Balioen balioaz, trantsizioaz

Euskal balioak aztertzeko, Ana Urkizak hamasei pertsona elkarrizketatu ditu, sortzaileak gehienak; eta baliook trantsizioan daudela ondorioztatu du. 'Garen hori' liburua da emaitza, Elkarrekin emana

Atzo aurkeztu zuten Garen hori liburua, Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean. Ana Urkiza lehen lerroko hirugarrena da, ezkerretik hasita. JON URBE / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Arte edertzat jotzen diren zazpi diziplinei bertsolaritza gehitu, eta zortzi sortzaile elkarrizketatu, diziplina bakoitzeko bat: Irati Jimenez idazlea, Karmelo Ortiz de Elgea margolaria, Jon Maia Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Karlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria. «Zeintzuk dira euskal balioak?» galderari erantzuteko asmoz. Hortik abiatu zen Ana Urkiza idazlea (Ondarroa, Bizkaia, 1969), Garen hori liburua eman duen prozesuari ekitean: «Defendatu nahi nuena zen nolakoak garen esaten duen elementua kultura dela eta kulturak egiten gaituela euskal. Kultura hori egiten duten sortzaileek eskura dituzten baliabideak kontuan hartuta, erabiltzen duten lengoaia berezitua da, lokala eta unibertsala aldi berean».

Lau gai nagusiren inguruko galderak prestatu zituen, honako hauek jakin nahian: zerk bideratu zituen elkarrizketatuak sortzaile izatera; ni-aren eta gu-aren arteko iraganbidea nolakoa den; euskal obra noiz hasten den unibertsal izaten; eta norbere obraren baitan zein balio antzeman daitezkeen. Blokeotan ardaztutako zortzi elkarrizketek osatzen dute Urkizaren liburuaren zati nagusia. Zortzi elkarrizketatuen esanak beste zortzi adituokin «kontrastatzea» erabaki zuen: Josu Bergara publizistarekin, Eduardo Apodaka filosofoarekin, Elixabete Garmendia kazetariarekin, Olatz Legarda Basque Teameko zuzendariarekin, Ximun Fuchs antzerkilariarekin, Iraia Oiartzabal jostun eta diseinatzailearekin, Elena Arzak sukaldariarekin, eta Iñigo Uzin Mondragon Korporazioko lehendakariarekin.

«Nahikotxo kritikoak» izan dira hamasei elkarrizketatuak, Urkizaren arabera. Eta denen artean, zortziko balio zerrenda bat osatu dute: «Lehendabiziko balioa borondatea da, herri izateko eta herri izaten irauteko borondatea. Bigarrena, euskara eta euskal kultura». Bi balio nagusion ondoren, multzoka agertzen dira gainerako seiak: «Auzolana, kooperazioa, elkarlana, elkartasuna eta kooperatibismoa» elkartzen dira multzoetako lehenengoan; «ekintzailetza, berrikuntza eta erronka zaletasuna» bigarrenean; lanari eskatzen zaizkionak—«kalitatea, bikaintasuna, zintzotasuna, koherentzia eta konpromisoa»— hurrengoan; berdintasuna jarraian; gastronomia ondorengoan; eta seigarrenean, azkenik, ahozkotasuna eta bat-batekotasuna ageri dira.

Egileak atera duen ondorioa: «Trantsizioan gaude. Egonkortzat genituen balioak eta balizko euskal izaera hura, euskal eremua zedarritzen laguntzen ziguna, aldatzen ari dira, eta oinarri horiek mugitzen sumatzeak ziurgabetasuna dakarkigu. Horrek tirabira dakar».

Balioak tradiziotik jokaleku berri baterako trantsituan dauden honetan, sortzaileekin egin behar da bidea, idazlearen ustez: «Gure eguneroko bizitza gure begiekin, gure lekuetatik eta gure ametsen bidez deskribatzen eta biderkatzen dutenekin egin behar da iraganbidea».

Eta sortzaile bakoitzak du bere begirada, bere lekua eta bere ametsa, Garen hori-n argi geratu denez. Hala, Jon Maiak euskaldunek partekatzen duten kodea aipatu du: tradizioa. Tradizioa etengabe berritzen den zerbait da dantzariaren begietara. Dora Salazarren ustez, berriz, sortzailearen egitekoa ez da berritzea, badena berrinterpretatzea baizik. Eta Jon Garañoren begietara, tradizioari lotuegia dago Euskal Herria eta euskal kultura tradizioa baino askoz gehiago da. Markaz ere hitz egin du: euskara marka da zinemagilearen aburuz.

Juan Karlos Perez ere euskararen balioaz aritu da, hizkuntzak pentsamendua daukala eta euskarak pentsamendu eta musikaltasun bereziak dauzkala aipatuz. Irati Jimenezek ere euskararen musikaltasunari egin dio erreferentzia. Xabi Payaren iritziz, azkenik, joan den mendean euskal iruditeriaren osaketa egiteko asmo kolektibo argia egon zen; egun, berriz, ez dago. «Kezka hori liburuko askoren buruetan dago», Urkizaren esanetan.

Solasaldian

Garen hori-n elkarrizketatutako hamaseietatik erdiak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean elkartu ziren atzo, Urkizak eman zuen prentsaurrekoan. Eusko Ikaskuntzaren presidentea ere bada idazlea, eta elkarrizketatuetako bi mahai-lagun eta solaskide izan zituen atzoko agerraldian: Irati Jimenez eta Iñigo Uzin. «Metahizkuntzarako joera kezkagarria dugu. Ziurgabetasun handi bat erakusten du horrek, eta beldur batzuetatik dator», esan zuen Jimenezek, Urkizaren galderei erantzunez.

Garen hori-n elkarrizketatuetako askok diotena berretsi zuen Jimenezek: hemen zail dela tradiziotik mugitzea. «Neu ere ez naiz oso tradiziozalea, baina onartzen dut hor dagoen botere ikaragarria, eta ez nioke heldugabetasunez begiratu nahi horri. Tradizioa ez da etorkizunerako eredua, zurruntasunean ezin gara geratu, baina ezin gara behin eta berriro amildu iraganeko guztiak balioko ez balu bezala». Nazio egiturarik ez izateak eragiten dituen distortsioak ere nabarmendu zituen: «Beste herri batzuek ez diote horrenbeste galdetu behar beren buruari zer diren, nor diren, nondik datozen eta zerk egiten dituen herri». Euskaldunak bere buruari ondo eta maitasunez begiratu behar diola aldarrikatu zuen, azkenik: «Harrotasunetik lotsara doan eskematik ateratzeko bidea geure buruari maitasunez begiratzetik doa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.