Belen Arrojo. Lointek Gernikako jokalaria

«Turkian bizi izan nuena oso gogorra izan zen: ezin nuen sinetsi»

Astebete igaro da Turkian «infernua» pasatu eta Lointek Gernika Bizkaia Eurokopatik at geratu zenetik. Belen Arrojok, aurrera begiratu, eta berriz lehiatzea baino ez du buruan. Hala ere, gutxienez hurrengo asteburura arte ez dute jokatuko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Benetakoa ez zen positibo bat, pabiloi aldaketa, giro jasanezina partida guztian, epaileen erabaki ulertezinak... Infernua bizi izan zuen Lointek Gernika Bizkaiak iragan astean Turkian, eta, partida 24 punturen aldearekin hasi arren, Eurokopatik kanpo geratu zen azkenean. Belen Arrojorena (Granada, Espainia, 1995) izan zen ustezko positiboa, eta bizkaitarren kapitainak babesa eskertu nahi izan du.

Astebete igaro eta gero, nola zaude, Turkian Cukurovaren aurkako kanporaketan izandako amesgaiztoa pasatuta?

Bizi izandakoa ez dut sekula ahaztuko, baina zertxobait lasaiago nago. Ez da aste erraza izan ez niretzat, ez klubarentzat. Orain, nahi duguna da arreta osoa entrenamenduetan eta partidetan jartzea, eta Turkian bizi izandakoa ahaztea. Gernikara itzuli ginenetik saiatzen ari gara horretan, nahiz eta elkarrizketa asko egiten ari naizen gertatutakoaren inguruan, eta oraindik ere babes mezu asko jasotzen ari naizen. Baina eskertzekoa da arreta, agerian utzi behar baita. Gertatutakoa oso larria izan baitzen, kirol legearen aurkakoa.

Zuk aipatu bezala, zuretzat ez ezik taldekideentzat ere ez zen samurra izan.

Dudarik gabe. Niri pasatutakoa desatsegina izan zen. Baina haientzat ere beldurgarria izan zen. Guztiek diote inoiz jokatutako partidarik gogorrena izan zela.

Nola uler daiteke epaileek eta FIBAk hori onartzea?

Guk ere ez dakigu. Alde batetik, epaileek dena onartu zieten haiei kantxan. Erabaki guztiak haien aldekoak ziren. Turkian halakoak gertatu izan dira. Baina ulertezinena FIBAko komisarioarena izan zen. Hura zen arduradun nagusia pistatik kanpo. Hark kontrolatu behar zuen dena, baina ez zuen ezer egin. Alderantziz. Izan ere, taldekideek esan zidaten epaileen mahaiaren alboan zegoela, baina azalpenak eskatzean ez ikusiarena egiten zuela. FIBAko beste ordezkari bat ere bazegoen, eta kluba harekin hitz egiten saiatu zen. Baina palkoan zegoen, turkiarren zuzendaritzako kideekin. Gainera, FIBAko burua turkiarra da. Ezin genuen ezer egin.

Aurreko denboraldian ere Turkiako beste talde baten kontra jokatzea egokitu zitzaizuen, eta espero zenuten giroa gogorra izango zela. Baina noiz hasi zineten jabetzen are gogorragoa izango zela?

Bidaiatu aurretik. Gabonen aurretik, jokalari guztiak COVID-19arekin kutsatu ginen. Itxialdia egin, antigenoetan negatibo eman, eta entrenatzen hasi ginen. Bagenekien ez zela partida erraza izango, denbora egin genuelako entrenatu gabe. Bidaiatzeko berriro ere antigeno testak egin genituen, Turkiara lasaiago joateko. Baina ia bidaiatzear ginela, medikuak FIBAren mezu elektroniko bat jaso zuen Adanan PCR bat egin beharko genuela zioena, eta positibo emanez gero han bete beharko genuela berrogeialdia. Klubak FIBAri galdetu zion ea posible zen PCR hori bidaiatu aurretik egitea, baten batek berriro ere positibo emanez gero ez bidaiatzeko, eta berrogeialdia etxean egiteko. Baina ezetz esan zioten. Lasaiago bidaiatzeko, Madrilen egiten ahalegindu zen kluba. Baina ez zuen denbora ematen, emaitza jasotzeko 12 ordu itxaron behar genuelako. Istanbulgo aireportuan egin genuen, eta denek negatibo eman genuen. Ziur ginen Adanakoak ere negatibo emango zuela. Baina partida egunean bertan, bazkaltzen ari ginela, esan ziguten Adanakoan nik positibo eman nuela. Hango erietxe batera eraman ninduten beste proba egitera. Baina jada ez zuen denbora ematen ni partidan egoteko. Gainera, bakartu egin behar izan nuen hoteleko logelan.

