Beethovenen musika, dantzan

Thierry Malandain koreografoak 'La pastorale' dantza ikusgarria sortu du, Ludwig van Beethovenen musikan oinarriturik. Bihar eta etzi estreinatuko dute Euskal Herrian, Miarritzeko Gare du Midin

Thierry Malandainek sortutako La pastorale ikusgarriko irudi bat; Beethovenen seigarren sinfoniari zor dio izena. MALANDAIN BALLET.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ludwig van Beethovenek 250 urte beteko lituzke 2020an. Bi mende eta erdi. Denbora pasa da, baina, urteak joan ahala, hark idatzitako notek geroz eta oihartzun handiagoa dute munduan barna. Hala, utzi duen obra nasaia baliatuz, hainbat kontzertu eta dantza ikusgarri antolatu dituzte Bonneko operan (Alemania), Beethovenen 250. urteurrena ospatzeko. Jada hasia dute ospakizun urtea, Thierry Malandainek sortutako ikusgarria eman baitute joan den igande eta astelehenean, Bonnen bertan, Beethovenen sorterrian. Bihar estreinatuko dute Euskal Herrian, Miarritzeko Gare du Midi gelan, 20:30ean, eta etzi ere emango dute, 16:00etan eta 20:30ean.

Miarritzetik joanak ziren Malandain balleteko hogei dantzariak, azken bi urte hauetan prestatutako ikusgarriaren ematera: La pastorale. Hala eman zion izena Beethovenek berak sortu zuen seigarren sinfoniari. 1805 eta 1808 urte artean idatzia zuen, eta bosgarrenarekin batera argitaratu zuen, 1809an. Bosgarrenean, gizakiaz eta haren patuaz idatzi zuen; seigarrenean, berriz, naturaz. Landako biziaren oroitzapena du azpiizenburua. Bost zatitan idatzi zuen sinfonia, artzain istorio bat kontatuz: ekaitzaren aitzineko eta ondoko poza irudikatu nahi izan zuen, baita naturaren maitasuna ere. «Nehork ez lezake nik bezainbat maita natura», idatzi zuen 1807an.

Dantzara egokituz

80 ikusgarri baino gehiago eginak ditu Malandainek, eta ballet moduan egin ohi ditu koreografiak. 1998tik geroz da Miarritzeko ballet taldeko zuzendaria, eta obra ezagunak ematen ari da munduko hamaika xokotan: Rossiniren musikaz lagundurik, Noe ikusgarria egin zuen 2017an; eta Prokofieven obra erabili zuen Cendrillon taularatzeko, 2013an.

Aldi honetan ere, La pastorale ikusgarrian hogei dantzariak taula gainean ari dira elkarrekin. Hastapenean 22 dantzarirentzat pentsatua zuen proiektua, baina bat joan egin da, eta beste bat kolpatu. «Hastapenean pentsatua nuen oreka hori hautsi du, eta berriz egokitu behar izan dugu». Dantza klasikoa ikasi duten dantzariak ari dira Malandain balletean, eta ez dute lehen aldia Beethovenen musikarekin; 2003an Les creatures ikusgarria muntatu baitzuen Malandainek, eta Silhouette, berriz, 2019an. «Ene kultura ballet klasikoarena da, eta horri lotua naiz. Kode artistiko eta sozialak beste garai batekoak direla aitortzen dut, baina uste dut lau mendeko herentzia horrek baliabide bikainak ematen dizkiela dantzariei. Horrekin jostatzen naiz. Batzuen ustez, dantza klasikoa egiten dut; besteen ustez, garaikidea. Nik maite dudan dantza bat bilatzen dut».

La pastorale ikusgarrian, Beethovenen hiru lan ezberdin bateratu ditu Malandainek: lehenik, Atenasko hondakinak; gero, Seigarren sinfonia; eta, azken zatia, Cantate opus 112. «Lehen parteak gaurko mundua irudikatzen du, gure errealitatea. Gero, bigarren zatia, Pastorala, amets baten gisara erakutsi nahi nuen: pertsonaia nagusia errealitatetik ihesi doa. Amets batean da pertsonaia, baina hil egiten da. Azken zatiak, cantate-ak, paradisua irudikatzen du», esplikatu du. Richard Coudray eta Giuseppe Chiavaro balleteko irakasleen laguntzarekin muntatu du ikusgarria.

Beethovenek Pastorala «naturaz» eta «naturarentzat» idatzi bazuen, Malandainek bere gisara egokitu du gaia. «Pastorala ezaguna zaizue Euskal Herrian, baina bada ere genero literario bat antzinateaz ari dena. Artzainak dira istoriaren erdigunean, eta dena biziki ederra da; dena ongi doa». Naturan eta artzainetan zentratu ordez, ametsaren bidea hautatu du. «Arazorik gabeko mundu eder bat da Pastorala, eta horretako dut amets baten gisara taularatu. Beethovenek ez bezala, natura baino gehiago, mundu lasai eta eder bat irudikatu nahi izan dut, amets bat». Izan ere, sartu ditu naturako elementuak: hiru karakol. Animalia horiek «berpiztea» sinbolizatzen dutela azaldu du koreografoak, eta ikusgarrian behin eta berriz agertzen den irudia dela erran du. «Ardura irudi zirkularrak ditugu. Karakolaren oskolean bezala, borobil bukaezinak dira».

Bestalde, Atenasko hondakinak musika zatian sortu duen berezitasun bat azpimarratu du Malandainek. Hala, metalezko estruktura handi batek betetzen du taula. Estruktura horren barnean, 25 lauki. Laukien barnean dantzariak, hertsiki. «Lauki horien barnean ari dira dantzan, baina mugatuak dira. Gaur egungo mugak irudikatu nahi nituen; hirietan espazio ttipietan bizi diren jendeak, bakarrik, bakoitza bere aldetik... muga horietan preso». Estruktura hori berriz baliatzen dute pertsonaia nagusiaren hiltzean, baina ikusgarria eszena hutsarekin bukatzen dela azpimarratu du, paradisuaren irudikatzaile.

Dantza klasikoa, denentzat

La Pastorale ikusgarriaren harira, transmisioaz eta sentsibilizazioaz arduratzen den Dominique Cordemans dantzariak eskola magistral batzuk eta tailer berezi batzuk eskainiko ditu dantzari profesional izan nahi dutenentzat. Dantza eskoletan diren ikasleei eta kontserbatorioan edo formakuntza zentroetan direnei ere irekiak zaizkie klaseak. Halere, sekula dantzatu ez dutenek ere ikasten ahalko dute zerbait, izan haur edo heldu.

Lehen eskola magistrala bihar arratsaldean izanen da, 14:00etatik 16:00etara, 12-14 urtekoentzat. 15 urtetik gorakoentzat beste saio bat emanen du Cordemansek, 16:30etik 19:00etara. Gauza bera etzi: lehen saioa 10:30ean hasiko da, eta bigarrena, arratsaldeko ordu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.