Generoak zeharkatuak

Karmele Jaiok 'Aitaren etxea' nobela plazaratu du. Generoak pertsonen bizitzetan duen eraginaz eta, bereziki, maskulinitate ereduen eraikuntzaz egiten du gogoeta

Karmele Jaio idazlea, bere liburu berria esku artean duela, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gabriel Arestiren poema ezagunaren oihartzunetik harago, ideia batean egin nahi izan du azpimarra Karmele Jaiok bere nobela berriari Aitaren etxea izenburua jarrita: «Gure gizartea norbaiten etxea baldin bada, aitarena dela oraindik ere, gizonen moldera eginiko gizarte batean bizi garela. Eta edozein gaiez ari garela, nola generoak guztia zeharkatzen duen, eta nola transmititzen den hori belaunaldiz belaunaldi». Gaiari buruzko gogoetak hiru pertsonaiaren bidez plazaratzen ditu eleberriak, baina gizonarenak hartzen du pisurik handiena. Hain zuzen, maskulinitate ereduen eraikuntzaren eta transmisioaren inguruan egiten baitu gogoeta. Elkar argitaletxearekin argitaratu du Jaiok bere hirugarren nobela.

Hiru ahots ageri dira eleberrian: gizon batena, eta bi emakumerena. Ismael du izena gizonak; idazlea da, sormen krisi betean dago, eta aitaren zaintzaz arduratu behar du. Jasone da beste protagonista; liburuzaina, Ismaelen emaztea da, eta garai batean idazten bazuen ere, utzi egin zion; senarraren idazlanak zuzentzen ditu egun. Libe da hirugarren pertsonaia, Ismaelen arreba eta Jasoneren gaztetako laguna; duela hogei urte Berlinen bizi da, «garai bateko egoera politikoak agobiatuta-edo» hara joan zenetik.

«Interesatu zait hiru ahotsak jasotzea, azpimarratzeko errealitate bera ikusteko zenbat modu diferente dauden, eta bakoitzak nondik begiratzen duen horrek zelan baldintzatzen duen mundua ikusteko eta bizitzeko dugun modua», azaldu du idazleak. Haren ustez, beharrezkoa da kontzientzia hartzea zein lekutatik begiratzen dion bakoitzak inguruari, leku hori ez baita neutrala. Eta horretan faktore ezberdinek eragina badute ere, generoan jarri du begirada. «Hori azpimarratu nahi nuen, nola gure egiteko moduetan, besteek gugan dituzten espektatibetan, guk geure buruaz ditugunetan... generoak eragin handia duen. Batzuetan iruditzen zaigu leku neutro batetik ari garela idazten, hitz egiten, erabakitzen, eta hori ez da horrela. Zein da geure lekua? Uste dut hausnarketa hori egitea oso inportantea dela, eta, liburu honetan, Ismaelek prozesu hori biziko du».

Gizonak ez ezik, bi emakume protagonistek ere egiten dute generoaren eraginari buruzko gogoeta liburuan: «Nondik hartu dituzten erabakiak euren bizitzan, nola baldintzatu dituen generoak bai maitemintzeko moduan, bai lan egiteko moduan, bai errenuntzia batzuk egiterakoan... Hirurek egiten dute hausnarketa hori, eta ikusten da guztiengan duela eragin itzela generoak». Baina gizonaren gogoetak «pisu handia» hartzen du. «Azken batean, kontatzen du gizon baten kontzientzia-hartze prozesua generoak bere bizitzan duen eraginaz: nola ikasi duen berak gizona izaten, zein gizontasun eredu izan duen, bere aitaren, familiaren edo gizartearen bitartez zelan barneratu duen nolakoa izan behar duen gizon batek, zer espektatiba bete dituen edo ez dituen bete...».

Jaiok azaldu du nobelaren abiapuntuan Ismaelen ezinegon bat dagoela: «Emakume bat hil edo bortxatu duten albistea entzuten duen bakoitzean, ezinegona sentitzen du, eta sentimendu kontrajarriak ditu: batetik, bere alabengatik beldurra sentitzen du, gerta dakiekeenagatik; baina bestetik, erru puntu bat sentitzen du gizon izateagatik. Eta bere buruari galdetzen dio zergatik sentitu behar duen hori». Galdera horretatik abiatuta egiten du gogoeta gizonak bere aitarekin pasatzen dituen orduetan. Eta Jaiok ere «jakin-min batetik abiatuta» idatzi du nobela: «Uste dut gizon horren buruan sartzeko saiakera egin dudala, jakin-min batetik abiatuta, nik ere neure buruari galdetzen baitiot zer sentitzen duten gizonek garai aldakor hauetan, nola bizi duten botere harremanetan mugimendu bat dagoen garai hau, zer sentitzen duten entzuten dutenean emakume bat hil edo bortxatu dutela. Uste dut liburuan, arlo horretan, erantzunak baino gehiago galderak daudela; galdera asko, nik ditudanak». Aitortu du kosta egin zaiola ariketa hori egitea, ez zuelako «orokorkeriatan edo topikoetan» erori nahi, eta naturalago aritu dela bi emakumeen atalak idazten.

Liburuaren eskaintzan «Iñigo Muguruzari. Gizon berri guztiei» idatzi du Jaiok, eta, protagonistaren hausnarketen harira, adierazi du gizarteak baduela gizon berri hori iristeko beharra. Nolakoa, baina? «Nire ustez, bere pribilegio egoeraz kontziente den gizon bat; eta ez bakarrik kontziente, baizik pribilegio horiek alde batera utzi eta berdintasunezko harremanak eraikitzeko prest dagoena». Kontzientzia hartzeari dagokionez, uste du «neurri handi batean feminismoak emandako tresnei esker» emakume askok gogoeta bat egin dutela dagoeneko. «Baina gizon askoren kasuan, nik uste dut egiteke dagoen hausnarketa bat dela», erantsi du.

Zaintza eta isiltasuna

Bere lehen lana 2004an argitaratu zuen Jaiok, Hamabost zauri ipuin liburua. Narrazioa eta nobela tartekatu ditu ordutik —poesia liburu bat ere kaleratu zuen 2015ean, Orain hilak ditugu—. Amaren eskuak (2006) nobelak ekarri zion sona handiena, eta haren eta lan berriaren artean badirela antzekotasunak uste du, jorratzen diren hainbat gairi dagokienez, hala nola zaintza, zahartzaroa, familien barruko isiltasuna... Idazketari buruzko gogoeta bat ere badago lan berrian, azaldu duenez: «Batetik, hausnarketa dago ea zergatik utzi zion emakumeak idazteari eta gizonak ez. Baina, bestetik, hausnarketa dago idazketaz ere, nola batzuetan idazketa prozesuan agertzen diren egiak, benetako hitzak. Askotan, gure eguneroko hitzetan baino egia gehiago sortzen dira idazketaren bitartez, eta bai Jasoneri bai Ismaeli idazketan agertuko zaizkie ezkutatuta dauden hainbat gauza, mamu, kezka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.