Ibilbide luze baten destilazioa

Ruper Ordorika musikariak 'Kafe Antzokian' plazaratu du, bere zuzeneko hirugarren diskoa. Hamalau kantu bildu ditu albumean, iazko abenduan Bilbon eman zituen bi kontzertuetan grabatutakoak

Bilboko Kafe Antzokian jotako kantuekin hiru zuzeneko lan ditu kalean Ruper Ordorikak. Irudian, lan berria eskuetan duela, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ruper Ordorikak 1980an argitaratu zuen bere lehen lana, Hautsi da anphora (Xoxoa). Lau hamarkadako ibilbidean, hogeitik gora disko eta 200etik gora kantu plazaratu ditu, baita ehunka kontzertu eman ere. Emanaldi horietako askoren aterpe izan da Bilboko Kafe Antzokia, 1995ean ateak ireki zituenetik urtero aritu baita han, hutsik egin gabe. Kontzertu horietako batzuk grabatu, hainbat kantu aukeratu, eta zuzeneko bi disko zituen orain arte argitara emanak musikariak: Gaur (Esan Ozenki, 2000) eta Hamar t'erdietan (2008, Elkar). Aurreko lan horien «esperientziak» lagunduta, hirugarren zuzeneko albuma plazaratu berri du orain: Kafe Antzokian (Elkar). «Hau gauza bitxia da, bere horretan, baina, esan ohi dugun bezala, hor etxean aritzen gara; urtero-urtero jotzen dugu, eta pribilegio bat da», adierazi du. Iazko abenduaren 15ean eta 16an antzoki horretan emandako kontzertuetako kantuak bildu ditu lan berrian, hamalau denera.

Azken urteotan Hasier Oleaga (bateria), Fernando Lutxo Neira (baxua) eta Arkaitz Miner (gitarra, biolina, mandolina...) musikariekin «berezko nortasuna» duen taldea osatuta igo izan da oholtzara Ordorika, eta hala egin zuen iazko bi kontzertu horietan ere. «Hamaika urtez aritu gara laukotean, eta disko honek hori biltzen du; uste dut ederki islatzen duela talde honen joera». Haiekin batera, David Soler musikari katalana aritu zen zuzenean kontzertu horietan.

Joan den urtean hasi ziren taldekideak diskoa prestatzeko lanetan; entseguetan, ohiko errepertoriokoak ez ezik, «tarteka bazterrean gelditzen diren kantu horiek ere berriro bisitatzen», eta zuzenean nola eman pentsatzen. Bilboko bi kontzertuen aurretik, Soler gonbidatu, eta astebetez jardun zuten harekin lanean, Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen aretoan. Emanaldietan disko berrian sartzeko moduko 24 kantu grabatu zituztela azaldu du Ordorikak, eta taldekide guztien artean hautatu zituztela hamalau kantuak, aurreko zuzeneko lanetan argitaratu gabekoak. «Abantaila hori da, disko hauek bahetik pasatzen dutela, destilatzen dutela urteetako jarduna», musikariaren ustez.

Askotariko kantuak daude album berrian, urteotan estudioan grabatutako diskoetan argitaratu dituenak. Baina zuzenean emanak oraingoan. Tartean dira, besteak beste, Bizitza eder denean (Lurrean etzanda, 2014, Elkar), Zure etxera noa (Haizea Garizumakoa, 2009, Elkar), Esan gabeko arrazoia (Kantuok jartzen ditut, 2003, Metak), Hargiñenean (Hurrengo goizean, 2001, Metak), Nirekin geratu (Hodeien azpian, 2011, Elkar), Lera zakurren balada (Memoriaren mapan, 2006, Elkar) zein Beltzarana (Dabilen harria, 1998, Nuevos Medios).

Beste hainbat kantu aipatu ditu musikariak, askotariko aukeraketa horren erakusle direnak denak ere. «Bada kantu zaharren bat, Zazpi nobio [Hiru Truku taldearekin berreskuratua]; bada antzinako kantu bat, Ez da posible; eta badira Ahots urrunak bezalakoak ere, duela hiru urte bakarrik estudioan grabatutakoak. Eta arrazoi bategatik edo besteagatik, talde honekin beste bide bat hartu duten kantuak ere badira, zenbaitetan bide guztiz bestelakoa, Belauniko-k bezala, bertsio oso eraldatuak. Beste batzuetan, tempoak edo tonuak, ez dakit, kantuak bere bidea hartzen du, eta musikarien jiteaz kutsatzen da, zorionez».

Estudioko lanetako kantuak ez ezik, aurrez argitaratutako zuzeneko diskoen «esperientzia» ere islatzen edo biltzen du album berriak, Ordorikaren ustez. «Zuzeneko diskoek asko lagundu naute. Iruditzen zait bakoitzak bere oinarria jarri duela jendaurrean aitzinatzeko, eta hori ez da erraza, zeren eta batzuetan zenbait jendek nahiago ditu kantuak bere horretan egon daitezen beti, aldatu gabe, baina ni ez naiz horietakoa; asko gustatzen zait maite ditudan musikariak ikusten ditudanean beren piezak eraldatzen, batzuetan harik eta bukatu arte ere ez dakizunean zer kantu ote den hori». Taldeak berezko nortasuna zuela iritzita, zuzenekoa grabatzeko pausoa ematea «polita» litzatekeela pentsatu zuen.

Benetakotasuna

«Zuzeneko disko bat egitea, kontrakoa iruditu arren, lan nekeza izaten da», ziurtatu du Ordorikak. «Hasteko eta behin, onartu behar duzu zure ezina askotan, eta ikusi zer den kantuak nahi duena, zer den onena; nahiz delako solo hori ez izan nahiko zenukeena, beste gauza batzuk baloratu. Horregatik, nahiz estudioko ñabardura galtzen duten, zuzeneko diskoek askotan irabazten dute benetakotasun horretan». Jonan Ordorikak grabatu, nahastu eta masterizatu du lana. «Kontent naiz soinuarekin», adierazi du musikariak; «uste dut ongi erakusten duela gure egina».

Albumak ibilbide oparo bat islatzen duela uste du Anjel Valdesek, Elkar diskoetxeko arduradunak. Eta «ariketa berezia» dela zuzeneko saioa, kantaria, publikoa eta kantua «giro aske batean» batzen dituen errituala dela iritzita. «Iazko abenduan Kafe Antzokian gertatutakoaren mamia islatzen du disko honek, eta oso partikularra izan zen mami hori». Haren iritziz, Ordorikak «oso modu orekatuan» lotzen ditu une leunak eta indartsuagoak diskoan, «oso hurrenkera atseginean».

[youtube]https://youtu.be/1CtGQE86Lpk[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.