Albistea entzun

Oteizaren obrarekin solasean

Itziar Okarizek erakusketa proiektu bat sortu du Oteizaren eskulturekin izandako elkarrizketetatik abiatuta. Ikus-entzunezko piezekin eta testuekin osatu du. Oteiza museoan dago ikusgai
Itziar Okariz, Arantzazuko apostoluen frisoaren aurrean eserita, Oteiza museoan ikus daitezkeen bideoetako batean.
Itziar Okariz, Arantzazuko apostoluen frisoaren aurrean eserita, Oteiza museoan ikus daitezkeen bideoetako batean. OTEIZA MUSEOA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko azaroak 11 - Altzuza

Artelan bat eta artista bat aurrez aurre. Bata, geldi-geldirik; bestea, hizketan, hitz bakoitza hausnartzen, keinuak egiten, sentituz. Normaltasunetik aldentzen den elkarrizketa modu horrek zentzurik gabekoa irudi dezake lehen begiratuan; osatu gabea. Baina esan gabe gelditzen denak, esplizituki esaten ez denak, badu interesik. Agian, hori da, preseski, interesgarriena. Horren jakitun izaki, Itziar Okariz artista (Donostia, 1965) eskultura esanguratsuen aurrean jartzen eta haiekin solasaldiak izaten aritu da azken urteetan. Ezohiko komunikazio ekintza horrek interpretazioaren «zentzu posible guztiak aktibatzen» baititu, haren arabera: artelanaren esanahiak ugaritu egiten baititu, osatu gabe zegoen obra zentzuz betetzeraino. «Artelan orok, zentzu osoa hartzeko, begiratzen dionaren interpretazioa behar duelako».

Itxuran osatu gabe dauden solasaldi horietako batzuekin Estatuak erakusketa proiektua osatu du Okarizek, Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) ikus daitekeena: bideoan jaso ditu artelanekin izandako komunikazio esperientzietako batzuk. Ikusgai jarri dituenetako bi berariaz proiektu honetarako sortu ditu, eta lehen aldiz eraman ditu jendaurrera: Arantzazuko basilikako (Gipuzkoa) murruarekin eta apostoluen frisoarekin izandakoak. Bestalde, Jorge Oteizaren hiru eskulturarekin izandako elkarrizketak ikus daitezke: Nire emaztearen erretratua (1947), Otano pintorearen erretratua (1948) eta Bi triedroren konbinazio bidezko kutxa metafisikoa. Leonardori omenaldia (1959) obrekin izandakoak. Horien osagarri, Veneziako 58. Bienalean (Italia) Sergio Prego artistaren Seeds eta Black Fountain piezekin izandakoak jarri ditu; horiek ere aurretik argitara atera gabekoak.

Bideoetan eskulturak eta Okariz ageri dira, aurrez aurre. Artistak zuzenean begiratzen die estatuei; galderak eta iruzkinak egiten dizkie, baita keinuak ere. Eta erantzuten diotela irudi dezake, solasaldiarekin aurrera jarraitzen baitu Okarizek, natural. Lasai solastatzen da Oteizaren eta Pregoren obrekin, patxadaz.

Ikus-entzunezko piezekin batera, elkarrizketetako batzuen transkripzioak jaso ditu orri handi batzuetan. Testuak dauden espazioetako batean, gainera, Arantzazun grabatutako soinuak jarri ditu, irakurtzen ari direnei laguntzeko.

Hitzak dira, beraz, proiektuaren osagai nagusia. Okarizek azaldu duenez, lehen inoiz ez zuen hitzekin lan egiten, baina haiengana hurbilduz joan da, oinarrizko material gisa erabiltzeraino. Esandako hitzek bestearen araberako karga hartzen dutelako interesatzen zaizkio: «Hitz bakoitzak, berez, esanahi asko izan ditzakeelako, entzuten dituen pertsonaren arabera kargatzen baitira». Kasu honetan, ordea, elkarrizketak alde bakarra izanda, artistak eraiki behar izan du bestea.

Hain zuzen ere, horixe da Okarizi interesatzen zaiona: eremutik kanpo gelditzen dena «zatikatzea». «Nik alkandora loredun bat enfokatzen duen bideo bat daukat. Hor ikusten dena paisaia bat da, baina zoomarekin dagoelako; egiaz pertsona bat da, dantzan, kameratik kanpo», jarri du adibidetzat. Kasu honetan ere elkarrizketaren zati bat baino ez dagoenez, ikus-entzuleak gainerakoa «ondorioztatu» behar du. «Eta zatikatze horrek erakusten du, hein handi batean, nola funtzionatzen duen hizkuntzak».

Oteizaren lanak ere badu loturarik, hain zuzen, eremutik kanpo geratzen denarekin; espazio hutsarekin. Eskultorearen obraren ezaugarri horrek badu zerikusia Okarizen proiektuarekin, baina artistak azaldu duenez, ez du arrazoi horregatik aukeratu Oteiza: «Gurekin dagoen iruditeria baten parte delako aukeratu dut: paisaia baten parte delako, eta baita beste artelan zein artista batzuen parte ere. Gustuko dut harreman hori nabarmentzea, badirudielako gauzei begiratzerakoan zooma dugula jarrita, gauzen artean inongo loturarik ez balego bezala».

Paisaia bat eraikitzea

Oteizaren obrarekin lan egitea prozesu «atsegina» izan da Okarizentzat; «erraza». Adibidez, eskulturetako bat, Nire emaztearen erretratua, hartu ahal izan zuen, eta Veneziara eraman, han lantzeko. Aukera hori izatea «aparta» izan dela adierazi du: «Eta Txomin Badiolak eta beste askok eman dizkidaten erraztasunei esker izan da». Elkarrizketen prozesua «oso gogoetatsua» izan da artistarentzat, arreta handia eskatu dio, eta hori emaitzan islatzen saiatu da, «paisaia» bat eraikiz: «Erakusketaren espaziora sartzen den pertsonak sentsazio jakin bat izan dezan gorputzean: bertan dauden elementuek lasaitasun eta arreta egoera batera eraman dezaten».

Oteiza Museoak nabarmendu du Okarizen proiektuak agerian jartzen duela Oteizaren obrak «gaitasuna» duela gaur egungo artistengan «bizirik segitzeko», sorkuntzaren bitartez haiengana «modu kritikoan» hurbilduta.

Erakusketa 2021eko otsailaren 28ra arte egongo da zabalik, eta beste zenbait jarduera antolatuko dituzte: azaroaren 19an, Okariz eta Jon Mikel Eubaren arteko solasaldi bat eskainiko dute, Internet bidez. Abenduaren 27an, berriz, bisita gidatua egingo dute erakusketara; tokiak mugatuak dira, eta erreserba egin beharko da. Azkenik, sarera ere zabalduko dute proiektua: erakusketa ikusgai dagoen bitartean, museoaren webgunean Estatuak. Kutxa metafisikoa (2019) ikus-entzunezko pieza ikusteko aukera egongo da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...