Kapitolioan «estatu kolpea» ematen saiatu izana leporatu diote Donald Trumpi

Batzordeak esan du AEBetako presidente ohiak «legez kanpoko ekintzak» egin zituela. Trumpek salatu du ez dituztela jaso bere aldeko lekukotasunak

AEBetako Kapitolioari egindako erasoa ikertzen ari den batzorde legegilea xehetasunen berri ematen, herenegun iluntzean, Washingtonen. JABIN BOTSFORD / EFE.
Edu Lartzanguren - Mikel O. Iribar
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Duela urte eta erdi AEBetako Kapitolioari egindako erasoa ikertzen ari den batzorde legegilea xehetasunen berri ematen hasi zen herenegun iluntzean —Euskal Herrian, atzo, 02:00etan—. Lehenengo saioan, AEBetako Donald Trump presidente ohi errepublikanoari (2017-2021) «estatu kolpea» ematen saiatu izana egotzi zioten. Batzordearen helburua da frogatzea Kapitolioaren aurkako erasoa ez zela gertaera «bakan bat» izan, «zenbait urratsekin koordinatutako ahaleginen emaitza baizik, Joe Biden AEBetako presidente demokratak agintea har ez zezan». 2021eko urtarrilaren 6an, Kapitolioaren aurkako oldarraldian, bost pertsona hil ziren.

Bi alderdietako lekukoak mintzatu ziren herenegungo saioan, eta gogor hitz egin zuten presidente ohiaren kontra. Liz Cheney batzordeko presidenteorde eta Wyoming estatuko ordezkari errepublikanoak —Trumpen aurka egiteagatik zuzendaritzatik kanporatu zuten iaz— esan zuenez, Trumpek piztu zuen «erasoaren garra». Haren arabera,AEBetako presidente ohiak «hainbat fronte» ireki zituen Etxe Zurian jarraitzeko, «legez kanpoko ekintzen bidez».

Jarraian, Cheneyk estatubatuarrei mezu zuzena bidali zien: «Estatubatuar guztiek kontuan izan behar dute hau: urtarrilaren 6ko goizean, Trumpen asmoa zen AEBetako presidente izaten jarraitzea, nahiz eta 2020ko hauteskundeen emaitza legezkoa izan eta botereari uko egiteko betebehar konstituzionala izan». Horrez gain, batzordeko presidenteordeak adierazi zuenez, lekuko batek esan zien matxino saldoa Mike Pence presidenteordea urkatzeko oihuak aireratzen hasi zenean Trumpek «merezi du» esan zuela. Ondoren, Bennie Thompson demokratak hitz egin zuen, eta, haren esanetan, matxinadak AEBetako demokrazia «arriskuan» jarri zuen. «Urtarrilaren 6a estatu kolpe saiakera baten gailurra izan zen».

Trump 2020ko hauteskundeetako emaitzak baliogabetzeko konspirazio horren «erdigunean» zegoela frogatzen ari da batzordea. Horretarako, 11 hilabetez mila lekuko baino gehiago elkarrizketatu ditu, eta 140.000 dokumentutik gora aztertu. Horrez gain, argitaratu gabeko material grafikoa erakusten ari da, eta Trumpen jarraitzaile talde bat Kapitolioari eraso egiteko asmoen laburpen bat eskaintzen ari da.

Elkarrizketatuen artean, Trumpen ingurukoak ageri dira zerrendan, eta horien adierazpenetatik ateratako ondorioak aurkeztu zituzten. Besteak beste, Bill Barr AEBetako fiskal nagusi ohiaren hitzak jaso zituzten: esan zuenez, behin eta berriz esan zion Trumpi hauteskundeak galdu zituela, eta iruzurra salatzea okerra zela. «[Trumpi] Esan nion erokeria handi bat zela, denbora galtzen ari zela eta herrialdeari kalte handia egiten ari zitzaiola», gaineratu zuen. Bestalde, Ivanka Trump presidente ohiaren alabak fiskal nagusi ohiarekin hitz egin ostean aldatu zuen iritzia, eta iruzurrean sinesteari utzi zion, Barren esanetan.

Elkarrizketen laburpenez gain, batzordeak hamar minutu inguruko bideo bat erakutsi zuen, zeinean Kapitolioan jazo ziren ekintza bortitzenetako batzuk ikusi ahal izan ziren, Bidenen garaipena ziurtatzea saihesteko.

Ikusleen artean, bestalde, Harry Dunn polizia afro-amerikarra zegoen, «eraso arrazistak» jasan zituena, eta Serena Liebengood poliziaren alarguna; erasoa gertatu eta egun batzuetara bere buruaz beste egin zuen Liebengoodek.

Ikerketa batzordeak, halaber, beste bideo bat argitaratu zuen, eta bideo horretan, manifestari batzuk Caroline Edwards poliziari eraso egiten ari zirela erakusten zen. Polizia hura izan zen erantzun zuen lehenengoetako bat, eta «garuneko lesio handi bat» izan zuen, jasandako zaurien ondotik. Edwardsek nabarmendu zuen Kapitolioa «gudu zelai bat» bilakatu zela egun hartan.

Trump, batzordearen aurka

Trumpek batzordearen kontra hitz egin zuen bere plataforman. Presidente ohiak salatu zuenez, ikertzaileek ez dituzte aurkeztu nahi izan bere aldeko lekukotasunak. Gaineratu zuen batzordea «aukeratu gabeko ekintzaile politikoek» osatzen dutela. Horrez gain, gogor jo zuen Nick Quested zinemagilearen kontra. Proud Boys eskuin muturreko taldeko kideei kamerarekin jarraitu zien Questedek erasoaren aurreko egunetan eta matxinadaren egunean bertan. Egin duen dokumentalean ikusten da nola joan ziren prestatuz erasoa. Izan ere, taldeko 250-300 kide inguru Kapitolioa aztertzera joan ziren aurretik. «Batzordeak albiste faltsuak sortzen dituen ABC kateko dokumentalista bat erabili du irudi txarrak bakarrik erakusteko», adierazi zuen Trumpek.

Batzordearen saioa AEBetako telebista kate nagusi guztietan eman zuten, zuzenean, Fox eskuindarrean izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.