Gogorrak izan ziren ondorengo orduak, ezta? Are gehiago zure taldekideek partidan izan zuten giroa ikusita?

Dudarik gabe. Batetik, mezu mordoa nuen nola nengoen galdezka. Eta, bestetik, ezin nuen sinetsi taldekideak partidan zer psatzen ari ziren. Oso urduri nengoen, amorratuta. Bidegabea zen pasatzen ari zitzaiguna. Gainera, beldurtuta nengoen. Izan ere, berriro ere PCR proban positibo emanez gero, hamalau egunez han egin behar nuen itxialdia.

Hain egun gutxi igarota gaixotasuna pasatu zenuenetik, noizbait pentsatu zenuen oker zeudela?

Oso arraroa zen, eta medikuek ere hala zioten.Baina birus honekin batek daki. Gurekin bidaiatu zuen klubeko kide batek eman zidan berria. Hasieran ez nion sinetsi. Baina berehala konturatu nintzen ez zebilela txantxetan.

Partida nola bizi izan zenuen?

Oso gaizki. Negar asko egin nuen, taldekideak nola ari ziren sufritzen ikusita, eta nik ezin nielako lagundu. Haien larruan jarri, eta zegoen giroarekin jokatzea ezinezkoa zela sentitzen nuen. Partida amaituta, ia ezkutuan, logelako atera etorri ziren nola nengoen jakitera. Ez genuen nahi hoteleko segurtasuneko arduradunek ikusi eta kontaktu estuagatik haiek ere han itxita egon behar izatea.

Zer kontatu zizuten partidaz taldekideek?

Guztiek zioten sekula jokatu duten partidarik gogorrena izan zela. Giroa jasanezina zen. Zegoen soinuarekin ezinezkoa zen kontzentratzea, eta epaileen erabakien aurrean inpotentzia handia izan zuten.

Ez zuten pentsatu jokatzen ez segitzea?

Bidaiatu aurretik, eta PCRen kontua eta jokatu behar genuen pabiloia aldatu zela ikusita, klubak pentsatu zuen horretan. Izan ere, dena oso arraroa zen. Baina, azkenean, bidaiatzea erabaki zen. Hala egin ezean, isuna jasotzeko arriskua genuen, eta Eurokopako plaza galtzeko. Ez genuen halakorik nahi. Gainera, merezi genuen partida jokatzea. Kirol legez iritsi ginen horretara.

Eta noiz jaso zenuen azkenean PCRaren emaitza?

22:00ak aldera izango zen. Baina oraindik bigarren bat egin behar nuen, hango protokoloak bi probetan negatibo ematea eskatzen baitzuen. Beraz, ezin izan nuen taldekideekin bidaiatu. Eskerrak Mario [Lopez entrenatzailea] nirekin geratu zen. Asko eskertu nion. Bi emaitzak negatibo zirela jakin nuenean, batetik, lasaitu handia hartu nuen, baina, bestetik, amorrua ere sentitu nuen egoeragatik. Kapitaina izanda, are gehiago. Hona iristean, nahiz eta oso nekatuta egon, entrenatzera joan nintzen taldekideekin. Oso hunkigarria izan zen. Beharra nuen haiek ikusteko. Elkar besarkatu eta entrenatu ostean, tentsio handia askatu nuen. Orduan hasi nintzen lasaitzen.

Joaneko partidan zerbait gertatu zen Turkiako taldeak halako jarrera izateko? Izan ere, hurrengo egunean bideo eta ohar nahiko iraingarriak kaleratu zituzten zuen kontra.

Oharra, iraingarria izateaz gain, gezurrez josita zegoen. Adibidez, aipatu zuten guk Istanbulen egin genuena antigeno test bat izan zela. Baina PCR bat izan zen, eta mediku agirietan argi geratzen da. Bestalde, esan zuten joanekoan bozgorailu bat jarri genuela haien aulkitxoaren ondoan, eta hori ez da horrela. Ez zen ezer gertatu. Partida telebistan eta FIBAren Youtubeko kanalean eman zuten, eta argi dago ez zela ezer gertatu. Gainera, esaten dute nik ez jokatzea ez zela hain larria, gutxien jokatzen zuen jokalarietan bigarrena nintzelako, eta nik nituela estatistika txarrenak. Hori ere gezurra da. Eta bideoan, barre egiten dute guk bizi izan genuenaz. Horrek guztiak argi erakusten dute nolakoak diren. Horregatik, klubak beste ohar bat atera behar izan zuen.

