Printzipio deklarazio bat

Bihar hasi eta hurrengo ostiralera arte, egungo film labur eta dokumental puntakoenen hautaketa bat proiektatuko du Bilboko Zinebik, Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak

Bi Oscar sari dituen Barbara Kopple zinemagileak Bilboko Zinebi jaialdian egingo du Desert one filmaren Europako estreinaldia. ZINEBI.
Inigo Astiz
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ez da titulu segida soil bat. Vanesa Fernandez Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiko zuzendariaren ustez, orain egiten ari den sorkuntzari buruzko printzipio deklarazio moduko bat da zinema jaialdi bakoitzaren programazioa. Eta, beraz, areto komertzialetatik kanpo geratzen diren generoen aldeko aldarrikapena eta zinemagile berrien aldeko apustua lirateke Zinebi jaialdiaren bi aldarri nagusiak. 61. aldia hasiko du bihar, eta nazioarteko eta tokiko dokumentalik eta film laburrik interesgarrienen hautaketa zabala eskainiko du hilaren 15era bitarte. 57 film labur lehiatuko dira nazioarteko sail ofizialean, eta, bestelako zikloak, emanaldi bereziak eta erreskateak ere kontuan hartuz, orotara 133 pelikula proiektatuko dituzte. Hiru Ohorezko Mikeldi ere banatuko dituzte: Wang Bing zinemagile txinatarrarentzat bata; Marta Meszaros hungariarrarentzat bestea; eta Claire Simon frantziarrarentzat hirugarrena.

SAIL OFIZIALA

Zinebiko zuzendariak esana du jaialdiaren espezializazioak dakarrela exijentzia artistikoa bereziki zaindu beharra, eta nazioarteko Sail Ofizialerako egindako hautaketako datuak izan daitezke horren froga. Guztira, jaialdiak 3.921 proposamen jaso ditu sailerako, eta eskaintza horretatik egin dute lehiatuko diren 57 film laburren hautaketa. Zazpi euskal sorkuntza ere egongo dira tartean. Bertan dira, besteak beste, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama, Josu Martinezen Anti eta Lur Olaizolaren Xulia lanak. Gainera, bihar Arriaga antzokian egingo duten irekiera ekitaldian emango dituzte euskal film horiek. Sra. Polaroiska artista bikoteak gidatuko du gala, eta Wang Bing eta Claire Simon ere egongo dira ekitaldian, Ohorezko Mikeldia jasotzen.

OHOREZKO MIKELDIAK

Wangen lehen film dokumentalak 2003an Marseillako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian eragindako zirrara hartu dute gogoan antolatzaileek. Tie Xi Qu (Trenbideen mendebaldera) deitzen zen lana, eta kolpe bat izan zen ikusleentzat. Shenyan hiriko langile batzuen bizitza kontatzen zuen, eta, jaialdiko arduradunen hitzetan, haren filmografian gerora ere konstante bat izan da ertzetan bizi den jendeari ahotsa emateko joera hori. Behaketa luzeak egiten ditu zuzendariak, eta denborarekin sortutako konplizitate hori ere igar daiteke haren lanetan. Horregatik guztiagatik emango diote Ohorezko Mikeldia aurten. Haren filmografiaren lagin bat eskaini, eta topaketa bat antolatu dute harekin, Bilboko Arte Ederren Museoan.

Claire Simon da aurtengo beste Ohorezko Mikeldia. Adituek diotenez, filmografia erabat eklektikoa eta hibridoa du zuzendari, aktore, ikerlari eta gidoigile horrek. Haren azken lana jarriko dute ikusgai: Le village telesail dokumentala. Horrez gain, eskola magistral bat ere emango du asteburuan, Bilboko Arte Ederren Museoan.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egindako lana aipatu dute antolatzaileek Marta Meszaros zinemagile hungariarra saritzeko motiboen artean. Berak jasoko du aurtengo hirugarren Ohorezko Mikeldi saria, eta haren filmografiaren lagin bat proiektatuko dute.

DOKUMENTAL LUZEAK

Harribitxien bilduma moduko bat da Beautiful Docs atala. Nazioarteko beste jaialdietan nabarmendutako dokumental luzeak biltzen ditu Zinebik bertan, eta jaialdiaren nortasun ikur bilakatu da saila urteekin. Aurten, bederatzi lan eskainiko dituzte guztira, eta nabarmentzekoa da, adibidez, bere ibilbidean bi Oscar jaso dituen Barbara Kopple dokumental egilearen Desert one pelikularen Europako estreinaldia eskainiko duela Zinebik.

EGILE BERRIAK

Zaharra da egile berriekiko kezka jaialdian. Badira urte batzuk, esaterako, Zinebi First Film saria martxan jarri zutela. Lehen lanak aurkezten dabiltzan zinemagileak bultzatzea da helburua, eta epaimahaiak hasiberri onena hautatzen duen egileak 12.000 euroko saria jasoko du. Bederatzi film lehiatuko dira sail horretan. Besteak beste, Raymund Rivay Gutierrez filipinarraren Verdict film dokumental luzea izango da, zeinak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu baitu aurten Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren Orizzonti sailean.

Baina ez da hori bakarrik. Etorkizuneko proiektuak laguntzeko beste programa bat ere badu martxan jaialdiak: Zinebi Networking. Oraindik bidean diren proiektuak aurkezteko aukera izango dute bertan sortzaileek, eta sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak aukeratuko du zer proposamenek merezi duen 10.000 euroko saria. Guztira, 22 proiektu aurkeztu dira deialdira, eta jaialdiaren itxiera ekitaldian jakinaraziko da irabazlearen izena, Arriaga antzokian.

SARIAK

Guztira, 60.000 euro inguru banatuko ditu jaialdiak saritan. 7.000 euro jasoko ditu, esaterako, Zinemaldiaren Sari Nagusiak, 6.000 euro Euskal Zinemaren Sari Nagusia jasotzen duenak, eta 5.000 euro eskuratuko ditu fikzioaren, animazioaren eta dokumentalaren kategorietan Mikeldi saria irabazten duen bakoitzak. Horrez gainera, ikus-entzuleen saria eta gidoi onenaren saria ere emango dituzte 3.000 euro, eta baita FAS Zineklubarena ere.

EMANALDI BEREZIAK

Hainbat emanaldi berezi ere prestatu dituzte antolatzaileek. Bada, adibidez, euskal sorkuntzei eskainitako atal berezi bat, eta bertan proiektatuko dute, besteak beste, Euskal Herriko borroka antinuklearrari buruzko Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa filma. Horrez gain, 1968an Venezuelan sortutako Los hijos de Gernika. La lucha del pueblo vasco por su libertad (Gernikako semeak. Euskal Herriaren borroka aske izateko) propaganda film antifaxista ere emango dute. Euskadiko Filmategiarekin batera antolatu dute emanaldi hori.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.zinebi.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.