Txinak jakinarazi du agerraldi bat izan dela Hebei probintzian, 250 kasurekin

Pekinek berrogeialdian jarri ditu Hebeiko hiriburuko 11 milioi herritarrak. Salatu dute OMEko ikertzaile bati Txinan sartzeko baimena ukatu diotela

Txinako herritar batzuk, PCR proba egiteko ilaran. WU HONG/ EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Txinako Gobernuak jakinarazi du azken hilabeteetako kasu gorakadarik handiena izan duela herrialdeak: izan ere, Hebei probintzian 250 kutsatze atzeman dituzte azken 48 orduetan. Kasuen gorakada horren ondorioz, gobernuak Shijiazhuang, probintziako hiriburua, konfinatzea erabaki zuen atzo. Baina Txinan soilik ez, munduko gainerako herrialdeetan ere kutsatzeen gorakada nabaritu dute, batez ere Europako eta Amerikako estatuetan.

Alarmak piztu dira Txinan kasuen gorakada atzeman ostean. Hebeiko agerraldi berriak hiriburuan bizi diren 11 milioi herritarrak berrogeialdian jartzera behartu du gobernua. Kutsatze horiez gain, beste 11 kasu ere zenbatu dituzte atzerritarren artean. Agerraldi berriaren albisteak bat egin du OME Osasunaren Mundu Erakundeko adituek pandemiaren jatorria ikertzeko herrialdera egindako bidaiarekin. Hain zuzen ere, ikertzaileen taldeak arazoak izan ditu; Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak salatu du gobernuak «trabak» jarri dizkiela baimenak lortzeko, eta ondorioz ikertzaileetako bat ezin izan dela herrialdean sartu.

Txinak bezala, beste zenbait herrialdek ere gorakada izan dute kutsatzeetan. Asian bertan, Japoniak larrialdi egoera ezarri du Tokio hiriburuan eta inguruko probintzietan, 24 orduan 6.000 kasura heldu eta gero. Europan,Erresuma Batuarena da kasurik nabarmenena, otsailaren 15ra arte gutxienez konfinatuta egongo baita. Alemaniak ere urtarrilaren 31ra arte luzatu du konfinamendua. Atzo jakinarazi zuen herrialdeak 37.000 hildakoen langa gainditu duela, egun batean 1.000 hildakotik gora zenbatuta.

Kutsatze gehien, ordea, Amerikak ditu oraindik. Inoizko ospitaleratze kopururik handiena izan dute AEBek: 129.000. Hori horrela, zenbait hiritan «suspertu ezin daitezkeen» paziente zaharrak ez ospitaleratzeko erabakia hartu dute. Kontinenteko gainerako herrialdeetan ere, egoera «kezkagarria» da. Kolonbiako Gobernuak adierazi du ez duela baztertzen «neurriak hartzea», 1,7 milioi kasu baino gehiago baititu.

Txertoen ziurgabetasuna

Txertaketa kanpainak abiatzea esperantzaren suspertzailetzat jo zuten askok, baina zenbait ustekabek ziurgabetasuna sortu dute. Europako Batasunak kanpaina hasi eta hurrengo egunean gelditu behar izan zuen, Pfizer enpresak izandako «arazo logistiko» baten ondorioz.

Bestetik, Erresuma Batuan eta Hegoafrikan agertu diren aldaera berriek ere zalantza sortu dute. Izan ere, kutsakorragoak dira biak, eta, lehena txertorako erabilitako ereduaren «oso antzerakoa» bada ere, Hegoafrikakoak izan duen mutazioa bestearenaren aldean handia omen da, eta baliteke txertoak eragiten dien elementuek eraginik ez izatea. Hegoafrikakoaren kasuan, gainera, oso kutsakorra izateaz gain, gazteengan eragiten duela azaldu dute. Brasilen ere, azken horren osagarri antzerakoak dituen mutazio bat aurkitu dute.

Europako zenbait herrialdek, Alemania eta Belgika tartean, txertoaren bigarren dosia atzeratzeko aukera proposatu dute, lehen dosia herritar gehiagoren artean banatu ahal izateko. Baina Europako Botiken Agentziak dosia 42 egun baino gehiago ez atzeratzea gomendatu du, txertoen eraginkortasuna 19 eta 42 egun artekoa dela argudiatuz, eta gehituz hori aldatzeak «komertzializazioaren aldaketa» ekarriko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.