Netanyahuren aurkariarena izango da Israelen koalizio gobernua eratzeko erronka

Gantzek adierazi du batasun nazionaleko gobernu «zabala» osatzeko ahalegina egingo duela. Alderdi arabiarren koalizioa giltzarri izango da gobernua eratzeko

Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriak iragartzen. GALI TIBBON / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Israelen ez da erraza izango urtebetez iraun duen blokeo politikoaren korapiloa azkar batean askatzea, baina alderdi politikoen azken maniobrak matazaren haria aurkitzeko bidea eman dezake. Knesset parlamentuko 61 diputatu, joera antagonikokoak tartean, bat etorri dira orain arte oposizioko buruzagi izan denari gobernua osatzeko mandatua emateko: Benny Gantzena izango da, beraz, koalizio gobernua eratzeko erronka nekeza —Benjamin Netanyahuk berak baino hiru ordezkari gehiagoren babesa izan zuen—. Urdina eta Zuria koalizioko buruzagiak atzo bertan adierazi zuen ahalegin guztiak egingo dituela «egun gutxiren buruan» koalizio gobernu «nazionala, patriotikoa eta zabala»osatzeko.

Parlamentuko 120 diputatuetatik 61ek babestu zuten armadaburu ohiaren hautagaitza, tartean Zerrenda Batuak. Alderdi arabiarrez osatutako koalizioa hirugarren indarra da parlamentuan, martxoaren 2ko bozetan inoizko emaitza onenak lortuta, baina jeneral ohiari gobernua eratzeko mandatua babestu izanak ez du zertan esan nahi lehen ministro izateko ere babestuko duenik.

28 eguneko epea

Reuven Rivlin Israelgo presidenteak atzo goizean eman zion gobernua eratzeko eginkizuna Gantzi. Zentroko buruzagiak 28 eguneko epea izango du gobernu berria osatzeko, eta, epe horretan lortu ezean, beste hamalau egunekoa. Estatuburuaren hitzetan, «onartezina» litzateke bozak laugarrenez egin behar izatea.

Rivlinen asmoa, dena den, beste bat zen. Igande gauean boto gehien lortu zuten bi zerrenden ordezkariak elkartu zituen «diferentziak alboratu» eta «lehenbailehen» batasun nazionaleko gobernua eratu zezaten eskatzeko. Netanyahu eta Gantz aurrez aurre mintzatu ziren, baina beste behin agerian geratu ziren bien arteko desadostasunak. Jarduneko lehen ministroak «larrialdi nazionalerako gobernua» eratzeko proposamena egin zion bere aurkariari, agintean artekatuta, eta, koronabirusak eragindako egoera aintzat hartuta, «behin-behineko izaera» izango lukeena. Alderdi arabiarrak, baina, formula horretatik kanpo geratuko lirateke, eta hori ez dator bat oposizioan egon den alderdiaren aritmetikarekin. Gantzek, gainera, uko egin dio jarduneko lehen ministroarekin koalizioa eratzeari hura inputatuta dagoen bitartean.

Alderdi arabiarren koalizioa giltzarri izan daiteke gobernua osatzeko garaian. Gantzek, badaezpada, ez ditu bazterrean utzi nahi hamabost diputatu arabiarrak. Avigdor Liebermanen Ysrael Beiteinu eskuin muturreko alderdiaren zazpi diputatuen konplizitatea izango luke, baita ezkerreko alderdi laboristek osatu duten aliantzako seirena ere: Labor-Guesher-Meretz aliantzarena. Bi alderdi horien babesarekin gutxiengoan gobernatzeko aukera izango luke, baina, auzi askotan jarrera kontrajarriak dituzte batzuek eta besteek, eta ez luke agintaldi samur bat bermatuko. Netanyahurengana gerturatzea izango litzateke beste aukera; izan ere, paralisi politikoari aurre egingo badiote, ezinbestekoa izango da alderdi oso hetereogeneoen arteko elkar ulertzea.

Urtebeteko krisia

Iazko martxoaren 2ko bozek utzitako emaitzek ez dute duela urtebete zabaldutako zauria itxi. Netanyahuren Likud alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta aurreko bi bozetako emaitzak hobetu bazituen ere eskuineko blokearen diputatuekin, 59 orotara, gehiengo osotik bi eserlekura geratu zen. Urdina eta Zuria koalizioak Likudek baino lau diputatu gutxiago eskuratu zituen: 32. Zentroko koalizio horrek, baina, askotariko koloretako ideologiak biltzen ditu, eskuinetik ezkerrera; tartean, izan ere, arabiarrekin elkartzea marra gorritzat duten militarrak baitaude. Gantz bera armadako burua izan zen —Gazako 2014ko gerra zuzendu zuen—.

Urtebetean hirugarren hauteskundeak izan ziren iragan martxoaren 2koak. Iazko apirileko bozetan eskuineko blokea gehiengo osoa lortzeko zorian egon zen. Gobernua ziurtatzeko boto bakar baten faltan, parlamentua desegin eta beste hauteskundeetara deitu zuten irailerako. Orduan ere ez zuten blokeo politikoa gainditzea lortu. Gantzek gobernua osatuko balu, tokia kenduko lioke herrialdeko historian agintean denbora gehien egon den agintariari: Netanyahu 2009tik da lehen ministro eta aurretik beste lau urtez izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.