Turkiak nazioartearen gero eta presio handiagoa du erasoa geratzeko

Errusiak dio operazioa«onartezina» dela, eta AEBek lehen zigorrak jarri dizkiote Ankarari. SDFren arabera, 275.000 pertsonak utzia dute euren bizilekua jada, bonbardaketak hasi eta astebetera

Haur batzuk, Siriako Armada Nazionaleko kide batzuk agurtzen, atzo, Sanliurfan (Turkia). ERDEM SAHIN / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bakarrik geratzen ari da Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea: zenbait herrialdek hasieratik gaitzetsi zioten Siria iparraldean «segurtasun eremu bat» sortzeko asmoa, baina erasoa hasi eta astebetera areagotzen jarraitzen dute Bakearen iturria operazioaren aurkako erantzunek. Ofizialki, Qatarrek soilik babestu du Turkia.

Errusia giltzarria da gatazka horretan, eta hala baieztatu zuen atzo Vladimir Putinen gobernuak Sirian duen ordezkariak, Aleksandr Lavrentievek. Onartu zuen Errusiak esku hartu duela Siriako Gobernuaren eta kurduen arteko akordioan; adostasun horren bidez, kurduek Siriako tropei utzi diete lurraldearen kontrola—duela zazpi urte galdu zuen Siriako Gobernuak Rojavaren kontrola—, Turkiaren inbasioari aurre egitearen truke. Siriako armadak eta SDF Siriako Indar Demokratikoek jada kontrolpean dute Manbij hiria. Horrez gain, Lavrentievek argi utzi zuen erasoa «onartezina» dela eta ez dutela onartuko Siriaren eta Turkiaren arteko gatazka zuzenik. Errusiako Polizia militarra Manbijen dago, Siriaren eta Turkiaren arteko kontaktu mugan.

AEBak dira Rojavako gatazkako beste protagonistetako bat, eurek lurraldea uzteak erraztu baitzuen Turkiaren mugimendua. Aste barrua Erdogan hainbat aldiz mehatxatu ostean, atzo lehen isunak ezarri zizkioten Turkiari. Zehazki, gobernuko hiru ministro zigortu zituzten; Turkiako burdinari muga zergak %50 igo zizkieten; eta baztertu egin zuten bi herrialdeen artean akordio komertzial bat egiteko aukera. Steven Mnuchin AEBetako Altxorraren idazkariak adierazi zuenez, «Estatu Batuek Turkiako Gobernua egiten dute biolentziaren gorakadaren arduradun; herritar errugabeak arriskuan jarri eta lurraldea ezegonkortu du».

AEBetako iturri ofizialek atzo jakinarazi zuten Mike Pence presidenteordea «datozen 24 orduetan» joatekoa zela Turkiara, hango gobernuarekin elkartu eta su-eten bat negoziatzeko.

Munduko beste potentzia nagusiak, Txinak, ez du askotan iritzia ematen nazioarteko gatazkei buruz, baina atzo «konponbide politikoaren bide zuzenera» itzultzeko eskatu zion Turkiari. Geng Shuang Atzerri ministroaren arabera, «Siriaren subiranotasuna, independentzia eta lurralde batasuna errespetatu» behar ditu Erdoganek. Erasoaren ondorioz Estatu Islamikoko kideak ihes egiten ari direla ere salatu zuen.

Europako Batasunak herenegun neurririk hartu ez bazuen ere, banakako erantzunak bata bestearen atzetik iristen ari dira. Atzo, Italiak blokeatu zuen Turkiarako armen esportazioa —lehendik hartu zuten neurri hori Frantziak, Alemaniak eta Espainiak, besteak beste—. Turkiarekin muga egiten duen Bulgariak ere erasoa gelditu eta gatazka «diplomatikoki» konpontzeko eskatu zion Erdogani. Boiko Borissov lehen ministroaren arabera, «krisi humanitario bat bizitzeko arriskua oso handia da».

Krisi humanitarioa

Azken urteetan, SDFk kontrolatu du Rojava, eta, hark atzo zabaldu zuenez, nazioarteko erakunde guztiek bertan behera utzi dute Siria iparraldean egiten ari ziren lan humanitarioa, eta, beraz, laguntzarik gabe geratu dira han. SDFren arabera, Turkiaren erasoaren ondorioz, dagoeneko 275.000 lagunek utzi behar izan dute euren etxea; horietako 70.000 adingabeak dira.

Gerraren egoerari dagokionez, Turkiako armadak eta haren aliatu Siriako Armada Nazionalak ez dute asko aurreratu azken egunetan. Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, SDFk atzo berreskuratu zuen Turkiaren kontrolpean zen Ras al-Ain hiria, baina koalizio militarrak berak borroken berri eman zuen atzo. Turkiak, berriz, azken egunetan esan du guztiz kontrolpean dituela hiri hori eta Tel Abyad.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.