Khalifa Haftarren indarrek Turkiaren Libiako postuak bonbardatuko dituzte

Ekialdeko buruzagi militarraren aliatuek Tripolitik hiru kilometrora joan behar izan dute. Errusia eta Turkia ados jarri dira su-eten bat finkatu beharraren inguruan

Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarra —irudiaren erdian—, iragan urtarrilean, Atenasen, Greziako lehen ministroarekin izandako bilkuraren ostean. Y. K. / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Hilabeteotako porrot militarren eta ezinen ostean, Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarrak estrategia aldatzea erabaki du, eta Turkiari begira jarri da. Herrialde horretako armada gerran sartu zenetik, Haftarren indarrek ez dute lortu eskura zuten Tripoli hiriburua bereganatzea—iazko apirilean hasi zuten hori lortzeko erasoaldia—, eta, hortaz, ekialdeko buruzagi militarraren aliatuek atzo jakinarazi zuten «aireko kanpaina bat» hasiko dutela Ankarak Libian dituen postuen aurka, horrek Batasun Nazionaleko Gobernuari (GNA) eman dion babesarengatik.

«Libiaren historiako ekinaldirik handiena» izango da, Libiako Armada Nazionalaren (LNA) aire indarren buruzagi Saqr al-Jaruxik komunikatu baten bidez adierazi zuenez: «Turkiaren gune eta interes guztiak zilegizko helburuak dira gure borrokarako hegazkinentzat. Horietatikurrun egotera deitzen ditugu zibilak».

Urteotan bezala, ekialdeko buruzagi militarraren indarrek Errusiako eta Siriako mertzenarioen babesa izango dute zeregin horretan, baita Moskuren zeharkako aireko laguntza ere, egunotako gertakariek frogatu dutenez: asteon Sobietar Batasunaren garaiko gutxienez zortzi hegazkin militar eraman dituzte Errusiaren Libiako base batera, ziurrenik erasoaldi horretan laguntzeko, Fathi Baxaga GNAko Barne ministroak Bloomberg agentziari atzo adierazi zionez.

Libiako gerran sartu zenetik, Turkiak hainbatetan ohartarazi du erantzun militar bat emateko prest dagoela bere postuen aurka eraso egiten badute —gehienak Tripoli inguruan ditu, herrialdearen ipar-mendebaldean—, eta ez du baztertu Haftarren kuartel nagusiari eraso egitea, herrialdearen ekialdean.

Halere, ikusteko dago erasoaldi hori hasiko duten, edo hasita ere zenbat iraungo duen. Izan ere, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta Mevlut Çavusoglu Turkiakoa atzo mintzatu ziren Libiako gatazkaz, eta bi agintariak ados agertu ziren su-eten bat ezarri behar dela; dena den, horren inguruan ere zalantza handiak daude, orain arteko saiakerek ez baitute fruiturik eman.

Kasurako, urte hasieran Berlinen egindako konferentzia: nazioarteko potentziak ados jarri ziren Libian eskua sartzeari uzteko, eta, besteak beste, armen enbargoa eta meniari begirako pauso «sinesgarriak» emateko asmoa hitzartu zuten, bi aldeei presio eginda. Ordea, hilabeteotako gertakariek erakutsi dutenez, ez dute halakorik lortu.

Errusiaren Libiako inplikazioa zeharkakoa den arren, Turkiaren ekintzak zuzenagoak izan dira—droneen bidez erasoak eginez, esaterako—, eta hori bera salatu zuen iragan hilean Ahmed al-Mismari ekialdeko indarren komandanteak: «Agenda sekretu bat dute, eskualde osoa mehatxatzen duena. Mertzenarioak daramatzaten hegazkinak egunero iristen dira Tripolira eta Misratahra. Urtarrileko su-etenaz baliatu dira armamentua garraiatzeko».

Hein batean bada ere, adierazpen horiek LNAren ezina irudikatzen dute, Turkiak GNAri emandako sostenguarengatik atzera egin behar izan baitu Tripoli bereganatzeko helburuan. Aste hasieran, esaterako, hiriburua defendatzen ari diren miliziek Al-Watiyako base militarra berreskuratu zuten, bost urteren ostean; Tunisiako mugan eta Tripolitik hurbil zegoenez, estrategikotzat zeukaten Haftarren indarrek —inguru horretan zuten base bakarra zen—, eta galera kolpe gogorra izan da ekialdeko buruzagi militarrarentzat.

Ez hori bakarrik: Al-Watiyako porrotak bultzatuta, Haftarren indarrek Tripoli inguruko frontegehienetatik alde egin behar izan dute, hiru kilometro atzera eginda. Al-Mismarik atzo ez zituen arrazoi militarrak erabili erabaki hori argudiatzerakoan, adierazita «herritarrak libreki mugi» daitezen egin dutela.

2011tik gerran

Bederatzi urte dira NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. 2012an parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten onartu emaitzak, eta bitan zatitu zen herrialdea: bozen garaileak ekialdean gotortu ziren, eta Haftarrekin aliatzea beste aukerarik ez zuten izan. Mendebaldean, NBEk trantsiziorako gobernu bat osatzea adostu zuen islamistekin, eta, urteak pasatu ahala, Fayez al-Serraj buru duen GNAn barreiatu ziren.

Ekialdeko buruzagi militarrak aliatu garrantzitsuak ditu nazioartean, Errusiaren babes militarra eta Frantziaren babes politikoa tartean, eta Libiako petrolio hobi gehienen kontrola du aspaldidanik; Tripoliren kontrola eskuratzea falta zaio gatazka militarra irabazteko, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa du hori lortzea.

Al-Serrajek, berriz, Europako Batasunaren, Turkiaren eta Italiaren babes militar, politiko eta ekonomikoa du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.