Jazza kalera aterako da

Gasteizko Jazzaldiak kalera aterako ditu kontzertuak aurten. Mendizorrotzako agertokia ere berreskuratuko du jaialdiak. Uztailaren 12tik 17ra egingo da

Mendizorrotzako kiroldegia da jaialdiaren agertoki nagusia. Irudian, Jorge Drexlerren kontzertua, 2019an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Azken bi urteetakoa ez da erabateko etena izan, eta, beraz, aurtengo «normaltasunerako» itzulera ere ez da bete-betekoa izango. Baina horrek ez du kentzen Gasteizko Jazzaldiaren ohiko formatua berreskuratzea «berezia» izango ez denik. «Bereziki pozik, harro eta hunkituta gaude berriz hemen egoteagatik», azpimarratu du Iñigo Zarate jaialdiaren zuzendariak. Dagoeneko iragarrita zituzten bertan ariko diren artisten izenak, baina egitarau osoaren berri eman dute orain. Eta, hain zuzen ere, ezagutzea falta zen horretan dago berritasun nagusia: inoiz baino gehiago kalera aterako baitute jazza aurten. Uztailaren 12tik 17ra egingo da jazzaldia.

Zarateren hitzetan, azken bi urteak zailak izan dira antolatzaileentzat, baina gai izan dira oztopo guztien gainetik jaialdiari eutsi eta egitarau «duinak» osatzeko. «Harro gaude bi urte hauetan egin dugun lanarekin, kosta ahala kosta aurrera atera genituelako ikaragarri zailak izan ziren bi programazio». Iradier Arenan egin zuten iaz jazzaldia, tamainaz eta formaz egokituta, baina aurten «etxera» itzuliko dira kontzertuak: Mendizorrotzara. Eta bertan izango dira jazzaren nazioarteko ikur nagusietako batzuk: Eliane Elias pianista, Snarky Puppy taldea, Arturo Sandoval tronpetista, Robert Glasper pianista eta Kase.O rap abeslaria, besteak beste.

Izar handiez gain, halere, horren ezagunak ez diren musikariek eta belaunaldi berriek ere leku nabarmena izaten dute Gasteizko Jazzaldian, eta aurten horiei entzuteko aukera izango da. Principal antzokiko agertokian ariko dira horiek: hala nola EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, Yessai Karapetian pianista, Marcin Masecki & Jerzy Rogiewic piano eta bateria bikotea, James Brandon Lewis saxofonista, eta Kassa Overall bateria jotzailea. Azken hori jaialdiaren aurtengo «apustua» da, zuzendariaren arabera. «Ziurrenik, sorpresarik handienetako bat izango da».

Aurtengo berritasuna, baina, kalea da: jazz musika kalera aterako baitu jaialdiak. Hiriko hainbat txokotan izango dira kontzertuak jaialdiak irauten duen bitartean, baina, aurten lehen aldiz, oholtza bat jarriko dute Prado parkean: Jazza Parkean zikloa izango da bertan. «2019an Falerinako lorategian egin genuena berreskuratu nahi genuen, baina modu zabalago batean egituratuta. Helburua da jazza zabaldu, hedatu eta herritarrengana hurbiltzea», zehaztu du zuzendariak. Gasteizko eta Iruñeko musika eskola eta kontserbatorioetako musika ikasleak ariko dira bertan, eta baita Travellin' Brothers, La Señora Tomasa, Magali Sare & Manel Fortia eta Jazzteiz All Stars ere.

Gasteizko kaleetan ariko dira, berriz, Jazzteiz elkarteko kideak. Pandemia garaian sortu zuten elkartea, hiriko musikarien emanaldiak kalera ateratzeko helburuarekin. Baina orain, egoera lehengoratuta, elkarlanean ariko dira jazzaldiarekin. «Eskertuta gaude aukerarekin, eta pozik», adierazi du Inhar Valek, Edder hirukoteko kideak. Haiekin batera ariko dira: Aldakan, Itzi Canta a Bessie, Cheek to Cheek, North Coast Quintet, Apodaka, Hobalala eta Iosu Izagirre Sextet, baita Iruña Brass Band ere.

Jaialdia ez da Gasteizen soilik izango, hala ere; aurreko urteetan bezala, Araba osora zabalduko dute jazzaldia. Aurten, Araiara zehazki. Javier Lopez Jaso eta Mikel Andueza ariko dira bertan, saxofoia eta akordeoia lagun dituztela.

Jazzaldiaren antolatzaileek azpimarratu dute helburua publikoa berreskuratzea dela, nahiz eta gaur-gaurkoz sarreren salmenta bide onetik doan. Mendizorrotzako kontzertuen ordutegia ere ordu erdi bat aurreratu dute, helburu horrekin. «Zaleen eskaria zen, beranduegi amaitzen zirelako askotan, eta zenbait egunetan lanera joan behar izaten dutelako hurrengo egunean», esan du Zaratek.

Erakusketa eta zinema

Musika eta kontzertuez gain bestelako proposamenak ere izango dira jazzaldiaren barruan. Javier de la Torre artistak, esaterako, erakusketa bat jarriko du Vital fundazioan. Mosaikoak ardatz dituzten artelanak jarriko ditu ikusgai artistak, eta uztaila osoan izango da haiek bisitatzeko aukera.

Horrez gain, Euskadiko Filmategiaren Jazzinema zikloa ere izango da aurten, beste urte batez. Artium museoan izango dira emanaldiak, eta jazz musikari lotutako filmak ikusteko aukera izango da uztaileko ostegun guztietan, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.