Hitzen langile, hitzen zaindari

'Literatura eta kazetaritza: muga-mugako auziak' izeneko solasaldi bat egin dute Anjel Lertxundik eta Iñigo Astizek BERRIA Komunikazio Eskolan. Bi jardunen arteko loturak eta aldeak aztertu dituzte. Bideoa albistearen amaieran.

JON URBE / @FOKU

Ainhoa Sarasola -

2019ko ekainak 20

Fina da batzuetan kazetaritza eta literatura bereizten dituen marra. Izan ere, testua kazeta batean agertu arren literaturatik hurbil egon daiteke batzuetan, esaterako, edo nobela batek kazetaritzaren moldean idatzitako pasarte bat jaso dezake besteetan. Ugari dira adibideak marraren bi aldeetan. Eta adibide ugarirekin jantzi zituzten beren mintzaldiak Anjel Lertxundik eta Iñigo Astizek, atzo, Donostiako Miramon jauregian, Alex Gurrutxagak gidatuta, BERRIA Komunikazio Eskolan.

Nobelak, narrazioak, haur literaturako lanak, saiakerak, itzulpenak... Hamaika lan ondu ditu Lertxundik bere ibilbide literario luzean, eta milaka zutabe idatzi ditu urteotan BERRIAn. Astiz, berriz, kazetaria da lanbidez, eta, bi poema liburu ez ezik, kronika liburu bat eta saiakera bat ditu argitaratuta. Biak dira marraren alde batean zein bestean aritutakoak, eta talaia horretatik heldu zioten solasaldiaren izenburuko gaia aztertzeari: Literatura eta kazetaritza: muga-mugako auziak.

Charles Baudelaireren Le Spleen de Paris liburuko Le gâteau poema adibidetzat hartuta hasi zuen mintzaldia Astizek. Prosan idatzitako poema horretan, egileak kontatzen du pasieran zebilela Paris inguruan, mutiko txiro eta gosetu bati ogi puska bat eman ziola eta hark pastela hitza xuxurlatu zuela jasotzean. Astizek kazetaritzatik hurbil ikusten du kronika sozial hori, baina pastela hitzean jarri zuen literaturaren eta kazetaritzaren arteko bidegurutzea. «Baudelaire ez da oso fidatzekoa, idazlea delako besteak beste, eta halakoetan ezin zara guztiz fidatu idazle batez. Izan daiteke benetan mutiko horrek esan izana pastela xuxurlaka, baina ezin dugu ziur jakin ez ote den konbentzio literario bat, esajerazio bat».

Muga zehatz kokatu zuen adibidearekin: «Idazleari nahikoa zaio egiantzekotasuna —eta ez da gutxi—, baina kazetariari egiazkotasuna eskatu behar zaio —ez dena beti aski—; hor dago bidegurutzea. Idazle batek kontatzen duenak egiaren antza izatea balore bat da, baina kazetariak ezin du kontatu egiaren antza duen zerbait; kontatu behar du mutikoak xuxurlaka pastela esan duela baldin eta xuxurlaka pastela esan badu».

Antzeko adibide gehiago ere jarri zituen egiazkotasunaren eta egiantzekotasunaren aldeak azaltzeko. «Baina hori kenduta», gaineratu zuen, «uste dut, orokorrean, kazetaritzan estilistikoki edozer dela posible». Edozein testuk irakurleari hitzarmen bat proposatzen diola esan zuen. «Horregatik da lehen paragrafoa hain garrantzitsua, hor ezartzen delako testua irakurtzeko gida». Informazio hutsa emateaz haragoko generoetan, kazetariak eskura ditu askotariko itun horiek guztiak, eta hitzarmen hori irakurleari argi utziz gero, «edozer» egin dezake, Astizen irudiko.

Leihoak, kaleidoskopio

«Errealitate konpartigarriez» ere aritu zen. Haren ustez, garrantzitsua da konpartigarria den errealitatea zehatz kontatzea, irakurleak hara jo baitezake. «Kazetariak bertan ikusten duena topatuko du irakurleak, errealitate bera konpartitzen ari dira. Literaturan, idazleak eraikitzen dio kalea irakurleari; hitzarmen batekin, baina idazleak erabakitzen du unibertso hori nolakoa den. Idazleak agintzen du, eta irakurleak gaitasun hori aitortzen dio».

Mundu konpartitu horiek, baina, murrizten ari diren susmoa du Astizek. Egunkarien azalak errealitateari begiratzeko leihoak zirela lehen, baina egun, informazioa kontsumitzeko ohiturak aldatzean, «mila puskatan lehertu» direla uste du. Orain, leihoa hor dagoen arren, uste du nork bere hango eta hemengo erreferentziekin «kaleidoskopio bat» eraikitzen duela. Eta ohartarazi zuen piezak «merkatu logikak» hautatzen dituela. Bestela esanda: «XX. mendean, kafe tertulia esparru bat zen; XX. mendean, kafe eramangarria da sinboloa».

Hala, egoeraren diagnostikoa egitean, esan zuen zeharka iristen garela informaziora, sare sozialen bidez; espektakularitatea bihurtzen ari dela informazio jarioa erabakitzeko neurri; eta neurri horretatik kanpo geratzen direla errealitate asko, beren izateagatik. Hortaz, haren ustez, informazioaren kontsumo bide berrietara egokitu beharra dago. «Baina, era berean, sortu beharko dugu moduren bat gure errealitateak bistaratzen ez dituen merkatutekniaren barruan bizitzeko».

Hizkuntza erdigunean

Lertxundiri interesgarri zaizkio hainbat alorretan —baita sorkuntzan ere— «kontraesanaren labarrean dabiltzan gai horiek», eta kazetaritzak badituen zenbait zerrendatu zituen: kazetaritza eta literatura, errealitatea eta fikzioa, pragmatika eta etika, papera eta teknologia berriak, informazioa eta entretenimendua, egia eta gezurra... Lanbidearen definizio bat ere eman zuen: «Zerbait baldin bada kazetari bat, da hizkuntzaren langile bat, zerbaitetan espezializatu dena, baina lanabesa hizkuntza duena. Alde askotatik begiratuta, baina batez ere profesionaltasunetik, hizkuntza zaintzea du, nire ustez, lehentasuna, eta gure hizkuntzaren egoeran areago oraindik». Kazetaritza zurrunenean ere «hizkuntza bizia» erabiltzearen alde egin zuen.

Lertxundiren hitzetan, «munduan eta gizartean gertatzen denaren muina jakitea» da kazetaritzaren funtsa. Gizakiak berezkoa duela jakin-mina, eta esan zuen inguruan zer gertatzen den jakin behar duela seguru sentitzeko. «Eta ez naiz segurtasun fisikoaz ari». Egun, baina, ideologiak desagertu direla edo indarra galdu dutela uste du. «Eta zer gertatzen da? Bakarrik gaudela munduan, alegia, gure erantzukizuna guztiz pertsonala dela gertatzen denaren aurrean». Esan zuen, baina, jakin-mina ez dela desagertu, eta besteak beste horregatik da kazetaritza oraindik premiazko, «munduan ahalik erosoen» bizi ahal izateko.

Bakoitzaren buruan oroitzapen eta pentsamenduz beteriko «almazen izugarri bat» dagoela adierazi zuen, eta horiek azaltzeko hizkuntza ezinbestekoa dela. «Hemen barruan [burua seinalatuz] daukagun bakarra hizkuntza da, eta gure mundu osoa konformatzen du». Eta, hizkuntzari lotuta, Euskal Herriaren mapa fisikoa eta espirituala alderatu zituen, iritzita bigarrena, hizkuntzarena, askoz ere zabalagoa dela. «Hizkuntza ez da territorio bat; bertan ezin da egin autopistarik, ezin da ireki bankurik. Balio materialik ez izateko, nahiko aberri aberatsa da. Kazetariak hizkuntza jakin batetik ikusten du mundua, hizkuntza du talaia. Eta kazetaritza posible da enpresarik, erredakziorik, errotatibarik, paperik gabe; hizkuntzarik gabe, ez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna