginez jarraituko du Callejak. «Hamaikakoan sartzen direnek erabakigarriak direla sentitu behar dute». Gaixo dago De la Fuente, eta min hartuta Pacheco. Sivera ariko da atepean. «Ikusgarria da nola lan egiten duen ikustea».

BARTZELONA-ALAVES
Bartzelona. Ter Stegen; Dest, Pique, Eric Garcia, Alba; Busquets, Nico, Gavi; Demir, Memphis eta Aguero.
Alaves. Sivera; Ximo, Lejeune,Laguardia, Duarte; Toni Moya, Loum; Pellistri, Manu Garcia, Rioja; eta Joselu.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Lekua. Camp Nou (99.354 ikusle).
Ordua. 21:30ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.