Erroma pusketa bat Bilbon

Bilboko Azkuna zentroan erakusketa bat zabaldu dute, azken bi urteetan Espainiaren Erromako Akademian egonaldia egin duten 45 sortzaileren lanekin; eraikin osoa hartzen du

Bi bisitari, Bilboko Azkuna zentroak Espainiaren Erromako Akademiatik pasatutako artistei eskaini dien erakusketako lan bati begira. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hiriko alondegia izandako eraikin ia osoa bilakatu behar izan dute erakusketa areto, Bilbon Erroma pusketa bat sartu ahal izateko. Azken bi urteetan Espainiaren Erromako Akademian egonaldia egin duten 45 artistaren lanak bildu ditu Azkuna zentroak, eta ohiko erakusketa aretoaz gainera, Mediateka, Lantegia eta Ideien laborategia izeneko guneak eta atrioa ere baliatu ditu guztien lanak erakutsi ahal izateko. 11 urteko ibilbidean hori egin duen lehen aldia da, eta Euskal Herriko zortzi artistaren lanak ere ikus daitezke, besteak beste: Jose Ramon Amondarainenak, Igor Bragadorenak, Taxio Ardanazenak, Itziar Barriorenak, Estibaliz Sadabarenak, Jose Ramon Aisenak, Irene-Clementine Ortegarenak eta Eduardo Soutullorenak, zehazki. Pintura, eskultura, argazkigintza, diseinu industriala, bideoa, zinema, arkitektura, antzerkia, literatura eta moda kontuan hartzen ditu bildumak, eta otsailaren 6ra arte zabalik egongo da. Akademiako egoiliar izandako Jesus Donaire arkitektoak egin ditu komisario lanak; hark azaldu du bildumaren muina: «Erromako Akademian gertatzen den guztiaren zertzelada bat da erakusketa hau».

Sortzaile bakoitzaren «indibidualtasuna» errespetatzea izan da erronketako bat, eta, horregatik, komisarioaren hitzetan, gela propio bat diseinatu diote haietako bakoitzari, erakusketako txokoetan. Aldi berean, ordea, parte hartzen duten artista horiek guztiak Erroman elkarrekin bizi izana da bildumaren bereizgarrietako bat, Donaireren esanetan. Bizikidetza hori baita guztien lanak batzen dituen oinarria, lantzen duten diziplina lantzen dutela ere eta duten jatorria edozein dela ere guztiak izan baitira akademiaren parte, eta elkarrekin egon baitira han.

Holofornesen burua mozten ari den Caravaggioren Judith gogogabe baten irudiak abiatzen du bisita, erakusketa aretoko sarreran: Jose Ramon Amondarainek Pentimenti(posiblea) deitu duen proiektuaren parte da irudia. Beste hainbat margolan ezagunen erreplikekin batera dago horman, eta gelaxkako lan guztiek dute X izpiekin artelanei egindako ikerketen zuri-beltzezko aire hori. Teknologia horiekin ikertu daitezkeen margolanen azpiko geruzei egiten die erreferentzia itxura horrek, hain zuzen ere, gainazalaren eta sakoneraren arteko joan-etorri hori baita artistaren proiektuaren ikergaietako bat.

Askotariko diziplinak

Genero leherketa da erakusketaren ezaugarri bereizgarrietako bat, halere. Adibidez, Carla Berrocal artistak hainbat margolan eta zirriborro jarri ditu erakusketan: Doña Concha izeneko komikia kaleratzerainoko bidea erakusten dute. Borja Santome galiziarrak, berriz, tintarekin egindako animazio lan bat jarri du ikusgai. Sadabak etxeko esparruan gertatu eta hartan geratu ohi diren gatazkak aztertzen dituen bideo bat sortu du. Baina, horiez gainera, badira jantziak, zaharberritzea ardatz duten ikerketak, collageak, eleberri proiektuak, hiriko oroigarriek Erromatar Inperioari egiten dizkieten erreferentziei buruzko ikerketak, poema liburuak, musika konposizioak eta performanceak ere. Jana Leo artistaren 154 zaplazteko izeneko bideoan ikus daitekeena, kasurako: hartan, artistak aurpegia erabat gorri uzteraino kolpatzen du bere burua, behin eta berriz. Eta aretoko testuak, kasu horretan, estuki lotzen du bortizkeria hori guztia pandemiarekin. Azalpenaren arabera, koronabirusaren hedapena geldiarazteko hartu beharreko neurriak hartu ez dituzten politikari guztiek beren buruei ezarri beharreko penitentzia irudikatzen baitu bideoak.

1873an zabaldu zituen ateak Espainiaren Erromako Akademiak, eta Bramanteren tenplu zirkular ezaguna hartzen duen San Pietro in Montorioko monasterio ikusgarrian du egoitza. Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak kudeatzen du proiektua, eta urtebeteko egonaldia egin ahal izateko laguntzak eskaintzen dizkie urtero hamaika alorretako hainbat sortzaileri. Azken deialdietarako 500 eskakizun inguru jaso dituzte, eta horietatik gutxi batzuk baino ez dituzte hautatzen proiektuaren arduradunek.

Erroman egin ohi dute artisten lanen lehen erakusketa, eta, orain arte, Madrilen egin izan dute beti bigarrena, aldian aldiko artisten lanekin. Aurten, ordea, aldatu egin dute bigarren erakusketaren egoitza, lehenengoz, eta Bilbon egitea erabaki; Azkuna zentroan, zehazki. Haren izaera «hibridoa» kontuan hartuta, besteak beste. Pandemiak eragindako geldialdiaren ondorioz, bi ikasturtetako sortzaileak batzen dituzten lehen aldia ere izan da aurtengoa. Zehazki, 2018-2019ko eta 2019-2020ko egonaldietako artistak dira orain Bilbon ikus daitezkeenak.

Hain zuzen ere, koronabirusak eragindako osasun krisiak markatu du iaz Erroman egondako artisten esperientzia, eta horren arrastoak ere igar daitezke erakusketako hainbat lanetan.

Hiritik lorategira

Italia izan zen Europan itxialdia ezarri zuten lehen herrialdeetako bat, eta akademian harrapatu zituen neurri horrek 2019-2020ko egonaldiko artistak. Sorterrira bueltatu ziren sortzaile horietako batzuk, baina gehienek Erroman geratzea erabaki zuten. Begi bistakoa da, adibidez, horrek Jose Ramon Ais bilbotarraren lanean utzi zuen marka. Hasieran hiriko zuhaitzei buruzko ikerketa bat egitea baitzen bere asmoa, baina itxialdiak proiektua moldatzera behartu, eta monasterioko lorategiko landaredia ikertzea erabaki zuen azkenean, ezinbestean. Eta antzera moldatu behar izan zituzten beren proiektuak itxialdia akademian igaro zuten beste artistek ere. Susana Inglada artista katalanak Erroman elkarrekin ziren sortzaileen artean egoerari aurre egiteko sortutako komunitate sentsazioa nabarmendu du, eta gogoan izan ditu irekiera egunetan bizitakoak ere. «Gogoan dut ia hutsik zeudela bisitatu genituela museoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.