Eskuina batzeko prest dago

PSOEk irabazi ditu Andaluziako bozak, baina zail izango du ezkerreko gobernu bat osatzea. Diazek ez du dimititzeko asmorik. Vox prest agertu da PP edo Ciudadanos babesteko

Eskuina batzeko prest dago.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Andaluziako hautesleek zaplaztekoa eman diote PSOEri. Herenegun egin zituzten hauteskundeak, eta bai, sozialistek irabazi zituzten, baina han inoizko emaitzarik txarrenak izanda. PSOEk etxean jokatu ohi izan du Andaluzian: 1982az geroztik presidentetzan egon izan da, baina aurrenekoz ezin izan du gainditu botoen %30en langa, eta, 2015eko bozekin alderatuta, hamalau diputatu galdu ditu. Kontuan hartuta joan den ekainetik Pedro Sanchez dela Espainiako Gobernuko presidente, efektu hori baliatu nahi zuten Susana Diaz hautagaiarekin, 2013az geroztik Andaluziako presidente denarekin, emaitza onak lortu eta datorren urteko maiatzeko Europako hauteskundeetara segurtasunez iristeko; are, balizko boz orokor aurreratu batzuetara begira konfiantzaz ailegatzeko aprobetxatu nahi zituzten Andaluziako bozak. Baina kontrakoa gertatu zaio PSOEri. Adelante Andaluciak ere —IU eta Podemosen markak— ez ditu emaitza onak lortu, eta, horrenbestez, oso zail dute, ia ezinezko, Andaluzian ezkerreko gobernu bat osatzea.

Eskuina, berriz, indartuta atera da. PP izan da boto gehien lortutako alderdietan bigarrena, nahiz eta 2015ean baino emaitza kaskarragoak atera —zazpi diputatu galdu ditu—. Ciudadanosek, berriz, hamabi eserleku gehiago lortu ditu, 21; eta Vox eskuin muturreko alderdiak hamabi parlamentari izango ditu Andaluziako Juntan —aurreikusi baino gutxiago—. Eta, hauteskundeen biharamunean zabaldutako mezuen arabera, hirurak elkartu eta «aldaketa» deitzen diotena hauspotzeko prest daude.

Beste frontean, aldiz, Diazek ez du amore emateko asmorik, eta atzo esan zuen ez duela dimitituko. «Galdu izan banu, alde egingo nuen», nabarmendu zuen. Eta Sanchezek ez zuen su hori hauspotu nahi izan. «Nire gobernuak aurrera jarraituko du Espainiarentzako proiektu europazale eta birsortzaile bat bultzatzen», adierazi zuen Twitterren. PSOEren buruzagitzan ez dute dimisio hori baztertzen. Hain zuzen, horri buruz galdetu zioten atzo Jose Luis Abalos alderdiaren antolakuntza idazkariari. «Gure proiektu politikoaren arrakastaren menpe dago gure rola, eta beti gaude antolakuntzaren esanetara», erantzun zuen.

Abaildu antzean mintzo dira PSOEkoak, eta bozetako emaitzak aprobetxatu ditu Pablo Casado PPren buruak, Sanchezi eskatzeko hauteskunde orokorrak aurreratu ditzala. Hain zuzen ere, Casadorekin batera agerraldia egin zuen atzo Juanma Moreno PPren Andaluziarako presidentegaiak. Boz gehien lortu duten alderdietan bigarrena izan denez, iruditzen zaio Alderdi Popularrari dagokiola negoziazioen burutza hartzea, eta ohartarazpen bat egin zion Ciudadanosi: «Haien hautesleek ere ez lukete ulertuko hirugarren indarrak hartu nahi izatea aldaketaren lidertza». Casadok baieztatu zuen hitz egin duela Ciudadanosen eta Voxen buruekin, Albert Riverarekin eta Santiago Abascalekin, eta Morenok adierazi zuen gauza bera egin duela Juan Marin alderdi laranjako presidentegaiarekin. Uste du ez dela «zailtasunik» egongo akordio bat lortzeko, bi alderdiek «antzeko proiektuak dituztelako programatikoki». Eta Voxekin negoziatzeari ez dio muzin egin: «Gure marra gorria konstituzioa da».

Ciudadanosek uste du, ordea, presidentetzara heltzeko moduan dagoela. Hori azpimarratu zuen Marinek, atzo. Diazi adierazi zion pentsatu dezala ea Ciudadanosen gobernu bat «babestu» ahal duen, eta PPri emaitzek erakusten duten joera zein den gogorarazi nahi izan zion. «Hazi den aldaketarako alderdi bakarra Ciudadanos» da. Hori dela eta, gobernua osatzeko negoziazioen burutza hartzeko «legitimatuta» sentitzen da. «Andaluziarrek oso garbi hitz egin dute: Ciudadanos da modu ikusgarrian hazi den alderdi bakarra».

Eta Vox alderdi xenofobo eta misoginoa ere modu ikusgarrian iritsi da parlamentu batera. Azken urteotan Frantzian, Alemanian, Italian, Austrian eta Herbehereetan gertatu bezala, Espainian ere ordezkaritza parlamentarioa lortu du eskuin muturrak. Francisco Serrano haien presidentegaiak herenegun esan zuenez, hasi da «errekonkista». Santiago Abascal alderdiaren liderrak atzo adierazi zuen prest daudela Ciudadanosi edo PPri babesa emateko: «Ez gara oztopo izango sozialisten ustelkeriari eta komunismo chavistari aurre egingo dion gehiengo alternatibo bat egon dadin Andaluzian».

Protestak hiriburuetan

Kalean, bien bitartean, eskuin muturreko alderdiaren aurkako mugimendua sortzen hasia da: atzo, esaterako, milaka pertsona manifestatu ziren Andaluziako hiriburuetan, eta gaurko ere mobilizatzera deitu dute parlamentuaren aurrean, datozen hitzordu erabakigarriei begira.

Negoziatzeko zenbait aste edukiko dituzte alderdiek. Parlamentu berria hilaren 27an osatuko dute, eta, gainera, Legebiltzarreko Mahaiko kideak aukeratuko dituzte. Zenbait aste geroago, presidente berria inbestitu beharko dute. Lehen bozketan, beharrezkoa izango da gehiengo osoa lortzeko, baina, bigarren bozketatik aurrera, nahikoa izango da gehiengo sinplearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.