Andre bat hil dute Gasteizen: bi asteren bueltan jazo den bigarren hilketa matxista da

32 urteko andre bat hilotz aurkitu dute, bortxa zantzuekin; haren bikotekide ohia Zaragozan atxilotu dute. Indarkeria matxista kasu bat dela esan dute ertzainek

Hilketa gertatu zen apartamentu hoteleko ataria ertzainek hesituta, atzo arratsaldean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Ertzaintzak jakinarazi zuen berria: emakume baten gorpua aurkitu zuten atzo Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Gasteiz etorbidean dago ostatu hartzeko tokia. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Xehetasun gehiagorik ez zuten eman hasieran poliziek; besteen ondoan gailentzen zen hipotesirik ez zegoela adierazi zuten, baina arratsaldearen erditsurako baieztatu zuten kasua hilketa matxista bat dela. Andreak 32 urte zituen, eta Gasteizkoa zen.Urteko bigarren hilketa matxista da. Aste biren bueltan gertatu dira biak.

 

Ikusi gehiago:hilketa matxisten mapa

Hain justu, hilaren 16an gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion (Gipuzkoa), eskopeta batekin tiro eginda. 50 urteko andre bat zen biktima: Lourdes del Hoyo. Bikote harremana etenda zeukaten. Kale erdian gertatu zen hilketa, arratsalde betean; asaldura handia eragin zuen. Bere buruaz beste egin zuen gero hiltzaileak.

Gasteizko kasuari lotuta, apartamentu hotela daraman enpresak azaldu du Poliziaren ikerketa martxan den bitartean ezin dutela esan noiztik bizi zen biktima ostatu hartzeko toki horretan, eta ezin dutela esan norekin bizi zen ere.

Hilketa larunbatean gertatu zela uste dute. Andrearen bikotekidea desagertuta zegoen ordutik, eta haren bila aritu ziren atzo. Guardia Zibilak atzeman zuen, Zaragozan (Espainia). Uste dute Gasteiztik hara ihesi joan zela, eta hilketa leporatuta atxilotu dute.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datu bat erantsi zuen: andrea ez zegoen bakarrik apartamentu hotelean: bere ume txikia zuen ondoan. Zabaldu zuten informazioaren arabera, onik dago haurra, baina erietxera eraman zuten badaezpada ere larrialdi zerbitzuek, azter zezaten. Hiru bat urte dituela esan dute. Orduak egin zituen gelan, ertzainek aurkitu zuten arte. Hainbat hedabideren arabera, haurdun zegoen andrea: bikiak espero zituen. Segurtasun Sailak ez du baieztatu.

Hainbat hedabidek adierazi dute, halaber, orain gutxi arte Valentzian bizi izan zela andrea (Herrialde Katalanak), eta han, indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko irizpideak aintzat hartuta, «muturreko arriskuko» babesa ezarria ziotela. Joan den astean heldu zen Arabara, eta bertan apaldu egin zioten maila hori, orain zuen bizilekua sekretupekoa zela iritzita. Segurtasun Sailaren baieztapenik ez du horrek ere.

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasok hizpide izan zuen atzo hilketa, eta «susmorik txarrenak» piztu zituela onartu zuen. Orioko hilketa gogoan, nabarmendu zuen bi aste ere ez direla igaro aurreko hilketa matxista gertatu denetik. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere nahigabea azaldu zuen atzo hilketarengatik, eta andreen aurkako bortxa klase oro «arbuiatu» behar dela esan zuen. Udaleko eledunen batzordea bilerara deitu zuen gaur goizerako; 12:00etan hilketa salatzeko elkarretaratze bat egingo dute. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek «gaitzespen irmoa» azaldu zuen; Gasteizko Udalerako alkatetzarako hautagai guztiek sare sozialen bidez gaitzetsi zuten hilketa.

Mugimendu feministak ere egin du protestarako deia: bihar 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan.

Aurreko kasuaren itzala

Orioko hilketaren oihartzuna oraindik ozena delarik heldu da kasu hau. Herrian oso ezagunak ziren biak, biktima eta erasotzailea, eta minez erdibituta utzi zuen Orio hilketa hark. Aparteko arta behar izan dute herrian pertsona askok oinazea eta ezin ulertua bideratzen laguntze aldera. Arbuio mezu ugari eragin zituen hilketa hark ere; instituzioek mezu ugari plazaratu zituzten indarkeria matxistaren kontra ohartarazteko, eta berdintasunean hazten jarraitu behar dela gogoratu zuten. Orion elkarretaratze jendetsu bat egin zen mugimendu feministak deituta. Beste hainbat herritan ere egin ziren protestak.

Iaz lau andre hil zituzten bikotekideek, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik indarkeria matxistaren ondorioz 119 andre hil dira Euskal Herrian, eta 11 haur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.