Saiakerak gehiago eleberriak baino

Karmele Jaioren 'Maitasun kapitala', Patxi Ezkiaga zenak hil aurretik itzulita utzitako lana eta Juan Luis Zabalaren zientzia fikziozko bilduma argitaratuko dira, besteak beste, udazkenean

Saiakerak gehiago eleberriak baino.
garbine ubeda goikoetxea
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Irailaz geroztik ari dira argitaletxeak udazkenera begira planifikatutako uzta plazaratzen. Goiztiarrenetakoak komiki albumak izan dira; esate baterako, Artxipelagoa (Elkar), izen bera duen podcastetik abiatua, gero webkomiki bilakatua, eta azkenik albumera ekarria. Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleak, Sanvi marrazkilaria eta Seylas koloreztatzailea ditu egile, eta Oier Aranzabal (Ulu Media ekoiztetxea) akuilatzaile. Podcasterako sortutako fikzioaren aldean, tonu gazteagoa dakar komikiak, eta moldaketak ere baditu. Hortaz, podcasta entzundakoei ere kasik berria egingo zaie.

 



 

Haren jarraian ikusi du argia Surflaria (Ikastolen Elkartea) nobela grafiko existentzialistak, Uxue Alberdi idazlearen eta Susanna Martin komikilariaren eskutik.Xabiroi aldizkarian zortzi atal osatu eta gero bihurtu da album, eta, egileek aurkezpenekoan aipatu bezala, «bizitzaren urak eta heriotzaren urak» nahasten dira hartan. Galdera existentzialak ez ezik, umore zipriztinak, zeharkako gai ugari eta misterio dosi handi bat ere aurki daitezke komikian barrena.

Julen Ribas marrazkilariak eta Yurre Ugarte gidoilariak, bestalde, Iris XXII (Txalaparta) jarri dute inprentara bidean, eta Marjane Satrapiren Persepolis ezagunak euskarazko bertsioa ere izango du, bere garrantziaren eta erreferentzialtasunaren seinale.

Aurrea hartu duten eleberrien artean, berriz, aipagarria da Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editorearen Oso latza izan da (Elkar). Joxe Arregi poliziek torturatuta hil ostean, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia berreraikitzen du Mendigurenen nobelak, eta, halaber, egoera hartan protagonista izan ziren hiru lagunen bizitzak aletu.

Goiatz Labandibarren lehen nobela, Bekatua (Erein), kalean da jada. Biharamun emozional baten kontakizuna da.

Karmele Jaiok Maitasun kapitala (Elkar) plazaratuko du azaroan. Liburuko protagonistak, emakume ahaldundua eta kontzientziatua izanagatik ere, pott egingo du bikotekideak abandonatzen duenean. Horren ondotik datozen galderak planteatzen ditu Jaioren eleberriak: besteak beste, zer den maitasuna eta nola konfiguratu gaituzten harreman sentimentaletan hain menpeko eta zaurgarri agertzeko, beste alor guztietan ez bezala.

Jon Alonsok ere nobela bat ondu du: Carvalho Euskadin (Susa). Manuel Vazquez Montalban zenaren nobela bat aurkitu, euskarara itzuli, eta argitaratzekotan direnean, lapurtu egingo du baten batek. Montalbanen eleberria berreskuratzeko ahaleginak kontatzen dira Alonsorenean, baita lapurtutako nobela bera ere.

Eneko Aizpuruak barne bakarrizketa trinko eta korapilatsu baten moduan harilkatu du bere nobela, Gaueko azken expresoa (Alberdania). Irundik Portorako bidaia iradokitzaile bat du horretarako aitzakia.

Juan Luis Zabalak zientzia-fikziora jo du Dimisioa (Susa) ipuin-bilduman. Besteak beste, Euskal Herri independentea, iritzilari neuronala, Bowieren itzala, Marteko margolari helduaren desira eta adimen artifizialaren meneko editorea gurutzatuko dira Zabalaren hamabost kontakizunetan.

Sariketen emaitza

Ezin uka sariek eta bekek toki esanguratsua dutenik euskarazko argitalpenen sisteman eta bereziki sortzaileen prozesuan. Patxi Zubizarretak Augustin Zubikarai beka jaso zuen 2022an, eta aurki izango da kalean hara aurkeztutako proiektuaren emaitza: Gauak ezkutatzen duena (Elkar). Insomnioari buruzko erreportaje bat eta hura lantzen ari den kazetaria ditu abiapuntu.

Beste saritu batek, Xabier Lasak hain zuzen, estreinakoa egingo du literaturan, eta bere opera prima aurkeztuko du azaroan, Irun Hiria Kutxa saria irabazi ondotik: Ura ez baita beti gardena (Elkar). Thriller bat da: Nafarroako Erriberan uraren inguruan gertatzen diren kontu batzuetatik abiatu, eta politikarekin nahasiko da apurka.

Irabazleekin jarraituz, Gema Lopez Las Heras itzultzaileak Zaitegi saria jaso zuen argitara emango duen liburuagatik: Annie Ernaux Nobel saridunaren Emakume izoztua (Elkar).

Jon Artano kazetariak, berriz, Tene Mujika bekaren emaitza dakar, Juana izenburupean (Elkar). Euskal Herritik Amerikara joandakoak eta Amerikatik Euskal Herrira etorritakoak dira saiakera honetako protagonista behinenak, haien bizipenak bildu baititu elkarrizketa, kronika eta bidaia-liburuetako beste baliabide batzuk erabilita.

