Ipuinen atzetik, nor bere bila

Unai Elorriagak 'Iturria' kaleratu du, ipuin liburu bat biltzen duen eleberria. Pedro Iturria izeneko idazleak Europan barna egiten dituen bilaketak harilkatzen ditu ipuinak

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Liburua irakurri dutenek zalantza azaldu diote idazleari, ea Iturria nobela bat den, ala narrazio bilduma bat den. «Niretzat ipuin bilduma bat da», argi du Unai Elorriagak (Algorta, Bizkaia, 1972). «Zer gertatzen da? Nobelaz mozorrotutako ipuin-liburu bat dela. Hari bat dauka, baina hori artile ere bihurtu da; gehiago esango nuke, soka ere bihurtu da. Mozorroa bihurtu da ipuinak eurak baino potoloagoa». Eta, hala ere, liburuaren balio literario handiena ipuinek biltzen dutela uste du idazleak.

Pertsonaia nagusietako baten abizenari zor dio izena Elorriagaren lan berriak: Pedro Iturriari. Ipuinak idatzi, eta Europako hainbat herrialdetan plazaratzen dituen adineko gizon bat da, lekuan lekuko hizkuntzan ematen dituena argitara; Txekian txekieraz, Hungarian hungarieraz, Danimarkan danieraz. Gaztetako laguna du Soro Barturen, eta, elkar ikusi gabe urteak igaro ondoren, haren atzetik abiatuko da; ipuin berri bat non argitaratu, hara joko du Barturenek. Erroman adiskidea eta Eszter Nagy itzultzailea izango ditu bidelagun bilaketan. Eta bilaketa hori da, hain justu, ipuinei jarritako markoa; narrazio sortari jarritako mozorroa. «Nire lehenengo nahia ipuin liburu bat egitea bazen ere, eta indar gehien haietan jarri banuen ere, egia da markoak beste gauza asko eman dizkiola liburuari». Horien artean, umorea nabarmendu du, Barturenen pertsonaiari nabarmentzen zaiona. «Soro ez da bere izena, baina hala deitzen baldin badiote, imajinatu dezakegu nolakoa den. 80 urte izango ditu laster, eta nahi duena esaten eta egiten du. Horrek hainbat egoera komiko eta ironiko sortzen ditu». Lanaren alderdi hori bereziki disfrutatu duela ere aipatu du idazleak: «Nire helburua, idazterakoan, behin sasoi honetara helduta, ondo pasatzea da, eta oso ondo pasatu dut pertsonaia hori sortzen. Umorea eskaini diot, eta berak barreiatu du».

Umorea «nobela» osatzen duen harian antzeman daiteke, baina ez hainbeste ipuinetan. «Ipuinak beste gai batzuk tratatzeko daude». Askotariko gaiak landu ditu horietan, baina, Leire Lopez Susako editorearen ustetan, gai batek zeharkatzen ditu narrazio guztiak: heriotzak. Edonola ere, liburu «bitalista» bat iruditzen zaio: «Hori Soro eta Erroman pertsonaiek ematen diote. 79 urte dituzte, baina bizitzaren aurrean indar handia erakusten dute. Ziurrenik, heriotza hurbil ikusteak badu eraginik».

Liburuan ahozkotasunak duen garrantzia ere azpimarratu du Lopezek. Baita literaturaren gaineko irakurketek duten pisua ere: batzuetan agerian azaltzen dira —Barturenek itzultzaileekin dituen elkarrizketetan, kasurako—, baina, editorearen ustez, liburuak bere osotasunean dihardu literaturaz. «Bereziki egiletzaz, idazleen egoez eta beldurrez; nahiko lotuta dauden bi kontu».

Benetako Iturriaren gutuna

Liburuaren idazketan garrantzitsua izan den beste elementu bat «harridura» izan da Elorriagarentzat. Literaturaren dohainik indartsuenetako bat hori iruditzen zaio, eta horretan saiatu da liburuan: «Leirek [Lopez] arrarotasuna erabili du, eta izan daiteke; baina niri harridura gustatzen zait. Liburu batek hasiera, korapiloa eta amaiera baldin badauzka; azkenean estatubatuarrek irabazten badute; neska eta mutila maitemintze badira... Horrek ez dit eragiten ezer, ez nau mugitzen barrutik. Harritzen nauenean hasten naiz liburu batekin gozatzen, literaturan sakontzen. Ni ere horretan saiatu naiz».

Eleberriak hamar ipuin biltzen ditu guztira, lau ataletan banatuta. Horien atzetik Soro Barturenek egiten duen zeharkaldia «odisea bat» bezala ulertzen du Elorriagak: «Bere Itaka propiora doa. Gaixorik dago, hiltzeko, itxuraz osasuntsu egon arren. Bere odisea egiten du Itakaren bila, eta Itaka hori seguruenik ez da Pedro Iturria; izan daiteke bere gaztaroa, edo izan daiteke bere iturria. Iturriak beste zentzu bat ere badaukalako».

Donostiako Tobacco Days liburu dendan aurkeztu zuen liburu berria Elorriagak, eta bezperan etxean jasotako gutun azal bat erakutsi zuen. Pedro Iturriak bidalia. «Pedro Iturria nafarra, Iruñeko Estafetan botika bat dauka, eta liburu bat bidali dit. Idazlea da, existitzen da. Zoragarria, zelako itzulerak dituen literaturak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.