Azkueren Azkue guztiak

Resurreccion Maria Azkuek 1888. urtetik 1951. urtera bitarte argitaratutako 922 idazlan sareratu ditu Euskaltzaindiak. Jakin taldea arduratu da lanak aztertzeaz, katalogatzeaz eta digitalizatzeaz

Koldo Goitia, Josune Ariztondo, Ana Toledo, Joan Mari Torrealdai, Andres Urrutia eta Elixabete Perez, atzo, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. M. RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
«Azkue asko daude». Hala aurkeztu du Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin fundazioaren lehendakariak Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, Bizkaia, 1864-Bilbo, 1951). Euskaltzainburu, idazle, literaturagile, kazetari, musikagile, musika biltzaile, hiztegigile, hizlari, irakasle, folklorista, herri literaturaren biltzaile, hizkuntzalari, euskalari eta euskaltzale. Horra, Torrealdairen hitzetan, Azkueren Azkue guztiak. «Sinestezina da gizon honek egin zuena. Bera handia zen, baina are handiagoa da egindako lana, eta, zatika ezagutzen diren obrak batera aurkeztuta, beste tamaina bat ematen zaio haren lanari». Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Azkuek 64 urtean argitaratu zituen 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu ditu Jakin taldeak, eta Euskaltzaindiak sarean jarri ditu, bere webgunean. Andres Urrutia euskaltzainburuak egitasmo horren garrantzia azpimarratu du, erakundeak Bilbon duen egoitzan egindako aurkezpenean. «Errepikaezina izan zen Azkue». 1918an idatzitako Ardi galdua euskara estandarizatu baten lehen proposamena biltzen duen liburuaren argitalpen berritua ere aurkeztu dute.

Azkuek 1888tik 1951ra bitarte argitaratutako 922 lanak dira katalogatu eta digitalizatu dituztenak. «Kuantitatiboki, handia da Azkueren lana, eta kualitatiboki, oso garrantzitsua». Ondare hori transmititu beharraz aritu da Torrealdai. «Katalogazioa eta digitalizazioa memoria historikoaren transmisiorako tresna da: modurik errazenean, haren obrak belaunaldi berri eta ikertzaileen esku uzteko bide bat». Bilketa lana erraza izan da Azkueren kasuan, Euskaltzaindiaren egoitzan gordeta egon baita haren argitalpenen ehuneko handi bat. Areago, Urrutiak nabarmendu duenez, Azkueren lanak izan ziren gaur egun Euskaltzaindiak duen liburutegiaren oinarria.

Hainbat eremutan jardun zuen Azkuek, eta lan guztiak egitasmo berean biltzeak balio erantsia ematen dio haren obrari, Jakineko kidearen ustez. «Denetan zebilen: baditu idazlan txikiak eta handiagoak, puntualak edo unean unekoak, eta sakonagoak direnak. Orain, guztia batean emanda, corpus gisa eraturik, haren obrak dimentsio handiagoa hartuko du, eta Azkueren ekoizpen intelektual eta kulturalak ere beste indar bat hartuko du». Pausa egin du ideia horretan. «Handi bat handiago bihurtzen da haren lanari corpus tratamendua ematen zaionean».

Xehe-xehe antolatu dituzte lanak: gaika, garaika, formatuka, bai, baina baita hitz gakoak erabilita ere. «Analisi formala eta eduki analisia egin ditugu. Jatorria, izaera, titulua... identifikatzaile formal guztiekin fitxak ondu ditugu. Eta, aldi berean, eduki azterketa ere egin dugu; gaitegi bat sortu dugu, beren-beregi, Azkueren lana sailkatzeko». Sei gai zehaztu dituzte: euskara, literatura, musika, etnografia, erlijio kristaua eta orotarikoak. Eta, Torrealdaik azaldu duenez, sei atal handi horiek 38 azpiataletan banatu dituzte.

Multzoka ere sailkatu dituzte 922 argitalpenak. Hamar azaldu ditu Torrealdaik: liburu enblematikoak, 32; gainerako liburuak, 54; liburuxkak, 23; liburu zatiak, 27; artikuluak, 742; itzulpenak, hamar; editorea, bost; berrargitalpenak, zortzi; egokitzapenak eta itzulpenak, hamabi; eta, azkenik, gutun argitaratuen atala, bederatzi argitalpen dituena.

Idazlearen liburuen artean, lau lan enblematikok duten pisua nabarmendu du Torrealdaik: Diccionario vasco-español-francés hiztegia, Cancionero popular vasco kantutegia, eta Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza lan linguistikoak. Duten garrantziagatik, bereizita sareratu dituzte lau obra horiek. «Obra hauek argitalpen ugari izan zituzten, eta edizio kanonikoari eman diogu lehentasuna: Azkue bizi zen artean kaleratutako azken edizioari, alegia». Morfología vasca liburuaren kasua berezia da, baina, lehen aldiz atalka argitaratu zenez liburu formatuan kaleratu zutenekoa hartu baitute kanonikotzat.

Artikulugintzan ere, oparo

Artikuluena da atalik «oparoena», Azkueren 742 artikulu katalogatu eta digitalizatu baitituzte. «Haren kultur aktibitate aberatsaren adierazgarri da kopuru hori», azpimarratu du Torrealdaik. Euskaltzale, Euskara, Ibaizabal, Euskal-Erria eta Euskal-Esnalea aldizkarietan argitaratutakoak dira katalogatu dituzten lan gehienak. Euskaltzale astekariko zuzendaria izan zen lekeitiarra, eta artikuluen %82 bertan argitaratu zituen: 613, orotara.

Sekreturik gordetzen ez duen Azkue bat sareratu dutela adierazi du Torrealdai. «Jendearen eskura jarri dugu Azkue, bere osotasunean eta sekreturik gabe, bilaketa egiteko formula ezberdinekin: argitalpenen multzoen arabera, gaika edo hitzak bilatuta. Azkue bere osotasunean dago ikusgai: goitik, behetik, ezkerretik eta eskumatik aztertzeko aukera ematen du». Ideia berean egin du indar Urrutiak: «Egitasmo honekin, Azkue lehen euskaltzainburuaren izena eta izana gogora ekarri nahi ditugu, eta, digitalizazioaren bitartez, gizarte osoaren eskura utzi».

Bestalde, aurten mendeurrena bete du Azkueren Ardi galdua lanak, eta nobelaren edizio berritua ondu dute Elixabete Perez euskaltzain urgazleak eta Ana Toledo euskaltzain osoak. 1918an ondu zuen Azkuek lan hori, eta euskara estandarizatzeko proposamena bildu zuen bertan. Liburua XXI. mendeko irakurleentzat egokitu dute Perezek eta Toledok.

Webgune honetan jaso dituzte Azkueren lanak:

www.euskaltzaindia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.