Bidenen lehen 100 egunak

AEBetako presidenteak %59ko babesa du. Migrazio politiken erreforma lehentasuntzat jo du Bidenek. Polizia indarkeriaren aurkako neurririk hartu ez izana kritikatu diote gizarte mugimenduek

Joe Biden, AEBetako presidentea. STEFANI REYNOLDS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bart, presidente denetik lehen aldiz, Kongresuko bi ganberen aurrean hitz egin du Joe Bidenek—Euskal Herrian goizaldeko hirurak zirenerako zegoen aurreikusia agerraldia—, lortutakoak nabarmendu eta datozen hilabeteetarako lehentasunak xehatzeko. Egun, olatuaren gorenean dago buruzagi demokrata —Pew Research Center etxearen arabera, %59ko sostengua du—; besteak beste, pandemiari aurre egiteko hartutako neurriei eta txertaketa kanpainari esker. Baina datozen hilabeteak ez dira errazak izango. Aipatu galdeketak jasotzen duenez, migrazioaren inguruko kezka handitu egin da azken urtean, %28tik %48ra igaro baita.

Ekonomiarekin eta osasun krisiarekin batera, migratzaileena da Bidenen erronka nagusia. Demokratek agintea hartu bezain laster mugako ateak zabalduko zituzten ustearekin, milaka lagun gerturatu dira Mexikoko iparraldeko mugara, AEBetan sartzeko asmoz. Hesiak lehengo tokian jarraitzen zuela ikusteak ez ditu etsi; horren ordez, mugaren bestaldera igarotzen ziren adingabeak ez zituztela kanporatzen ikusita, haiek bakarrik bidaltzen hasi ziren familiak. Ondorioz, AEBak lehen inoiz ikusi gabeko atakan jarri zituzten, herrialdearen hegoaldeko estatuek ez baitzuten nahikoa baliabide iristen ari ziren milaka adin txikikoak baldintza egokietan aterpetzeko —martxoan 19.000 adingabek gurutzatu zuten muga—.

Hain zuzen ere, hori izango da Bidenek Kongresuan egingo duen agerraldiaren ardatzetako bat: migrazio sistemaren erreforma. Hala, estatuburuak proposatuko du hiritartasuna lortzeko prozedurak zabaltzea AEBetan bizi diren 11 migratzaileentzat, eta mugako segurtasuna indartzea. Bide batez, migratzaileek asilo eskaerak euren herrialdetik egin ahal izateko bideak ere zabaldu nahi ditu estatuburuak. Migrazio planak, ordea, badu gainditzen zail izango den oztopo bat: hamar senatari errepublikanoren babesa behar dute demokratek araudia onartzeko.

Pandemia eta ingurumena

«Agintean ehun egun betetzen ditudanerako 200 milioi txerto jarriak izango ditu administrazio honek», iragarri zuen martxoaren 25ean estatuburuak. Baita lortu ere. Etxe Zurian 92 egun bete zituenean heldu ziren kopuru horretara. Kanpainaren ondorioak agerikoak izan dira: urtarrilaren 8an 300.669 kasuren berri eman zuten, eta apirilaren 27rako 51.938 ziren jakinarazitako kasu berriak.

Klima larrialdiaren aurkako borrokan ere urrats handiak egin ditu Etxe Zuriko egoiliarrak. Aginte makila hartu eta hurrengo egunean bertan, Parisko Hitzarmenera itzultzeaz gain, joan den astean, AEBek berotegi efektuari aurre egiteko hartuko dituen neurri berriak jakinarazi zituen, eta esan 2050erako karbono neutraltasuna lortzea dutela xede. Modu horretan, klima larrialdiaren aurkako borrokan ere lidergora itzuli ziren AEBak.

Bada, ordea, Bidenek oraindik neurririk hartu ez duen gai bat: polizia indarkeriarena. Iazko maiatzaren 25ean, presidentetzarako kanpaina betean, hil zuten George Floyd, eta orduan iragarri zuen Polizia gainbegiratzeko batzorde bat osatuko zuela. Ez du, baina, ezer egin, eta gizarte mugimenduak hasiak dira presio egiten, eta Poliziaren jokabidea mugatuko duen araudi bat eskatzen. Black Lives Matter mugimenduak, esaterako, afro-amerikarren aurkako indarkeria kanpaina lelo gisa soilik erabili izana egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.