DUPen arabera, «mezu argi bat bidaltzen» ari da erakundeak blokeatuta

Alderdi unionistak betoa jarri dio Ipar Irlandako Asanbleako presidentearen izendapenari, eta horrek lehen ministroa aukeratzea ere eragotzi du

Ipar Irlandako Asanblea, Belfasten, iragan asteko irudi batean. MARK MARLOW / EFE.
ander perez zala
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
DUP Alderdi Demokratiko Unionistak Ipar Irlandako bi erakunderik garrantzitsuenak blokeatu ditu: gobernua eta Asanblea. Alderdi unionistak uko egin zion, atzo, parlamentuko presidentea aukeratzeari —nazionalisten eta unionisten oniritzia behar da izendapena onartzeko—, eta, erabaki horren ondorioz, Asanblea ezingo da elkartu ohiko jardunerako. Beto horrek helburu bakarra du, Jeffrey Donaldson alderdiko buruzagiak argudiatu baitzuen Erresuma Batuko Gobernuari eta EB Europako Batasunari «mezu argi bat bidaltzen» ari zaiela protokoloaren aferan; edo, beste modu batera esanda, DUPek Londres behartu nahi du «ekintza erabakigarriak» egitera itun horretaz dituen desadostasunen inguruan.

Alderdi unionistak iragarria zuen lehen ministroaren eta lehen ministrordearen izendapenak blokeatuko zituela —protokoloagatik eta Sinn Feinek duelako gobernuburua izendatzeko eskubidea—, baina zalantzak zeuden zer egingo zuen parlamentuko presidente karguarekin. Betoa, hortaz, erabatekoa da Irlanda iparraldeko erakundeetan.

«Devolution [sistema autonomikoa] berreskuratu zen New Decade, New Approach adostasunaren oinarrietan [gobernabidea bermatzeko alderdi arteko ituna da, 2020koa]. Dokumentuaren alderdi guztietan aurrerapausoak ikusi ditugu, batean izan ezik; eta hori da Erresuma Batuko Gobernuak legeak egingo zituela Ipar Irlandak Erresuma Batuaren barne merkatuan duen tokia bermatzeko», esan zuen Donaldsonek erabakiaren berri emateko atzo goizean argitara emandako ohar batean.

Londresek eta Bruselak adostu zuten protokoloa, eta bi helburu nagusi ditu: Irlandako irlan muga gogorraren itzulera eragoztea, eta EBren merkatu bakarra babestea. Itun horren bidez, Ipar Irlanda merkatu horren arauekin lerratu da produktuei dagokienez, eta horrek berekin ekarri ditu kontrolak Irlanda iparraldeko portuetan. Unionistak, hala eta guztiz ere, kexu agertu dira akordio horrekin, argudiatu baitute Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean «muga bat» sortu duela, eta «kolokan» geratu dela lurraldeak erresuman duen «tokia».

Atzoko adierazpenen bitartez, DUPen buruzagiak argi utzi nahi izan zuen «pazientzia» duela, eta, beraz, auzi horren irtenbidea ez dela epe laburrean iritsiko. «Unionisten kezkak ez dira Stormonten [Ipar Irlandako Asanblea] eragina izaten ari den borroka politiko soil bat. Protokoloa zuzeneko erronka bat da Ipar Irlandan azken 25 urteetan adosturiko itun guztien oinarrientzat», adierazi zuen oharrean.

Asanbleako presidenterik gabe, diputatuek ezingo dituzte Ipar Irlandako lehen ministroa eta ministrordea aukeratu; eta, egunerokoan, ez dute eztabaidarik izango, eta ezingo dute batzorderik osatu, ezta horietan parte hartu ere. Ministroek karguan jarraitu ahalko dute, jardunean, baina haien eskumenak mugatuta egongo dira, ez baitira gobernu baten parte izango, eta ezingo dute beste erabakirik hartu.

Donaldson horren jakitun da, baina, parlamentuan argudiatu zuenez, protokoloa «kalte handia» egiten ari zaio Ipar Irlandari, eta hori dute egungo lehentasuna, batez ere «azpijana egiten» diolako egonkortasun politikoari. Agintari unionistarentzat, lurraldeko ekonomiari itun horrek egiten baitio «kalte», eta horren ondorio da bizitzaren garestitzea, adibidez. Paul Givan alderdikideak gaineratu zuen DUP «jasankorra eta arrazoizkoa» izan dela, baina orain «ekintzetarako garaia» dela, eta ez «hitzetarakoa».

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroak herenegun ohartarazi zuen Londresek «ekitea beste aukerarik» ez duela izango EBk ez badu «malgutasuna» erakusten bi aldeen arteko negoziazioetan —Erresuma Batuko hedabide batzuen arabera, «ekintza» horietako batzuk izan daitezke protokoloa urratzea—.

Lewisen «etsipena»

DUPen betoak denetariko erreakzioak eragin zituen, eta gehienak kritika negatiboak izan ziren. Horren adibide da Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak esandakoa: «Ipar Irlandako herritarrek botoa eman dute, eta gobernu egonkor eta erantzule bat merezi dute. Alderdiei dei egiten diet elkartzera eta gobernu bat osatzera».

Sinn Feinek irabazi zituen iragan asteko bozak, eta ordezkaritzarik handiena lortu zuen, 27 aulki bilduta; DUPek hiru galdu zituen, eta 25 eserleku izango ditu aurrerantzean. Ordena horren ondorioz, lehen aldiz alderdi nazionalista bati dagokio gobernuburua proposatzea, baina indar unionistak jakinarazi zuen blokeatu egingo zuela lehen ministroaren —eta haren ordezkoaren— izendapena. Egoera horretaz eta atzo gertaturikoaz MichelleO'Neill Sinn Fein alderdiko presidenteordeak esan zuen DUP «publikoa zigortzen» ari dela, eta «lotsagarria» dela Donaldsonek harturiko erabakia.

Donaldsonek aginduriko blokeoaren ondorioz, Ipar Irlanda beste krisi politiko batean murgilduko da, eta Erresuma Batuko Gobernuaren eta Europako Batzordearen arteko tentsioa are gehiago handituko da brexit-aren auzian. Berez, baina, Asanbleako diputatu gehienak protokoloa mantentzearen alde daude; 53 diputatu dira, 90etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.