Albistea entzun

Hasteko, aurkaririk zailena

Realak Inter Milanen aurka abiatuko du Txapeldunen Ligako multzoen fasea, gaur, Donostian. Imanol Alguacilek hiru jokalari falta ditu: Aritz Elustondo, Carlos Fernandez eta Andre Silva

Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, azalpenak ematen, talde txuri-urdinak atzo Zubietan egindako entrenamendu saioan.
Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, azalpenak ematen, talde txuri-urdinak atzo Zubietan egindako entrenamendu saioan. JUAN HERRERO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2023ko irailak 20

Hamar urteren ostean, Txapeldunen Ligako ereserkia Anoetan entzungo da berriro. Ordu hartan, Manchester Unitedekin, Bayer Leverkusenekin eta Xakhtar Donetskekin osatu zuen Realak multzoa, eta, puntu bakarra bilduta, sailkapeneko azkeneko postuan amaitu zuen. Denboraldi honetan, berriz, Benficaren, Salzburgoren eta Inter Milanen multzo berean egongo da, D multzoan, eta helburua kanporaketetara igarotzea da. Txuri-urdinek hirugarren aldiz jokatuko dute kluben arteko Europako txapelketarik garrantzitsuena.

>Ikusi gehiago: Aritz Elustondo: «Behin harmailetatik sentitu nuena zelaian bizi nahi dut orain»

>Emaitzei dagokienez, Realak ez du ondo hasi liga, sei puntu baino ez baititu bildu lehendabiziko bost jardunaldietan. Edonola, eta asteburuan Real Madrilen aurka galdu arren, Imanol Alguacilek entrenatutako taldearen sentipenak ez dira txarrak. Santiago Bernabeun, bikain jokatu zuen lehen zatian, eta, aurrez, Granadaren aurka partida ona egin zuen, baita irabazi ere. «Ez gara konformatzen txapelketa jokatzearekin. Gure jokoa erakusten badugu, etxean arituko garela jakinda, partida irabazteko aukera daukagu. Hori da helburua. Taldeari duen nortasuna erakusteko eskatzen diot», adierazi zuen Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak atzo, partidaren aurreko agerraldian.

>Entrenatzaile oriotarrak Carlos Fernandez eta Aritz Elustondo falta izango ditu, lehena zigortuta baitago, eta bigarrena, berriz, min hartuta. Andre Silva aurrelari portugaldarra ere ez dago zerrendan; halere, taldekideekin entrenatzen ari da jada.

>Ikusi gehiago: Italiar estiloa, behar duenerako gordea

>Europako denboraldiari hasiera emateko, multzoko aurkaririk zailena hartuko du Realak: Inter Milan. Simone Inzaghik entrenatutako taldea Txapeldunen Ligako txapeldunordea da, eta Italiako Ligako liderra da lehen lau jardunaldietan irabazi ostean. Gainera, Lombardiako taldeak 5-1 irabazi zion Milani larunbateko derbian, eta indartuta ailegatuko da Donostiara.

>Jokatu dituen lau partida horietan Inzaghik hamaikako ia berbera zelairatu badu ere, gaur aldaketa batzuk egitea espero da. Hala, Benjamin Pavard erdiko atzelari frantziarrak debuta egingo luke Interrekin —Bayern Munichetik fitxatu dute, 30 milioi euroren truke—, eta baliteke Marko Arnautovicek eta Davide Frattesik ere lekua izatea lehen aldiz hasierako hamaikakoan. Hakan Calhanogluk ez du jokatuko, min hartuta baitago, eta Davy Klaasen edo Kristjan Asllani ariko da haren ordez.

>Italiarrak, borrero

>Historian hirugarren aldiz neurtuko dituzte indarrak Realak eta Interrek. Izan ere, 1979-1980ko denboraldian, UEFA kopan, final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu zuten elkarren aurka: Italian, etxeko taldea 3-0 nagusitu zen, eta, Atotxan, Realak 2-0 irabazi zuen. Hain justu, neurketa hori da Italiako taldeen aurka jokatutako zortzi partidetatik txuri-urdinek irabazi duten bakarra. Esaterako, aurreko denboraldian Jose Mourinhoren Erromak kanporatu zuen Reala Europa ligatik, final-zortzirenetan: italiarrek 2-0 irabazi zuten etxean, eta hutsean berdindu zuten Anoetan.

>Gaurko partidarako, Milango 900 tiffosi espero dituzte Donostian; horietatik berrehun ultrak izango direlakoan, segurtasun neurriak indartu dituzte.

REALA-INTER MILAN
Reala. Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Tierney; Brais Mendez, Zubimendi, Merino; Kubo, Oiartzabal eta Barrenetxea.
Inter Milan. Sommer; Dumfries, Pavard, De Vrij, Bastoni, Dimarco; Klaasen, Barella, Frattesi; Arnautovic eta Lautaro Martinez.
Epailea. Michael Oliver (Ingalaterra).
Lekua. Anoeta (40.000 ikusle).
Ordua. 21:00 (Movistar Liga de Campeones).

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean
Chima Moneke Baskoniako jokalaria eta Xavi Rabaseda Bilbo Basketekoa, lehian, Euskal Kopan. Bertan behera geratu zen partida, hezetasunagatik. ©SASKI BASKONIA

Zalantzak eta ziurtasunak

Mikel Reina

Baskoniak eta Bilbo Basketek bihar ekingo diote ACB ligari. Gasteiztarrek Lugon jokatuko dute, Breoganen aurka. Bilbotarrek, berriz, Andorra jasoko dute Miribillan.
Oihan Sancet, gola ospatzen. Athleticek Alavesi sartutako bigarrena izan da. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Zuri-gorrientzat izan da derbia

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean.

 ©BERRIA

Zantzu onak indartu nahian

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek eta Athleticek sasoiko bigarren derbia jokatuko dute gaur, Gasteizen. Arabarrek etxeko hirugarren garaipena lotu nahi dute. Bizkaitarren asmoa emankor jarraitzea da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.