Aldatzeko beharrik gabe

Athleticek liga hasierako bolada gozoa luzatu gura du etxean Valentziaren kontra. Aurkaria krisi larrian dago, eta entrenatzailea aldatu du dagoeneko

Athleticeko jokalariak lasterka, Lezamako kirol instalazioetan eginiko entrenamendu saio batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ez. Athletic ez da Manchester City. Eta ez dirudi inoiz izango denik. Batetik, Athleticen bazkideek ez dutelako aldaketa sakonik gura, eta haiena da azken hitza. Bestetik, ez delako erraza talde boteretsu bat osatzeko milioika euro mahai gainean jartzeko prest dagoen enpresari edo herrialde bat aurkitzea. Kirol arloan arlo ekonomikoan dagoen alde berbera dago. Ezin da ukatu. Pep Guardiolaren eskutik bere historiako garairik gozoenetako bat ari da bizitzen Manchesterreko beste taldea. Garaipenak eta ikuskizuna neurri berean eskaintzeko gai den talde bakarra da.

Athletic ez dago futbolaren puntaren puntan, baina jarraitzaileak gustura daude aspaldian ikusten ari direnarekin. «Lagun kuadrilla», Aritz Adurizek bataiatu zuen moduan, bikain ari da. Sei partidatan hamabi puntu batu ditu. Ez du partidarik galdu. Eta defentsan inoizko onena ematen ari da. Bi gol jaso ditu sei partidetan. Beste era batean esanda, klubaren historian ez da horren gol gutxi jaso duen liga hasierarik egon. Hori guztia etxeko jokalariekin. Butarquen, ligako azken partidan, zortzi bizkaitar, gipuzkoar bi, eta nafar bat zelairatu zituen hasieratik Gaizka Garitanok. Egun futbolak nola funtzionatzen duen aintzat hartuta, harrigarria da Athletic egiten ari dena.

Baina lehoiak ez dira sasoi hasieran egindakoaz konformatzen. Lehen hilabetean erakutsi duten indarra sasoi guztian emateko kapaz direla erakutsi gura dute. Ez da samurra izango, baina kontrakoa pentsatzeko arrazoirik ere ez dago. Hau da, jakinekoa da zuri-gorrientzat ezinezkoa dela txapelketa irabaztea. Baina onenen artean egoteko itxaropena ez du galdu. Horretarako, talde batua, langilea eta aukera duenean barkatzen ez duena osatu du. Taldearen mezuak bat egin du jarraitzaileekin eta elkar hauspotuta aspaldi ez bezala ari dira gozatzen zelaian daudenak eta harmailan egoten direnak.

Athleticek islatzen duenaren aurkakoa da Valentzia, gaurko bisitaria Katedralean. Iragan sasoian Espainiako Kopa irabazi eta taldea Txapeldunen Ligara eraman zuen entrenatzailea kargutik kentzea erabaki zuen klubeko nagusiak. Marcelinok zaleen eta jokalarien babesa zuen, baina Peter Lim jabearekin harreman txarra zuen. Agintariak harrobiko jokalarien «alde» egingo zuen entrenatzaile bat jarri zuen: Albert Celades. Oraingoz arrakasta gutxi eman duen mugimendua izan da. Egungo Valentzia ez baita iragan sasoikoa bezain lehiakorra. Hala ere, ez da San Mames bisitatuko duen taldea gutxiestea komeni. Futbolari onez osatuta dago eta kapaz da edozein zelaitan ezustekoa emateko.

Gaizka Garitanok zelairatuko duen hamaikakoaren gainean pentsatzekoa da Yeray, Unai Lopez eta Muniain hasierako hamaikakora itzuliko direla. Halaber, Unai Simon ere aukeratuen artean egotea espero da. Butarquen, ezustean, Iago Herrerinek jokatu zuen. Ondo edo txarto jokatu Herrerinek azken egunotan jasan behar izan dituen errespetu faltak onartezinak dira.

ATHLETIC-VALENTZIA

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez, Ibai Gomez, Raul Garcia, Muniain; eta Williams

Valentzia. Cillessen; Correia, Paulista, Garay, Jaume Costa, Coquelin, Parejo, Wass, Guedes; Rodrigo eta Maxi Gomez.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. San Mames (53.000 ik.).

Ordua. 13:00 (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.