Albistea entzun

Nora itzuli gabeko itzuleran

'Sastraka / Maleza' liburua ondu dute Pello Lizarraldek, Jose Ignacio Agorretak, Imanol Ubedak eta Imanol Rayok. Lizarralderen testu bat du oinarrian, eta erakusketa formatura ere eramango dute
Pello Lizarralde idazlea, Imanol Rayo zinemagilea, Jose Ignacio Agorreta margolaria eta Imanol Ubeda musikaria, atzo, Donostian.
Pello Lizarralde idazlea, Imanol Rayo zinemagilea, Jose Ignacio Agorreta margolaria eta Imanol Ubeda musikaria, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko martxoak 11 - Donostia

Nola itzuli behinola egondako lekuetara, orduko giro, paisaietara. «Ezinezko bidaia bat» litzateke hori, Pello Lizarralderen esanetan. Sastraka / Maleza proiektuaren oinarrian dagoen testua idatzi zuenean, artean ez zekien horretaz ari zirela testu laburra osatzen zuten hamabi txatalak. Jose Ignacio Agorreta margolari eta adiskideari erakutsi zion idatzitakoa, hortik margotzeko ezer atera ahalko zuen esperantza gutxirekin, baina bere ohiko moldeetatik aterarazi, eta lanera bultzatu zuten hitzek Agorreta. «Hau ez da izan aspalditik egin nahi genuen proiektu bat edo halako zerbait; lagunarteko gauza bat izan da», argitu du hark. Imanol Ubeda musikaria eta Imanol Rayo zinemagilea batu zitzaizkien gero bidera, eta liburu batean apailatu dute bi urtean ondutako lana: Lizarralderen testua —ele bitan—, Agorretaren koadroak, Ubedaren kantuak eta Rayoren argazki eta soinuak. Ereinek plazaratu du tamaina handiko liburua —«apustua» eskertu diote egileek—, eta erakusketa moduan ere zabalduko dute.

«Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik». Hala abiatzen da liburuaren kontakizuna, eta Carlos Pujolen ideia bat ere ekarri du Lizarraldek: inoiz inora itzultzerik ez badago ere, itzuli beharra dagoela hori jakiteko. Ezinezko bidaia, baina ibili beharrekoa. Horrek zeharkatzen du Sastraka / Maleza, eta hala azaldu du Lizarraldek: «Bidaia hau ezinezkoa da ilusio batek eragindako bidaia bat delako. Urteak bete ahala, oroitzapenak trumilka datoz, eta garai batekoak berritu daitezkeela pentsarazten digute». Hasieran gozo irudi dezakeena mikatz bihurtzen da, ordea. «Bidaiaren buruan konturatzen gara dezepzioa eta mamuak besterik ez daudela; agian bidaia horrek merezi ez zuela, oinazea besterik eragin ez digulako».

Aspaldiko lagunak dira idazlea eta margolaria —Lizarralderen liburuen azalgile ere bada Agorreta—, eta, haren lana oso ongi ezagutzen duela eta, Lizarraldek ezustez hartu zuen Agorretaren erantzuna testua bidali zionean. «Ongi nekien zein zen bere eremua, zein bere arrazoiak, joerak, eta iruditzen zitzaidan nik idatzitakoak ezin ziezaiokeela ezer eragin, baina oker nenbilen».

Emozio biziz hasi baitzen lanean Agorreta; besteak beste, beretzat propio idatzi eta lehenengoz irakurri ahal zuelako Lizarralderen literatura —ez da euskalduna—. «Beldur nintzen testua jasotzen nuenean ez nuela jakingo zer margotu, baina irudiak bata bestearen atzetik heldu zitzaizkidan», aitortu du. Imajinatzen duena ez, topatzen duena margotzen lan egiten duela azaldu du, eta etxe ondoko paseoetan aurkitu zituela proiekturako irudiak: «Gauzak bere kontestuan topatu behar ditut, duten egia ateratzeko. Hiriaren mugan bizi naiz, portaletik atera, espaloia gurutzatu, eta hiria ez den eta landa ez den gune arraro horretan nago, eta uste dut hor mugitzen dela Pelloren pertsonaia. Normalean pintura inspiratzen ez didan paseo horretan hasi nintzen koadroak leku guztietan ikusten».

Sei-zortzi lan zituenean, Lizarralderi erakutsi zizkion, eta, haren harrera ikusita, aurrera segitu eta Imanol Ubedari gonbit egitea proposatu zuen. «Lagun batek gozatu zezan ni gozatzen ari nintzen horretaz, izan zitzan testu batzuk zerbait berria egiten lagundu ziezaioketenak».

Pandemiak aukera ematean, Tolosan (Gipuzkoa) elkartu ziren Lizarralde eta Agorreta Ubedarekin, eta hark esan du ilusioz baina ezintasun sentsazioz batu zela proiektura: «Ez nuen ikusten kanturik». Lehen esaldia eta azkena apuntatu zituen; horiekin kanta bana osatu, eta bueltan bidali zizkien. Gustatu zitzaien, eta, hala, gutxika, osatu dituzte hamabi kantu azkenean, testuaren atal bakoitzeko bat, izenbururik gabekoak denak.

Ubedaren izena etorri arren proiektuan, Don Inorrez taldean ondu dituzte kantuak, eta lehen aldia izan da poema edo kanturako idatzitako hitzak musikatu ordez testu narratibo bat izan dutena abiapuntuan. «Kantuak egiteko beste modu batean jarri gaitu, eta artistikoki interesgarria eta asegarria izan da».

«Honi zer gertatu zaio»

Mahaikideak entzunda, ondorio bat Rayok: «Amankomunean dugu Pellok gure konfort eremutik atera gaituela». Bere kasuan, zinema egiten zaildua izan arren, argazki serie bat ondu du proiekturako, eta horiek egin bitartean jasotako soinuak ere bildu ditu. Udaberriko mendi buelta baten ostean, Agorretaren estudiora sartu, eta harengan ohikoagoak diren barnealde eta irudi itzaltsuen oso bestelako irudiak topatu zituen. «'Honi zer gertatu zaio', pentsatu nuen». Proiektuaren berri izan eta gutxira, parean gurutzatu zitzaion amonaren etxebizitza hustu beharra, Almadenen (Espainia). Hara eraman zuen Lizarralderen testuak. «Amaituz zihoan mundu batetik, amonaren etxetik, aspaldi amaitutako mundu baterakoa erretratatzea nahi nuen, kanpoaldean dagoen jauregi batera eginez, irudi finkoekin». Besteei ideia aurkeztu, eta orduan sortu zen liburuaren ideia. Lizarralde: «Elkarren lanarekiko errespetu handia egon da; ez dago ezer hoberik lagun batek egiten duena gustuko izatea baino».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Itziar Ugarte Irizar

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...