Gerra Ukrainan

Putinek AEBei esan die Patriot misilen aurkako «antidotoa» topatuko duela

Kremlinen ustez, Washingtonek Ukrainari laguntza militarra areagotzea ez da «lagungarria» gatazka konponbidean jartzeko. Pentagonoak jakinarazi du Wagner taldeak armak erosi dizkiola Ipar Koreari

Boluntario bat bi emakumezkori jaki beroak banatzen, atzo, Iziumen (Ukraina). SERGIY KOZLO / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
AEBek jarraituko dute Ukrainari humanitarioki eta militarki laguntzen. «Ez zaituztegu inoiz bakarrik utziko», adierazi zion Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari, herenegun gauean, Washingtonen, elkarrekin bi orduz batzartu ondoren egin zuten agerraldian. Joan den otsailetik,AEBek 20.700 milioi euro inguru gastatu dituzte Ukraina militarki laguntzen, eta, Errusiaren inbasioa hasi zenetik Zelenskik atzerrira egindako aurreneko bidaia baliatuz, Bidenek iragarri zuen beste 1.700 milioi euroko diru sail batekin hornituko duela Kiev, militarki. Kasu honetan, Patriot misil sistema ere bidaliko dio. Vladimir Putin Errusiako presidenteak AEBei erantzun die aireko defentsa sistema horren aurkako «antidotoa» topatuko dutela.

Errusiako Gobernuaren ustez, Bidenek iragarritakoak ez dira «lagungarriak» gatazka konponbidean jartzeko —«kontrakorako baizik»—, eta iruditzen zaio, gainera, ez dutela eragotziko Errusiak bere helburuak lortzea. Hori adierazi zuen atzo Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. G7koen taldeak ere atzo baieztatu zuen, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroaren ahotik, «behar beste denboraz» lagunduko diotela Ukrainari, humanitarioki eta militarki.

Patriot misilak hemezortzi herrialdetan hedatuta daude; esaterako, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko zenbaitetan, Israelen, baita Yemenen ere, Saudi Arabiak erabil ditzan. Azken hilabeteetan AEBek Ukrainari emandako beste aireko defentsa sistema batzuek ez bezala, Patriot misil bateriek Errusiak jaurtitako misil balistikoak atzeman eta erorarazi ahal izango dituzte, baita gehienez 160 kilometrora dauden helburuak jo ere.

Mendebaldeko aliatuek azken hilabeteetan Ukrainari emandako armarik sofistikatuena da, eta Etxe Zuriak jakinarazi du Ukrainako indarrek, eman zaizkien beste armekin gertatu bezala, prestakuntza jasoko dutela erabiltzen ikas dezaten. «Denbora beharko dute».

Bidenek herenegun esan zuen sistema horrek ez duela gerraren maila handitzen. «Defentsiboa da». Putinen esanetan, Patriot sistemak ez du beren S-300ak «bezain ondo» funtzionatzen, eta «nahiko zaharkituta» dago. Horrekin lotuta, Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk atzo adierazi zuen Errusiako Wagner mertzenario taldeak Ipar Koreak ekoitzitako armak erosi dituela. James Cleverly Erresuma Batuko Atzerri ministroaren esanetan, Putinek Ipar Koreara jotzea arma bila «desesperazio seinale bat» da.

Kremlinen egindako agerraldi batean mintzatu zen Putin, eta nabarmendu zuen, gainera, gatazka armatu guztiak, «modu batean edo bestean», negoziazio mahai batean bukatzen direla. «Baina Ukrainako agintariek debekatu egin dute Errusiarekin negoziazioak izatea».

Hain zuzen, Zelenski Andrzej Duda Poloniako presidentearekin bildu zen Varsovian, AEBetatik bueltan. Errusiako inbasioaren ondorioz errefuxiatu gehien jaso dituen herrialdea da Polonia: 1,5 eta bi milioi artean. Europako Batasunak , bestalde, Bruselara gonbidatu du Ukrainako presidentea. Talde komunitarioak atzo iragarri zuen bilera bat egingo duela Ukrainarekin otsailaren 3an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.