Literatura beltzaren egoitza

Astelehenean hasiko da (H)ilbeltza, Baztango nobela beltzaren astea, bosgarrenez. Besteak beste, Miel A. Elustondok, Edorta Jimenezek eta Xabier Etxeberriak aurkeztuko dituzte beren lanak

(H)ilbeltza euskal nobela beltzaren antolatzaileak, Iruñeko Karrikiri elkartean, herenegun. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Gero eta estuagoa da Baztan haranaren (Nafarroa) eta literatura beltzaren arteko lotura, eta horren eragileetako bat da 2015etik ospatzen duten (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea. Heldu den astelehenean ekingo diote ekitaldiaren bosgarren aldiari, eta igandera arte iraungo du. Bost urteren ostean, jaialdia «finkatu» egin dela uste dute antolatzaileek. Halere, argi dute egitasmoak «disfrutatzeko» balio behar duela. «Hala den bitartean, antolatzen jarraituko dugu». Asteazkenean aurkeztu zuten aurtengo (H)ilbeltza, Iruñeko Karrikiri elkartean. Liburu aurkezpenek, mahai inguruek, idazleekin eginiko solasaldiek eta ipuin antzeztuek osatzen dute, besteak beste, (H)ilbeltzaren aurtengo eskaintza.

«Euskal nobela beltzari aitortza egin nahi diogu», adierazi du Elurre Iriarte antolatzaileak. Baina, horren gainean beste helburu bat dagoela esan du: literaturaz disfrutatzea. «Asmo horrekin sortu genuen, eta sortu bitartean ere disfrutatu dugu». Horrekin batera, ahalegintzen dira gerturatzen den jendea (H)ilbeltzaren parte sentiarazten, eta uste dute urteotan xede hori bete dutela.

Aurreko aldietan bezala, «lasaitasunez» ekingo diote asteari: solasaldi batekin. Aurten, Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izango da gonbidatua, eta Dashiell Hammetten Uzta Gorria eleberriaren inguruan mintzatuko da, Arizkunen. Nobela beltzaren maisulantzat hartu izan da lan hori, eta Igela argitaletxeak iazko azaroan berrargitaratu zuen. Asteazkenean ere klasiko bati helduko diote, baina, kasu horretan, euskal idazle batenari. Aurreko aldietan, Jose Antonio Loidi, Mariano Izeta, Gotzon Garate eta Txomin Peillen izan ziren protagonistak, eta aurten, berriz, Xabier Gereño hautatu dute. Koldo Izagirrek izango du hizpide Gereñoren lana, Anizen.

Zinemari ere egingo diote tartea nobela beltzaren astean, literatura beltzeko lan asko izan baitira zinemagintzarako iturri, antolatzaileen hitzetan. Aurten, Gontzal Agotek gidatuko du zinemaren eta literaturaren inguruko saioa, eta hark aukeratu du idazlea: Ernest Hemingway. Idazlearen espezializazioa ez zen espresuki nobela beltza, baina, Agoteren hitzetan, «haren zinema egokitzapenik onenak nobela beltzetakoak izan dira». Hemingwayren eleberri beltzetatik sortutako filmen artean daude Howard Hawksen To Have and Have Not, Robert Siodmaken The Killers eta Jean Negulescoren Under My Skin, besteak beste. Ostiralean mintzatuko da Agote, Elizondon.

(H)ilbeltza batetik beti sortzen dira hurrengorako ideiak eta proposamenak, Iriartek kontatu duenez. Iaz, kasurako, hainbat solasalditan agertu zen gai bat da hiriaren eta landa eremuaren trataera nobela beltzean. Hainbat galdera sortu ziren: zertan aldatzen da istorio beltz bat hirian ala landa eremuan kokatuz gero? Zer rol du espazioak eta paisaiak nobela beltzean? Bada, horiei erantzuna emateko xedez, mahai ingurua antolatu dute, larunbaterako, Itxaro Borda eta Edorta Jimenezekin. «Ematen du hirian pasatzen direla gauza interesgarri eta beltz horiek. Baina, bai Itxarok eta bai Edortak landa eremua erabili dutenez, horren inguruan hausnartzera gonbidatu ditugu», azaldu du antolatzaileak. Elizondon izango da hitzordua.

Lan berrien erakusleihoa

Eguerditik aurrera Erratzura lekualdatuko dute ekitaldia. Han, bazkaria egingo dute, urtero legez, eta arratsaldean, ezagutzera emango dute euskal nobela beltzak 2018an emandako uzta. Hasteko, Miel A. Elustondok Kezko bola batek itoak birikak liburua aurkeztuko du, (H)ilbeltza bekarekin ondu duen lana. Izan ere, egitasmoa ez da soilik aste batera mugatzen, eta 2017an, Baztango Udalarekin eta Txalaparta argitaletxearekin batera, (H)ilbeltza beka sortu zuten, literatura beltza sustatzeko xedez. Lehenbiziko bekaren irabazlea Elustondo izan zen, eta datorren larunbatean erakutsiko du urtebetez ontzen aritu den lana. 2018ko deialdiko irabazlea, berriz, Josu Barambones da, eta Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer lana itzultzen ari da. Elustondok ez ezik, Edorta Jimenezek eta Xabier Etxeberriak ere aurkeztuko dituzte beren nobela berriak. Lehenak Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua lana argitaratu du, Txalapartarekin; eta bigarrenak, Berriro itzuliko balitz, Elkarrekin.

Eguna amaitzeko, «distentsiorako» tarte bat hartuko dute, Susmagarrien gauean. Joko bat egingo dute herrian barna, parte hartzaileen arteko harremana bultzatzeko. Halakoak egitea «garrantzitsua» dela nabarmendu du Iriartek, publikoaren eta antolatzaileen arteko hartu-emanetik sortzen baitira hurrengo (H)ilbeltzak antolatzeko ideiak.

Iganderako ere egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Goizez, Itzuli beltza izeneko kontakizun antzeztua egingo dute, Arraiozen. Urtero egin dute jarduera hori, eta «gorputza eta forma hartuz joan da», Iriarteren ustez. «Sormen lan interesgarria» dela gaineratu du. Arratsaldez, berriz, aurtengo berritasun nagusia egingo dute: Chandlerren alde... Edo kontra emanaldia. Jon Alonsok sortu duen testu batean oinarrituta dago, eta Mairu antzerki taldeak egokitu du, «dramatizatzeko». «Irakurraldi bat da, baina antzerkiko elementuak ditu», azaldu du Iriartek. Raymond Chandler idazlea aukeratu dute, genero beltzaren idazle garrantzitsuenetako bat izan zelako, eta gogoeta bat egin dute haren inguruan: «Guk ere Chandler maisutzat izanagatik, kontziente gara inon ez dela maisu perfekturik, eta distantzia dagoela haren eta gure artean».

Baztango hainbat herritan banatu nahi izan dituzte ekintzak, Elizondon zentralizatu gabe. Bestalde, aurten bide berriak ireki dituzte gizarteari (H)ilbeltzaren berri emateko: iragarki bat egin dute, Bira produkzio etxearekin, baita aldizkari bat ere.

Bosgarren urtearekin, balorazioa egitea egokitu zaie (H)ilbeltzako kideei. Egitasmoa «errotuta» dagoela uste dute; euskal nobela beltzaren «erreferentziazko espazio bat» bilakatu dela. Iazko aldia mugarria izan zen Iriarterentzat. Ez dakite zer egingo duten aurrerantzean, baina argi dute gauza bat: «Disfrutatzen dugun bitartean jarraituko dugu; zama bilakatzen den momentuan desagertuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.