Historia, osasuna eta beste

Durangoko Azokara bitartean argitaratuko diren saiakera ugarien artean, batzuek historia, politika edota biak dituzte jomugan. Joxe Azurmendi pentsalariak Europa bezain zaharra ondu du. Duela ia hirurogei urte hasi eta gaur arte plazaratutako obra oparoan konstante izan dituen gaiei heltzen die hartan: nazioa, estatua, topiko nazionalak eta nazionalismoen estereotipazioa.

Kristina Berasain Saharako herriaren historiaz eta gaur egungo egoeraz mintzo da Sahara (Elkar) saiakeran. Fronte Polisarioak 50 urte bete dituela eta, Tindufeko errefuxiatu eremura egindako bidaiaz harilkatu du liburua.

Iñaki Egañak historia hurbilari erreparatu dio Ogro operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza eta Txikia. Ur handiak ereiten saiakeretan, biak Txalapartan argitaratuak. Beste bi lan ere badakartza argitaldari horrek. Bata, Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan, Patxi Zubizarretak idatzia. Paco Miangolarra filantropoaren historia kontatzen du —besteak beste, Federiko Krutwigen Vasconia (1962) eta Ez dok Amairuko kide askoren lanak grabatu zireneko estudio klandestinoak finantzatu zituen— kulturari egindako ekarpena ahanzturak eraman ez dezan. Bigarren saiakerak erditzeari heltzen dio, eta Estitxu Fernandez du egilea: Sortze berri bat. Indarkeria obstetrikorik gabea.

Katakrak argitaldariak, ohi bezala, itzulpenera jo eta bi lan ezagun jarriko dizkio irakurleari eskura, euskaraz. Bata, Bell Hooks estatubatuarraren Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika gisa, Amaia Apalauzak euskaratua eta Nora Salbotxen hitzaurreaz osatua. Eta bestea, Friedrich Engelsen Etxebizitzaren auzia, Ane Garciak itzulia. Amaia Prietok egin dio hitzaurrea.

Euskararen egoerari erreparatzen dionik ere bada aurten. Euskara orain. Eraginkortasuna helburu (Alberdania) saiakeran Xabier Amuriza eta Iñigo Lamarca idazleak eta Haitao Liu eta Jesus Rubio hizkuntzalariak batu ditu Mikel Mendizabal koordinatzaileak. Euskal aditza sinplifikatzeko beharra eta sintaxi eraginkorragoa garatzeko premia aldarrikatzen dituzte, baldin eta hizkuntza konpetenteagoa lortu nahi bada. Euskararen gaiari lotuta dator, halaber, Kepa Diegez egile duen Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena (Alberdania). Baita honoko lana ere: Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak (Euskaltzaindia), hainbat egileren artean ondua.

Izenburutik beretik, gai zahar bezain berri bati heldu dio Jasone Osorok bere lehen saiakeran: Arrakasta (Elkar). Nork bere alorrean arrakasta lortutako gizon-emakume ezagunak elkarrizketatu ditu, tartean Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria. Ezohiko dibulgazio-lana, era berean, Ixabel Etxeberriak idatzitakoa: Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak (Euskaltzaindia). Ander Lipusek, bestalde, bi liburu argitaratuko ditu Ganbila antzerki bilduman, biak Antzerkiaren labirintoan (Susa) izenburupean, baina bakoitza bere azpitituluarekin: Bitakora koadernoa (narrazio autobiografikoa) eta Artedrama baten bila (Lipusen ibilbidean funtsezko izan diren idatzien bilduma).

Aipagarri, bestalde, Meditazioak (Balea Zuria). John Donne (1572-1631) poeta metafisikoaren Devotions upon Emergent Occasions lanaren lehen atala da. Patxi Ezkiaga zenak itzulita utzi zuen hil aurretik.

Poema liburuak

Munduko Poesia Kaierak bildumari beste bi autore batuko zaizkio: Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini, Juango Olasagarrek eta Irene Hurtado de Saratxo Mendietak itzuliak, hurrenez hurren.

Euskal poeten artean, Harkaitz Canorena plazaratuko du Susak. Izenbururik ez du oraingoz; bai, ordea, gaia: poesiari berari buruz ari da idazlea, hausnarrean eta ikerketan, besteak beste, muga formalen bila.

Iñaki Irazuren bigarren poema liburuak ere udazken honetan ikusiko du argia: Zakur zaunkak (Susa). Jon Gerediagak, berriz, Irun Hiria Kutxa saria jasotako lana dakar: Zeru-lurren liburua (Elkar). Lehendik landutako gaiak ditu ardatz oraingoan ere: natura, gizakia eta bien arteko harremana. Juan Ramon Madariagak ere sari baten emaitzarekin egin du jauzi poesia generora: Bufalo guztiak (Erein). 2023ko Blas de Otero eskuratu zuen.

Oihane Zuberoa Garmendiak Bi aldiz iraun (Balea Zuria) idatzi du. Galerari eta memoriari buruzko poema liburua da.

Euskaltzaindiak, bestalde, euskal klasiko bat eguneratu du, Lizardi: Bihotz begietan eta gainerako olerkiak.

Azkenik, Durangoko Azokara bitartean uzta oparoa plazaratuko da haur eta gazte literaturan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.