Sua kitzikatu egin da kaleetan

Hong Kongen Txinarako estradizioaren legearen aurka protestan ari zirenei gogor oldartu zaie Polizia. Erresuma Batuak eskatu dio Hong Kongi negoziazioak «eteteko» eta gaiari buruz «hausnartzeko»
Kaskoekin, maskarekin eta aterkiekin babestu ziren hainbat manifestari, atzoko protestatan.
Kaskoekin, maskarekin eta aterkiekin babestu ziren hainbat manifestari, atzoko protestatan. JEROME FAVRE / EFE

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko ekainak 13
Goizaldeko ordu txikietan ekin zioten manifestariek atzo Hong Kongeko parlamentua inguratzeari. Txinarako estradizioaren legean zer aldaketa egin adosteko bigarren bilera zuen atzo Hong Kongeko Parlamentuak, baina kanpoan zeuden milaka lagunek parlamenturako sarbidea oztopatu zutenez, negoziazioak bertan behera utzi behar izan zituzten. Gobernuak ez du argitu noiz egingo duten hurrengo hitzordua. Modu bortitzean oldartu zitzaien Polizia —5.000 agente inguru, Hong Kongeko komunikabideek jakinarazi dutenaren arabera— parlamentu inguruan elkartu ziren manifestariei: gomazko pilotak, presio handiko ura eta negar gasa bota zieten. 22 lagun eraman zituzten zauriturik ospitalera gutxienez, Hong Kongeko prentsak adierazi duenaren arabera.

Igandean milaka lagun atera ziren kalera Hong Kongen gobernuari Txinarako estradizioaren legea bertan behera uzteko eskatzeko —manifestazioaren antolatzaileen arabera, milioi bat; datu ofizialek, aldiz, esan zuten 250.000 izan zirela—. Azken urteotako protestarik jendetsuena izan zen, 2014ko Aterkien Iraultzaren ondoren —79 egun iraun zuten protestek, eta demokrazia eta sufragio unibertsala eskatu zizkioten gobernuari—. Halaber, azken asteburuko mobilizazioek ez zuten lortu gobernuaren erabakia aldatzea, Carri Lam gobernuburuak igandean berretsi baitzuen ez zutela estradizioaren legea kenduko, eta berak ez zuela dimisioa aurkeztuko.

Oposizioak salatu duena da azken urteotan Pekinek gero eta esku hartze handiagoa izan duela Hong Kongen. Besteak beste, erreforma demokratikoak oztopatzea egotzi dio Pekini, baita 2017ko hauteskundeak manipulatu izana ere —zeharkako botoa eman zuten herritarrek, eta hautagai independenterik gabe egin ziren bozak, Hong Kong Txinaren parte denetik egin bezala, eta Lamek irabazi zituen—. Hari horri tiraka, ekintzaileen iritziz, Txinarako estradizioaren legeak are gehiago urratzen dio autonomia Hong Kongi. Izan ere, lege horren arabera, Hong Kongek aukera du edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Gainera, oposizioak nabarmendu du Txinako sistema judizialarengan duen mesfidantza, eta esan du «inpartziala» eta «gardentasun gabea» dela.

Lamen gobernuak, halaber, adierazi du lege hori beharrezkoa dela «Hong Kong kriminalentzat santutegi bat» bilaka ez dadin. Gaineratu du legeak bermatzen duela presoak ez duela inongo abusurik jasango, eta preso bakoitzaren kasua «indibidualki» aztertuko dutela.

Txinako Gobernuak, berriz, babesa erakutsi zion igandean Lami, eta hala egin zuen atzo ere. Gainera, Geng Shuang Txinako Atzerri ministroak eskatu zien AEBei «hitz egiteko eta zuhurtziaz jokatzeko» Hong Kongi dagokionez.

Erresuma Batuak, etenaldia

Erresuma Batuak 1997an itzuli zion Hong Kong Txinari, baina estatus politiko berezia onartzearen truke. Estatus horrek «herrialde bat, bi sistema» printzipioa aitortzen dio, eta Txinako gainerako autonomiek ez dituzten hainbat eskumen ematen dizkio. Geroztik, baina, Hong Kongeko oposizioak hainbatetan salatu du Txinako Gobernuak etengabe manipulatu duela estatus berezia duen autonomia hori.

Potentzia kolonizatzaile ohiak, Erresuma Batuak, Hong Kongi eskatu zion atzo negoziazioak eteteko eta hausnartzeko. Jeremy Hunt Atzerri Ministroak esan zuen Hong Kongek neurriak hartu behar dituela «eskubideak, askatasuna eta autonomia babesteko»: «Hong Kongi eskatzen diot herritarren eta nazioarteko lagunen kezkei aditzeko; neurri eztabaidagarri horien negoziazioak eteteko eta hausnartzeko».

Ikusteko dago, beraz, noiz helduko dion Hong Kongeko Gobernuak estradizioaren gaiari. Bitartean, Fernando Cheung Hong Kongeko Parlamentuko diputatu liberalak eskatu zien atzo manifestariei borrokan jarraitzeko: «Hau batailaren hasiera baino ez da. Hemen jarraitu behar dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna