Albistea entzun

Emazteen lumak emazteez

Sarako Idazleen Biltzarrak emakumeak eta euskal literatura uztartu ditu. Iratxe Retolazak historia laburtu du hitzaldi batean, eta Lorea Agirrek eta Nerea Fillatek beren argitalpenen berri eman dute
<b>Lorea Agirre, Danele Sarriugarte eta Nerea Fillat, atzo, Sarako Idazleen Biltzarrean, gai feministen inguruko argitalpenez hausnarrean.</b>
Lorea Agirre, Danele Sarriugarte eta Nerea Fillat, atzo, Sarako Idazleen Biltzarrean, gai feministen inguruko argitalpenez hausnarrean. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko urriak 12 - Sara

Iragan ortziralean abiatu zen Sarako Idazleen Biltzarrak profesionalen egunarekin akitu du azoka, atzo. Literaturaren L hartzera ausartu diren emazteek bereganatu dute protagonismoa; Emazteak eta euskal literatura baitu izena asteleheneko egun honek. Sarako Biltzarra, Bilketa sarea, Euskal Kultur Erakundea eta Biblio64 izan dira antolatzaileak.

Iratxe Retolaza literatura kritikari eta Emagin kolektiboko kideak eman du lehen nota. Oren batez josi behar izan du euskal literaturan emazteen ahotsaren hari ubela; denbora labur gelditu zaio, gehienak isilduak izan badira ere historia agertzen kausitu baitute uste baino gehiagok.

Kronologikoki harilkatzen hasi da sortzaile mataza. Oraingo eguneko datu erranguratsu bat eman du: idazle emakumeen liburuak %26,1 zirela 2019an. «Gorakada bai, baina oraindik ere herenean gaude». Hortik, jauzi handia egin du gibelerat: Erdi Arorat. Azpimarratu du garaiko literatura herrikoia eta ahozkoa zela nagusiki: «Emakumeen ekarpena oso presente zen. Gainera, komunitatea kolektiboan eraikia zen; bertsoetan, kantuetan jaso da kultura hori, debekuen bitartez batzuetan».

Alta, Retolazak garai ilunago baten etorrera kontatu du. Izan ere, Erdi Aroaren hondarreko Trentoko kontzilioak, kontrarreformak, Bizkaiko foruek eta bestek ordena erlijioso berri bat eraiki zuten, baita genero ordena berri bat ere. Orduan zituzten debekatu ordura arte zeuden adierazpide asko, eta emakumeak plazan egoteko moduak arautu zituzten. «Genero ordena horrekin batera sortzen dira liburuaren eta inprentaren kultura, eta autoretza eredu jakin bat ere bai. Ez da hainbeste kolektiboan oinarritzen, askoz ere indibidualagoa da, jenialtasunari lotua, eta inprimatu ahal izateko alfabetatua izan behar zen». Ohartarazi du euskaldunentzat gaitz zatekeela alfabetatzea, «zer esanik ez euskal emakumeentzat». Garaiko salbuespen izarra Bizenta Mogel izan zen: inprimaturiko liburuetan lehen euskal emakume idazlea izan baitzen. Liburuaren sarreran utzi eleek kaptibatu dute Retolazaren interesa: «Kontzientzia batekin egiten du liburua, badaki autoretza femenino bat auzitan jarriko dela, berak frogatu behar du ikasia dela, alfabetatua... Etxeparek euskaldun kontzientzia bazuen, ezagutzen den lehen emakume idazleak bikoitza zuen: euskaldunarena eta emakumearena».

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hastapenean, ahozkotasunaren pindarra berriz ere dirdiratzen hasi zen, eta emakumeen parte hartzea berpiztu. Euskal Izkundea Donostiako antzerki mugimendua ekarri du adibide gisa, zeinean emazte frangok parte hartu baitzuten. Garaia «mugarritzat» jotzen du Retolazak, alfabetatzea orokortzen ari zelako: «Lehen maisu ikasketetan, gizonek ez dute haur hezkuntzan aritu nahi; orduan, enplegurako sarbide bat irekitzen da emakumeentzat. Beraz, idazkuntzarako aukerak zabaltzen zitzaizkien».

36ko gerlatik landa, Euskal Izkundearen bigarren uhina abiatuko da, Maria Dolores Agirreri esker. Hasierako Euskal Izkundea tradizionalista bazen, aldi honetakoak gaiei ur berria eman zien: «Eraberritze kultural eta politikoari lotuagoa zen, ez katolikoa. Baina aurrekoetatik ikasi zuten plazan egoteko modua eta alfabetatzea; Arantxa Gurmendik, adibidez». Euskaltzaletasun garai hartakoa zen Emakume Abertzale Batza.

Garai hartako Amaia Lasaren poetika ekarri du adibide gisa Retolazak: «Emakumeen menderakuntza salatzen du, eta subjektu poetiko femenino feminista bat garatzen. Aurreko guztiak ziren herriaren aldeko iruditeria bat, baina genero iruditeria tradizionalista zuen; emakumea etxean eta zaintzan kokatzen zuen». Arantxa Urretabizkaia lehen nobelagile emakumearekin isildu du euskal literaturaren emakumeen ahots kronologia Retolazak: «Beste gai eta ahots batzuk garatzeko bidea ireki zuen».

Feministak argitara

Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak animatu du Eskafandra taldeko Lorea Agirreren eta Nerea Fillat Katakrakeko kidearen arteko solasa. Agirrek oroitarazi du taldea zer euri dandak ernaldu zuen: «Hizkuntza minorizatu bateko hiztun gisa eta bigarren mailako generoko subjektu izateak» bildu zituen Eskafandrako zazpi kideak. Hortik sortu zituzten Eskafandra eta Lisipe liburu bildumak, «feminismoa euskaraz pentsatzeko». Angela Davisen feminismoa hartu zuten eredu: «Geurera ekarri genuen uztarketa formula hori, eta Euskal Herriko feminismo abertzalea eraiki». Emakumea, arraza eta klasea ekarri zuten lehenik bildumara: «Euskarara ekartzeak pentsamendu markoak sortzen ditu, zabaltzen ditu. Orain baditugu lanabesak euskaraz».

Lisipe bilduman, berriz, feminismoaz gogoetatzen dute, baina euskaraz: «Bertako pentsamendua sortzen du; horrek balio erantsia dauka», azpimarratu du Agirrek. Gehitu du sortutako material guztiak beharko lukeela unibertsitateko euskarazko bibliografian lekua hartu.

Katakrakeko argitalpenak euskarazkoak eta espainierazkoak dira. Nerea Fillatek oroitarazi du 2016ko hastapen hura: «Olatu feministaren garaian jaio ginenez, lotura estua daukagu feminismoarekin. Eragiteko sortu ginen».

Agirrek ere lan pentsamendua eraikitzeko lanabestzat dauzka argitalpen feministak: «Saiatzen gara guretzat behar ditugun tresnak euskarara ekartzen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>Emakumeak abstrakziogile</em> erakusketako hainbat obra, Bilboko Guggenheim museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Motibo ez-abstraktuak

Iñigo Astiz

Emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 'Emakumeak abstrakziogile'. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte
Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio, atzo, Tabakalerako eskailerapean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Errealitatea, artelan bat bezala

Gorka Arrese

Maialen Lujanbiok 'Bizitza happening' soinu instalazioa paratu du Tabakalerako eskaileran
Jon Bagues, iazko urtarrilean, Eresbileko zuzendari gisa egindako azken agerraldietako batean, Donostian. ©J.C. RUIZ / FOKU

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Ane Eslava - Itziar Ugarte Irizar

Euskal musikaren ondarearen alde eginiko lanagatik sarituko dute Eresbileko zuzendari izandakoa
Cary Joji Fukunagaren <em>No Time To Die</em> pelikulako fotograma bat. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.