Uste duzu haiek ez zutela joaneko norgehiagokako porrota barneratu?

Ez dut nahi horretan sartu, aurrera begiratu nahi baitut. Baina argi dago joanekoan oso nagusi izan ginela. Partida biribila egin genuen. Haiek, nahiz eta faboritoak izan, ez zuten beren egun onena izan. Gainera, entrenatzailea aldatzetik zetozen. Halakoak kirolean gertatzen dira, eta onartu egin behar dira. Guk, gainera, errespetu osoz heldu genion neurketari. Nahiz eta 24 puntuko errenta izan, bagenekien ez zela erraza izango. Baina galduz gero, izan zedila kiroltasunez, edo guk gauzak gaizki egin genituelako. Egin zutena ikusita, ez zuten itxaropen handirik kiroltasunez guri irabazteko.

Partidan ez, baina orain FIBAk neurririk ez hartzea nola ikusten duzu?

Pabiloian gertatu zena kontuan hartuta, ezin da ezer egin. Normala da, bai klubak baita Espainiako Federazioak ere, ezer ez egitea, eta istiluetan sartu nahi ez izatea. Kalte besterik ez liguke egingo. Ikusi beharko da zer gertatuko den orain. Izan ere, haiek Caroloren aurka jokatu behar dute, eta ziur frantziarrak izututa egongo direla, arriskua ikusten dutelako guri pasatu zitzaiguna gertatzeko. Adi egongo dira.

Turkiako jokalarien aldetik jaso duzue mezuren bat? Izan ere, zuen larruan jarri, eta konturatu behar zuten zein egoera gogorra pasatzen ari zineten.

Ez, ez ziguten ezer esan, eta nire kasuan banuen idatziko zigutenaren itxaropen txiki bat. Izan ere, haien jokalarietako bat, Yvonne Turner, taldekide izan nuen Zaragozan. Oso atsegina zen, eta harreman ona genuen. Baina ez dit idatzi ere egin. Beharbada, klubetik aginduren bat jasoko zuten gurekin ez hitz egiteko, edo ez ziren egiazki jabetu gertatutakoz. Baina nik, egoera horretan, idatzi egingo nuen.

Bizi izandakoak indartsuago egin zaituzte talde moduan? Eta zu jokalari gisa?

Beti esan izan dut txarrenetik eregauza onak ateratzen direla. Eta kasu honetan ere hala espero dut. Aipatu bezala, elkartu ginen unea berezia izan zen. Nire kasuan denbora asko daramat kirol psikologo batekin lanean. Logelan itxita nengoela harekin hitz egin nuen, eta asko lasaitu ninduen. Barruan nituen emozioak atera behar nituen.

Zer ikasi duzu esperientzia honetaz?

Kirolari moduan bizi izan dudan esperientzia gogorrena da. Baina muturreko egoera horietan konturatzen zara zein indartsua zaren. Bestalde, ederra da ikustea zenbat jendek maite nauen, oraindik jasotzen segitzen baitut.

Jende askoren babes mezuak jaso zenituela diozu, besteak beste Alexia Putellas futbolariarena. Nola jaso zenituen?

Asko lagundu ninduten. Alexia gelakide izan nuen eskolan, Joaquin Blume errendimendu zentroan ginenean.

Orain gogoz egongo zarete berriz lehiatzeko. Baina COVID-19a tarteko, ezingo duzue. Hurrengo bi lehiak atzeratu egin zaizkizue.

Hala da, ez dira aste errazak izaten ari, jokalari batek nahi duena lehiatzea baita. Baina talde guztiak bizi dugun egoera da. Egin behar duguna da ondo entrenatzea, pandemiaren egoerak onera egiten joan ahala partida asko jokatu beharko baititugu segidan.

Mentalki sasoi hau gogorragoa izaten ari da aurrekoa baino?

Abendura arte ez. Pandemia hobera egiten ari zenez, kontrolak gutxiago ziren. Orain, dena gehiago zorroztu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.