Donostiako 71. Zinemaldia. Donostia Saria

Erize: «Jatorrian, film bat ikustea kontenplazio ekintza bat zen»

Zinema ikustearen «esperientzia publikoa» eta aretoak defendatu ditu Victor Erizek 'Cerrar los ojos' filma aurkeztu berritan. Ana Torrent aktorearen eskutik jaso zuen atzo gauean Donostia saria

Victor Erize zinema zuzendaria, atzo, Donostian, Lumiere anaiei keinu egiten dien kamiseta erakusten. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia «
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Seguru dakit gizonaren obra ez dela ibilaldi luze bat baino, helburu duena berreskuratzea, artearen zeharbideak igaroz, bizpahiru irudi soil eta apartak, lehen aldiz bihotza zabaldu ziotenak». Albert Camusi hartuta esan zituen behinola hitzok Victor Erizek (Karrantza, Bizkaia, 1940), eta saria jasotzean irudi horietakoren bat oroituko ote zuen galdetuta, esan zuen halakorik ez zekiela, bai, ordea, hori izan dela egin duen guztian jokoan egon den ideia: «Asmoa horixe da zinema esperientzia existentzial bat bezala hartzen denean, eta hori nik, ondo edo gaizki, egin ahal izan dudan guztian dago».


Atzo gauean jaso zuen Erizek Donostia saria, Viktoria Eugenia antzokian —saria aurrez aurre jaso duen bakarra izan da aurten—, eta ostean erakutsi zuten haren lan berria, Cerrar los ojos. Miguel Garay izeneko zinema zuzendari baten (Manolo Solo) istorioa kontatzen du; duela urte asko, bere azken filma ezin izan zuen amaitu aktore nagusia eta haren laguna, Julio Arenas (Jose Coronado) desagertu egin zelako, eta kasua berreskuratuko du telebista saio batek orain. Ana Torrentek ere parte hartzen du filmean, El espíritu de la colmena (1973) Erizeren estreinako lan goratuan egin bezala, eta haren eskutik jaso zuen saria, hain justu, Erizek.

Prentsaren aurrera goizean agertu zen zuzendaria, hunkituta, eguzkitakoak kendu gabe, eta Lumiere anaien kamiseta soinean. Defendatu zuen lehen ideietako bat arteak sendatzeko duen ahala izan zen. «Liburuek, koadroek, musikak, filmek, modu batean edo bestean, aldatu egiten gaituzte. Ezagutzan hazi gara». Gaztetan ezagutu zuen Jorge Oteiza aipatu zuen orduan, hunkituta. «Zerbait irmoa esaten zuen: 'Arteak hil behar du gizona bizi dadin'. Pentsatzen zuen ez dagoela funtzio sozial bat bete dezakeen egiazko hezkuntzarik heziketa estetikoa kontuan hartzen ez bada».

Espainiako zinemagintzak gehien goratu duen zuzendarietako bat da Erize, baina ezohiko ibilbidea da harena; hiru film luzeetan azkena, El sol del membrillo, 1992an aurkeztu zuen, eta eskolak ematen eta bestelako lanak egiten aritu da ordutik. Berriz film luze bat egiteko motibazioa «premietan oinarrizkoena» izan dela azaldu zuen —«existentziaren erreprodukzio bat»—, eta deserosotasuna agertu haren «itzulera» modu «epiko» batean hartu ahal izan delako. «Barkatuko didazue, baina epikaz ez naiz fio. Iradoki da 30 urte direla ez dudala film bat egiten, baina zinemagile lanaren barruan ikusten dut Bilboko Arte Ederretarako egin nuen bideo instalazioa [Harria eta zerua] edo egindako film laburrak. Ikus-entzunezkoen markotik kanpo, non soilik film luzeak kontatzen diren, egiazko bizitza dago, eta uste dut bizitza handiena sistemaren periferian dagoela». Filmari «testamentu izaera» eman izana umorez hartu zuen: «Hori onartzen badut, ez zait argizari museoa baino geratzen».

Aretoan eta zoriaren alde

Zinemak zer eman dion galdetuta, zera esan zuen: «Nire belaunaldikooi munduko hiritar izateko eta gure maisuak aukeratzeko aukera eman ziguten filmek. Munduan sakabanatutako zinemagileak ziren, ez zutenak artista estatuturik. Sinisten dut artea egiten ari den kontzientziarik ez duen zinemagilearen sormenean. Nik ez dut inoiz artea egitea bilatu; hori da sormen abentura».

Lumiere anaien «oinarrizko proiektutik» soilik zinema aretoa geratzen dela esan zuen Erizek, eta korporazio handiek zinemaren «esperientzia konpartitua» irauli dutela gaitzetsi. «Jatorrian, film bat ikustea kontenplazio ekintza bat zen. Batek etxea uzten zuen areto batean besteekin elkartzeko. Teknologiaren garapenak eraman gaitu gaur bakoitzak bere txokotxoan ikustera filmak. Nik esperientzia publikoa aldarrikatzen dut. Zinema aretoa da filmen berezko ingurunea, erabat».

Denboran atzean geratu den zinema egiteko eta ikusteko modu horrek badu lekua Cerrar los ojos-en, baina ez du «nostalgiarik» antzematen zuzendariak. «Nostalgiarik ez, baina filmaren amaieran bai ikusi nuen malenkoniaren aingerua hegan. Baina hori historiaren aingerua da, Walter Benjaminek jorratu zuena».

Zoriaren alde ere hitz egin zuen, eguneroko bizitzan nola zineman egiten duen ekarpena balioetsiz. Film bateko urrats guztiak «irekita» behar dutela defendatu zuen, «bizitza» izan dezaten. Adibide bat jarri zuen: «Manolo Solok [My Rifle, My Pony & Me/Cindy, Howard Hawksen film batekoa] kantua ezagutzen zuela ezustean jakin nuen; entseatu genuen, eta handik bi egunera filmatu, artean eskubideak lortuko genituen ziurtatu gabe». Zoriak alde izateko, filmak «ekipaje arinarekin» egin behar direla gehitu zuen. «Aurrekontuak haztean, askatasuna pobretu daiteke».

Garaiak asko aldatu arren —galdera bat azpimarratu zuen: «Non dago egun kultura salbuespena?»—, filmak jasotzeko moduan bi elementu «unibertsalek» irauten dutela aipatu zuen: komunikazioak eta emozioak. Eta filmek mezuak izatearen kontra hitz egin zuen. «Mezuz zamatuta joanez gero, haien azpian harrapatuta gera zaitezke. Mezua aurrez baldin badakizu, zertarako egin filma?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.