Beltzaren barneko argiak

Margaret Watkinsi eskainitako lehen atzera begirakoa ireki du Arteguneak, Donostian. Argazkilari aitzindariaren eta haren obraren «aldarria» izan nahi du, eta maiatzaren 30era arte egongo da zabalik

Guztira, 150 bat argazki eta hainbat dokumentu pertsonal bildu dituzte erakusketan. Zatirik handiena inoiz erakusgai jarri gabea da. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Bere jabetzan lapurreta izan ez balitz, Margaret Watkins ez litzateke oin ohar bat besterik izango argazkilaritzaren historian, eta bere lanek, Glasgowko West End auzoko hamazazpi gelako eta viktoriar estiloko etxean gordetzen zituen haiek, udal zabortegian bukatuko lukete». Hala izango zen, haren bizilagun Joseph Mulhollandi eman izan ez balizkio kutxa beltz handi batean —harenak dira hitzok—, barruan zer zegoen azaldu gabe eta baldintza batekin: bera hil ondoren zabaltzea, ez lehenago. Hil zen Watkins, eta handik bi urtera ireki zuen Mulhollandek kutxa, erdi ahaztuta. «Ebaki nuen argizari gorriz zigilatutako soka, eta 1.200 argazki inguru aurkitu nituen, inoiz ikusitako argazkirik ederrenak». Luze egon ohi ziren gai ugariez hizketan bizilagunak —musikaz, batez ere—, baina Watkinsek inoiz ez zion ezer aipatu argazkilaritzaz. Haren bizitzaren historia osatzen eta obra hura kokatzen hasi zen orduan Mulholland, eta hala itzuli dira haren izena eta irudiak apurka berriz argitara. Lehen atzera begirakoa eskaini dio orain Tabakalerako Kutxa Kultur Arteguneak, Donostian: Margaret Watkins. Black Light. Maiatzaren 30era arte bisitatu ahalko da.

Ane Abalde aretoko zuzendariak itzulingururik gabe aitortu du asmoa zein den: Watkins bera eta haren obra aldarrikatzea. «Bere lana ezagutaraztea eta argazkilaritzaren historiaren testuinguruan jartzea. Watkinsen obra erreibindikatzea, harrigarria delako bere garaian hain ibilbide arrakastatsua izandako emakume batek hain arrasto gutxi utzi izana argazkigintzaren historiografian». Erakusketa 150 argazki ingururekin —%90 inoiz erakutsi gabeak— eta hainbat material pertsonalekin osatu dute: ohar koadernoak eta Gramflex kamera, besteak beste. Irudien artean, askotariko elementu, forma eta eszenak ikus daitezke, eta haien alderdi «moderno eta aitzindaria» nabarmendu du Abaldek. «Emakume modura izan zen aitzindaria, baina baita argazkilari profesional modura ere. Argazkigintzaren eta artearen alorretako hainbat mugarri aurki daitezke haren irudietan: piktorialismoa, Objektibotasun Berria eta diseinuak eta publizitateak argazkilaritzaren garapenean izandako eragina, esaterako».

Profesional «independente» bat izan zen, bere estudio propioa izan zuena, garaiko aldizkari puntako askorentzat lan egin, eta hainbat aldiz jarri zuena bere obra erakusgai. Harik eta hiru hileko bidaia bat itzulerarik gabeko joana bihurtu zitzaion arte, eta bide artistikoaren azkena. Anne Morin komisarioak ekarri du orain haren lana Artegunera, aurrez Berenice Abottena eta Vivian Maierrena bezala, eta, haiena bezainbat, Watkinsena ere «istorio berezi» batekin lagundutako obra dela azpimarratu du hark.

Ez nolakoa, nor baizik

1884an jaio zen Watkins, Hamiltonen (Kanada). «Familia burges batean, non ardura nagusia musikarekiko eta arteekiko interesa elikatzea izan zuen», Morinen esanetan. 1908an etxetik aldendu eta 1914an Clarence H. Whiten eskolan hasteak erabat markatu zuen haren idazkera fotografikoa. Lerro kurbatuez baliatuz, konposizio harmoniko eta orekatuak lantzen hasi zen, aurrerago egonkortuko zuena. Eta horra garairako aurrendari zen lehen keinua. «Ez zuen soilik begiratzen jakin nahi, konposizioak arduratzen zuen. Eszenaratzeak. Forman zuen interesa, ez objektuetan». 1922ko The Wharf (Kaia) da horren erakuslerik borobilena Morinentzat. «Hutsaren eta betearen arteko lanketa ikusten da. Nola duten itzalek objektuek bezainbesteko gorputza».

Erakusketaren hirugarren atalean dator irudi hori: New Yorkeko aldiari eskainitakoan. Aurretik datoz Obra baten sorrera (1908-1915) eta Erretratuak: Watkinsen prestakuntza sasoiko irudi askotarikoei eta orduko kulturgile entzutetsu ugariri egindako lanei dagozkienak, hurrenez hurren. Erretratuen ataletik atera du Morinek, hain zuzen, erakusketarako izena, Watkinsek horietan erakusten duen argiaren trebeziak liluratuta. «Ez dute erakusten nolakoa den bat, baizik eta nor den».

1928an, argazkilariak bidaia bat abiatu zuen Europara; hasieran, Glasgown zituen lau izeba bisitatzeko asmoz. Egoera negargarrian topatu zituen, ordea, gaixorik eta erortzear zegoen etxe batean. «Ez zuen han geratu beste erremediorik izan», dio Morinek. Argazkilaritza behin betiko utzi aurretik, baina, Berlin, Postdam, Paris eta, geroago, Mosku bisitatu zituen, eta azken horretatik, esaterako, 600 irudirekin itzuli zen. Glasgowko eraikuntzen egiturekin ere egin zuen lan, konposizioan arreta jarriz berriz ere. Azken aurreko Europa atalean biltzen dira horiek denak.

Lehenagokoa da azken atala: Fotomuntaketak.1930-1937 artean, bere artxiboko irudiak baliatuta, diseinu dekoratiboak egin zituen Watkinsek, ehunen fabrikatzaileei saldu ahal izateko. Horiek kenduta, 1935ekoa da orain arte topatu duten Watkinsen azken argazkia: bere itzala erakusten duena. Morin: «Ahanzturan eroritako artxibo baten berreskurapena da hau, baina oraindik asko egon daiteke aurkitzeko. Hemen Maierren lana erakutsi genuenetik hona asko sakondu da haren obran, eta badut sentsazioa Watkinsekin ere antzeko zerbait gerta daitekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.