Tokiak doinuei ematen diena

Asier Polo txelo jotzaileak Bachen suite guztiak batzen dituen disko bat kaleratuko du. Interpretazioak Ziortzako kolegiatan grabatu ditu. Lanen «esentziara» heltzea izan da zailena, musikariaren hitzetan

Asier Polo musikaria, Bachen suiteekin osatutako diskoa aurrean duela. Bilboko BBK aretoan aurkeztu zuen lana, atzo goizean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Asier Polo biolontxelo jotzaile bilbotarra Ziortzako (Bizkaia) kolegiatako agertokian dago, ikusle andana baten aurrean, Bachen suiteetako batzuk interpretatzen. 2019ko irail hasierakoak dira bideoko irudiak, kolegiatak 30 urtetan baino gehiagotan antolatu dituen kontzertu horietako bat baita. Baina, emanaldi horrez gain, beste momentu bat ere agertzen da bideoan: Polo bera, leku berean, suite horiek berak interpretatzen, baina doinuak grabatzeko tresnak baino ez dituela inguruan.

Ia urte eta erdi igaro da musikariak Bachen suite guztiak kolegiatan grabatu zituenetik, baina pandemia tarteko, otsail hasieran kaleratuko du lan horiek biltzen dituen disko bikoitza, IBS Classical diskoetxearen eskutik. Ziortzako Kontzertuak kultur elkartearen, BBKren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du ekoizpenak, baita erakunde horietako ordezkarien laudorioak ere: Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak «musikari trebatuenek» soilik egin dezaketen lantzat jo zuen Polorena, atzo, diskoaren aurkezpenean, eta, era berean, Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak adierazi zuen «proiektu handia» dela.

Alabaina, musikariaren helburua guztiz kontrakoa lortzea zen, hein batean, Bachen pieza horiek eskatzen baitute musikaria «ezkutatua» gera dadila, Poloren beraren hitzetan. Hori da, hain justu, interpretearen abilezia erakusten duen ñabardura. «Mota honetako musikak introspekzioa behar du, apaingarri guztiak kendu eta esentziara joatea. Hori da suiteen zailtasunik handiena: musikaria ez dadila ikusi». Halere, ez da konposiziook duten zailtasun bakarra, Cesar Coca kritikariaren hitzei erreparatuta, bederen: izan ere, «mendebaldeko kulturako, eta are, kultura unibertsaleko monumentua» da Bach haren ustez, eta suiteek, zehazki, «obra mitiko bihurtzeko elementu guztiak» dituzte.

Kritikariak diskoaren aurkezpenean azaldu zuenez, bi dira, batez ere, piezei duten «balio musikal izugarria» eransten dieten ezaugarriak: «Obra batzuk giltzarriak dira kulturaren historian duten berezko balioagatik; beste batzuek aura bat dute, haien kalitatea gainditu dezakeena batzuetan. Obra batzuek bi egoera horiek betetzen dituzte, eta Bachen suiteak obra horietako batzuk dira». Cocak adierazitako bigarren baldintza hori ere aise betetzen dute sorkuntzek, desagertuta egon zirelako luzaz, nerabe batek liburu denda batean aurkitu eta berreskuratu zituen arte, partitura batzuk erostera joan zenean. Ezaugarri horiez gain, Polok erronkari garairik «egokienean» heldu izanak disko «esanguratsu» bat izan du emaitza, Cocaren iritziz. «Heldutasun tekniko, pertsonal, profesional, artistiko eta intelektuala izan arte itxaron du».

Halaber, konposizioen beste zailtasun behinenetako bat haien iraupena izan da. «Diskoak bi ordu pasatxo ditu, eta, aurrez aurre jotzekotan, hiru ordura arte hel daiteke kontzertua», azaldu zuen Polok. Asko izan dira suite solteak interpretatzeko hautua egin duten musikariak. Polo ere haiek zatika jotzen hasi zen, diskoa grabatu baino lau bat urte lehenago suiteak interpretatzeari ekin zionean. Bachen doinuekin Euskal Herrian zein nazioartean ibili ondoren —Italian zein AEBetan aritu baitzen, besteak beste—, sei suiteak batzen dituen ekoizpena egiteko ordua zela erabaki zuen musikariak, proiektuaren ertz guztiak lantzeko xedearekin. «Ideia bat egitea eta obrari bere osotasunean heltzea zen intentzioa», azaldu zuen Polok. Kontzertuek horretarako balio izan diote.

Halere, disko bikoitzak agertzen duen bertsio bateratua ez da inondik inora ere «behin betikoa», Polok argi utzi nahi izan zuenez. «Bachekin ezer ez da hala; bidea gozatzea da gakoa». Adierazpen hori sendotzeko, gogorarazi zuen musikari batzuek konpositore alemaniarraren obra beraren bi edota hiru bertsio egin izan dituztela. «Obrak zurekin batera eboluzionatzen du. Garai baten argazkia egiten saiatu gara, baina obra hau osatzen jarraitzeko asmoa dugu».

«Dena izan da positiboa»

Bachen obrak dituen meritu ezagunez gain, beste hainbat ezaugarrik ere lagundu dute emaitza den bezalakoa izaten. Horietako bat lekua bera izan da, Polok umorez nabarmendu zuenez: «Opari bat izan da Ziortzan astebetez giltzapetuta egotea». Hala ere, oztopo batzuk gainditu behar izan zituzten grabatzeko egoera egokiena lortu aurretik: Done Jakue bidean dago kolegiata, eta asko dira bertara hurbiltzen diren erromesak; Polo grabatzen ari zenean ere ezusteko entzule anitz izan zituen, eta, nahiz eta haiei denei eskertuta egon, eragiten zuten zaratak alternatiba bat topatzera bultzatu zuen. «Azken ofizioa bukatutakoan, giltza ematen ziguten, eta kandela baten argipean egoten ginen grabatzen».

Azkenean, hasierako oztopoek aberasgarri izaten bukatu zuten, gaueko giroak ere ekarpena egin dielako interpretazioei. «Soilik entzuten ziren kanpaiak, edota behiren baten zintzarri hotsa. Denak eragiten du: akustikak, obrak, instrumentuak... eta dena izan da positiboa». Baita, Polok berak azpimarratu zuenez, konpainia ere. «Musikariok sentiberak gara, emozio helarazleak, zaurgarriak. Garrantzitsua da norbere lanean konfiantza duen jendearekin lan egitea».

Elementu horiek guztiek ahalbidetu dute disko berriak, musikariaren hemeretzigarrena izanda ere, «mugarria ezarri» izana bere karreran, Polok adierazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.