Ahanzturatik atera zuen lana

'Delfinaren altxorra' argazki bilduma da Jane Clifford fotografoaz ezagutzen den lan bakarrenetakoa. 54 argazki ikus daitezke Nafarroako Unibertsitateko Museoan, martxora arte

Teknika konplexu batekin egin zituen argazkiak Cliffordek: kolodion hezearekin. Nafarroako Unibertsitateko Museoan ikus daiteke emaitza. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Jane Clifford argazkilari britainiarraren izena isilpean gelditzear egon zen. Fotografiaren munduan murgildurik egon zen senarrarekin batera, baina haren itzalpean egiten zuen lan. Nortasunik gabe. Izen propiorik gabe. Senarra hil zitzaion arte; orduan aritu zen lehen aldiz bere kabuz: Delfinaren altxorra bitxien bilduma fotografiatu zuen, enkarguz. Lan hori ere senarraren izenaz sinatu zuen, baina, zorionez, erregistratuta gelditu zen argazki horien benetako egilea nor zen, eta hala, Clifford ahanzturatik salbatu zen. Argazki horietako 54 Nafarroako Unibertsitateko Museoan jarri dituzte, argazkilariari eskainitako erakusketa monografiko batean. Martxoaren 1era arte egongo da zabalik.

XIX. mendean, artelanak dokumentatzeko joera zabaldu zen, eta Londresko South Kensington museoko kontserbatzaile John Charles Robinsonek Delfinaren altxorra bildumaren argazkiak eskatu zituen. Objektu batzuk Louvre museoan gordeta zeuden, Parisen, eta beste zenbait, Prado museoan, Madrilen. Bigarren horiek fotografiatzeko ardura Cliffordek hartu zuen, 1863an. Espainiako ondareko piezak argazkietan jaso zituzten lehen aldietako bat izan zen hura, eta Clifford izan zen Pradon lan egin zuen lehen argazkilaria, Mario Fernandez komisarioak jakinarazi duenez.

1863ra arte, Clifford senarraren itzalpean bizi izan zen. Charles Clifford galestarra dagerrotipoaren, kalotipoaren eta plaka hezearen tekniketan nabarmendu zen. 1850. urtearen inguruan, Espainiara lekualdatu zen, eta han egin zituen irudiengatik egin zen ezaguna. Jean Laurent frantziarrarekin batera, garai hartan Espainiako eszenak erretratatu zituzten argazkilari nagusietako bat izan zen. Haren emazteak ere parte hartzen zuen bere proiektuetan; baina andrearen lana gela ilunaren barruan geratzen zen; isilpean. Gerora jakin denez, baina, Jane Clifford ez zen izan argazkilari baten emaztea soilik; bera ere argazkilari izan zen. Besteak beste, Frantziako Argazkilaritza Elkarteak onartu zuen lehen emakumea izan zen. 1856an sartu zen elkartean; ondorioz, Robinsonek enkargua egin zionerako, trebatua zegoen argazkigintzan.

Alargundu ondorengo lehen urteetan ondutako lan hori da Clifforden bizitzaz ezaguna den gauza bakarretakoa. Gainerakoan, datu gutxi daude hari buruz. Inork ez daki noiz eta non jaio zen, ezta noiz hil zen ere. 1885ean Frantziako Argazkilaritza Elkarteko kide izateari utzi ziola bakarrik da jakina; beharbada, hil egin zelako, baina hori ezin da ziurtatu. Ez dago haren irudirik ere; inork ez daki zer itxura zuen. Haren senarraren zenbait argazkitan emakumezko figura bat hauteman daiteke; baliteke bera izatea, baina hori ere ezin da ziurtatu. Hari buruz geratu diren arrasto bakarretako bat haren senarraren heriotzaren albistean agertu zen, El Clamor Público egunkarian, 1863an: «Charles Clifford argazkilari ospetsua hil da. Argazki nabarmenak utzi dizkio herentzian emazteari, haren lanetan aktiboki parte hartzen ari zen andre bihozberarenak».

Delfinaren altxorra bildumaren izenak haren jabean du jatorria: Delfin Handia esaten zioten Luis Frantziakoa erregegaiarenak izandako edalontzi, kopa, pitxer eta harribitxiz osatuta dago. Neurri batean, haren ondorengoak, Felipe V.ak, heredatu zituen objektuak, eta, ondoren, Parisko Louvrera eta Madrilgo Pradora eraman zituzten. Bilduma osatzen duten pieza preziatuak Madrilgo Alkazar jauregiko 1734ko sutetik salbatu ziren, beste jauregi batean baitzeuden; ez ziren salbatu, ordea, 1813an Frantziako inbasioan izandako lapurretatik. Pieza gehienak berreskuratu eta zaharberritu zituzten, hamabi izan ezik. Clifforden argazkiak zaharberritzeen aurretik eginak dira, eta jasan zituzten galerak dokumentatzen dituzte; horrek balio erantsia ematen die.

Museoaren enkargua aurrera eramateko, Cliffordek zenbait erronkari aurre egin behar izan zien. «Argazkilaritza teknika konplexu bat erabili zuen: kolodion hezearen teknika», azaldu du komisarioak. «Horrek eskatzen zuen negatiboa unean bertan emultsionatzea, eta kolodiona heze zegoela, argazkia egin, azkar atera eta negatiboa lehortu aurretik finkatzea». Lan horrek argi asko eskatzen zuenez, pieza batzuk kalean fotografiatu zituen; ondorioz, argazki batzuetan itzal gogorrak eta kalearen erreflexuak ikus daitezke. Lana helburu dokumentalarekin egin bazuen ere, egilearen argazkilaritzarako trebezia nabaritzen da emaitzan, teknika oinarrizkoa izanda ere kalitatezko argazkiak baitira. Cliffordek irudien kopia ugari saldu zituen.

Clifforden obraren osagarri gisa, Jean Laurenten lau argazki ere bildu dituzte erakusketan. Laurentek Delfinaren altxorra-ren beste dokumentazio proiektu bat egin zuen hamabost urte geroago, 1878an. Bi fotografoen lanak alderatuta antzeman daiteke argazkigintzaren teknikak garai hartan izan zuen bilakaera.

Bilduma horren dokumentazioan ez ezik, Cliffordek Espainiako monumentuak eta artelanak zabaltzeko beste zenbait proiektu editorialetan ere parte hartu zuen. 1850eko hamarkadatik 1880ra, grabatuen, litografiaren eta halako tekniken bitartez, Espainiako ondarea zabaltzen aritu ziren, eta argazkiekin egin zuten lehenengo proiektu garrantzitsua ere hark egin zuen.

Argazkigintzan segitu zuen

Alargundu ostean, Cliffordek fotografiak egiten jarraitu zuen. Senarraren gauza batzuk saldu —betaurrekoak, argazki makinak...—, eta Madrilgo Puerta del Soletik gertu zegoen estudio batera joan zen bizitzera. Handik aurrera, garai hartako formatu nagusietako batean aritu zen: bisita txarteletarako erretratu txikiak egiten. Senarrak amaitu gabe utzitako lanak ere burutu zituen; esaterako, Isabel II.ak Andaluziara eta Murtziara egindako bidaiaren irudiak. Zer gertatu zen bere estudioarekin eta materialarekin hari buruzko berriak galdu ondoren? Inork ez daki. Clifforden bizitzak eta obrak positibatzeko bidean jarraitzen baitute gaurdaino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.