Estatu Islamikoa azken gotorlekuan zokoratuta daukate milizia kurduek

Siria ipar-ekialdeko bi hiritan «borroka bortitzak» izaten ari dira muturreko islamista suniten eta milizia kurduen artean. Azken egunotan 20.000 zibil aterarazi dituzte, baina oraindik milaka daude eremuan

SDFko miliziak askatutako zibilak, Deri Ez-Zorren. Tartean, Estatu Islamikoko gerrillarien senideak daude. YPG.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoa bi eta lau kilometro koadro arteko eremu batean dago zokoratuta. SDF Siriako Indar Demokratikoak asteburuan abiatu du erasoaldia muturreko islamisten azken gotorlekuan —milizia kurduak dira koalizioko indar nagusiak—. Deir Ez- Zor ipar-ekialdeko probintzian, 600 islamista daudela uste da mugatik gertu, Baguzen eta Baguz al-Fauqanin. Eufratesen ekialdean daude bi herri horiek, eta azken egunotan 20.000 zibil aterarazi dituzte handik. Mustafa Ali SDFko bozeramaileak jakinarazi du «azken orduetan enfrentamenduak bortitzak» izaten ari direla, baina «azkenera arte» borrokatuko direla, «esklabo egindako emakume yezidi guztiak» askatu arte ez dutela etsiko. Eremuan milaka zibil daude, tartean islamisten emazteak eta seme-alabak, eta horiek ere giza ezkutu gisa erabiltzen dituzte.

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zehaztu du atzo hamasei zibil, hemeretzi islamista eta bederatzi miliziano hil zirela borroketan. EIk bonba-autoak zartarazi ditu miliziak aurrera egin ez dezan, eta ekintzaile suizidak ere baliatu ditu. Eremua minaz bete dute. SANA Siriako albiste agentziaren arabera, lau izan ziren hildako zibilak.

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak aurreko asteazkenean adierazi zuen «astebeteko epean» iragarriko zutela garaipena: «Kalifa herria %100ean konkistatuko dugu». SDF koalizioak urtarrilaren amaieran adierazi zuen «pare bat asteren buruan» guztiz garaituko dutela muturreko talde islamista. Orain AEBetako hegazkinen babesa izaten ari dira.

AEBak eta SDF 2014an aliatu ziren islamisten aurka jotzeko. Ordutik, eremua galduz joan dira, eta orain azkenetan da talde islamista. Alepo, Raqa, Al-Hasaka probintzietatik erabat kanporatu zituzten islamistak. Estatu Islamikoak 2014ko ekainean aldarrikatu zuen kalifa herria bere gain hartutako lurraldetan, Sirian eta Iraken. Azken herrialde horretan lurraldearen ia heren bat bereganatu zuten. Sirian, berriz, eremuaren erdia.

Egun, Badia desertuan eta hiriburuaren hegoaldean baino ez dituzte zelulak. Iraken ere talde batzuk daude, eta orotara gaur egun 14.000 eta 18.000 kide dituela uste da. Siriako Raqatik eta Irakeko Mosuldik kanporatuak izan ostean etorri zen talde islamista suniten gainbehera.

Kurduen kezka

Etorkizuna, baina, kezkaz ikusten dute kurduek. Trumpek AEBetako 20.000 soldaduak erretiratzeko abenduan egin zuen iragarpenak ondorio latzak izan ditzake berriz kurduentzat. EIren kontrako borrokan giltzarri izan dira, eta, soldaduak erretiratzeko promesa gauzatzen bada, muturreko islamistek berriz ere bereganatu dezakete Rojava. SDFko bozeramailearen hitzetan, arazoa «itzela» da, eta ez da soilik militarra: «Arazoa politikoa, ideologikoa eta psikologikoa da».

Turkiak Siria iparraldeko mugan eratu nahi duen 32 kilometro zabaleko «segurtasun eremua» da gakoa. YPG Herriaren Babes Unitateak kanporatu nahi ditu hortik. Washingtonen aliatuak diren miliziak «terroristatzat» izendatu ditu Washingtonek. YPGak SDF koalizioaren adar nagusia dira.

Etxe Zuria Damasko eta Turkiarekin ari da auzi horretaz negoziatzen. Turkiak Errusiaren babesa du estrategia horretan. Etzi, ildo horretan, goi bilera egingo dute Errusiak, Iranek eta Turkiak, Sotxin. Siriako gerra zibila hasi zela zazpi urte beteko dira martxoan. Orduz geroztik, 250.000 lagun hil dira.

Barham Saleh Irakeko presidenteak, berriz, muturreko islamistek herrialdean eragindako «genozidioa» ikertzen eta dokumentatzen laguntzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari. EIk 200 hobi komun egin zituen gutxienez, eta 12.000 lagun lurperatu zituzten horietan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.